Dokumentuaren akzioak
tradizionala etiketa duten bideoak
Lizarraga: San Adrian 2023 Zortzikoa entseatzen
Duela 17 urtetik Lizarragako (N) San Adrian jaietan zortzikoa dantzatzen dute herritarrek. Gogoan zuten garai bateko festetan zortzikoa dantzatzen zela eta inguruko herrietan ere dantza hau berriz plazaratzen ari zirela ikusita Lizarragan ere egin beharra zutela pentsatu zuten. Migel Nabarro (Lizarraga, 1957) eta Jone Agirre (Lizarraga, 1961) aritu ziren hasiera hartan dantzari forma ematen. Garai bateko musikaren partitura aurkitu zuten eta hortik abiatuta moldatu zituzten urratsak. Honela izendatzen dituzte dantza zatiak: alkate-dantza, barkiloarena, San Adrian, plaza-dantza, fandangoa, arin-arina eta kalejira. Pozik dira 2006an hasi zirenekin batera orain belaunaldi berriak ere ari baitira dantzan. Maria Imazek (Lizarraga, 2005) umetatik ikusi izan du zortzikoa plazan eta pixkanaka ikusiz ikasi eta entseguetara agertzen hasi zen. Azken asteetan larunbatero elkartu dira dantza birgogoratu eta entseatzeko eta ekainaren 17an kaleratuko dute iluntzeko 19:00etan. Irudiak: Maite Irizar. Zortzikoa entseatzen, Lizarraga, 2023-06-04.
Dokumentuaren akzioak