Dokumentuaren akzioak
Bideoak
Ekora 2022 kate-dantza
Kate-dantza Arabako Errioxako Ekora herrian egiten den dantza da. Herritik kanpo hainbat taldek egiten badute ere, Ekoran bertan, herriko dantzariek eta bertako festa egunean nola egiten duten ikusi eta ikasteko aukera izan dugu. Bertzijanako Ama Birjina ermitatik parrokiara eramaten dute maiatzean eta abuztuan itzultzen dute; joan-etorri horietako prozesioan herriko dantzariek laguntzen diote kate-dantzarekin. Bertzijanako Ama Birjinaren kate-dantzak lau urrats nagusi ditu eta bideo honetan ikus ditzakegu zati bakoitzeko urratsak eta xehetasunak Rubén eta Nerea Fuidio dantzariek azalduta. Dantza inoiz galdu ez bada ere, 1990ean hasi ziren berriro herriko neska-mutilak segizioan dantzan Maribel Oritz de Zaratek xaxatuta. Amaia Jalonek eta Marian Gonzalez de Aialak gaztetxoak zirela ikasi zuten dantza eta ordutik parte hartzen dute festan. Ermitan, hilerrian, adinekoen taberna parean eta parrokia aurrean dantzatzen da kate-dantza maiatzean eta abuztuan geldialdi berberak egiten dituzte, baina alderantzizko ordenean. Irudiak: Amaiur Aristi. Ekora, Bertzijanako Ama Birjinaren kate-dantza, Ekora, 2022-05-14.
Dokumentuaren akzioak