Dokumentuaren akzioak
tradizionala etiketa duten bideoak
Anberes 2019 ezpata-dantzak
Anberesko ezpata-dantzaren festako irudiak jaso ditugu bideo honetan. Aurten Antwerpeneko ezpata-dantzak 50 urte bete ditu. Modu berezian ospatu dute urteurrena, Europako beste zenbait ezpata-dantzarirekin batera dantzan. Ezpata-dantzaren Europako testigantza zaharrenetarikoak ditu Anberesek, XIII. mendekoak, eta hiri horretan bertan jarri zuen abian Renaat Van Craenenbroeck (1937-2001) ezpata-dantzen ikertzaile eta sustatzaileak 1979an Antwerpeneko ezpata-dantza Lange Wapper dantza taldearekin. Ordutik, urtero, garizuma erdiko asteburuan dantzatzen dute. Aurtengoan, ohiko emanaldiekin batera kanpotik etorritako ezpata-dantzak eskaini dira Anberesko katedralaren aurreko plaza eta hiriaren erdiguneko beste zenbait plazatan. Eskozia, Walonia, Flandria (Belgikako eta Frantziako administrazio eremuetan diren herrietakoak) eta Euskal Herriko ezpata-dantzariak gonbidatu dituzte festara. Euskal Herritik, Eibarko Kezka dantza taldeko musikariak eta dantzariak joan dira Arrateko ezpata-dantza eskaintzera. Irudietan, Anberesko eta Europako gainerako taldeek eskaini zituzten taldeen emanaldien zatiak. Talde hauek ageri zaizkigu dantzan: Teries in Tartan (Hawick, Eskozia), In de Kring (Dunkirk, Flandria), Compagnie Galouche (Queveaucamps, Walonia), Reintje Vos (Stekene, Flandria), Lange Wapper (Anberes, Flandria), Kezka dantza taldea (Eibar, Euskal Herria). Irudiak: Eire Vila. Ezpata-dantzak Lange Wapper taldearen ezpata-dantzaren 50. urteurrenean, Anberes, 2019-03-30 eta 31.
Dokumentuaren akzioak