Dokumentuaren akzioak
Bideoak
Oberena dantza taldea 1943
Espainiako gerra zibila (1936-39) bukatu ondoren antolatu zen lehen dantza taldeetakoa izan zen Iruñeko Oberena elkartearen baitan 1941. urtean martxan jarri zena. Lehen talde haietako gehienak Accion Catolicaren babesean antolatu ziren, eta Oberenakoa ere horrela bideratu zen. Maximino Aranburu izan zuen lehen zuzendari. Aranburuk, Errepublika garaian Euzko Gaztediarekin dantzatu zuen, eta beraz, 1941eko abuztuan Oberenan dantza taldea antolatu zenean dantza-eredu hari eman zion jarraipena.
Aranburuk, dantza taldeari Euzko Gaztediako errepertorioa irakasteaz gain, Nafarroako errepertorioa lantzeari heldu zion, Leitzako ingurutxoa, Lizarrako larrain-dantza, Olagueko esku-dantza, e.a. Oberenaren lehen etapa honen inguruko hainbat xehetasun jakingarri bildu zituen Mikel Aranburu Urtasunek bere aita zuen Maxi Aranbururi buruz idatzitako artikulu honetan: "La actividad folclórica de la juventud pamplonesa en la posguerra civil: el Oberena de Maxi Aramburu" (Jentilbaratz, 1997)
1943an hartu zituen Noticiario Documentalaren (NO-DO) kamarek Oberenaren emanaldi baten zenbait irudi. Euzko Gaztediaren errepertorioa ikus daiteke bertan: zahagi-dantza eta Durangaldeko ezpata-dantzaren makil-jokoa eta txotxongilo (makilekin bada ere) egiten ari direla ikus daiteke. Oberena dantza taldeak bere Youtubeko kanalera (OberenaDT) sareratua, Oberena dantza taldea, 1943.
Dokumentuaren akzioak