Dokumentuaren akzioak
rtv etiketa duten bideoak
Maria Rosa balleta 1977 Euskal folklorearen suitea
Maria Rosa eta bere ballet espainiarren Euskal folklorearen suitea emititu zen RTVEko La danza programan. 1977an estreinatu zen telebista programa hori, eta dantzari lotutako aldizkako saioak eskaintzen zituen. Dantza irakasle baten klasearen formatua zuen programak eta dantzak aurkezteaz gain, dantzen inguruko testuingurua ere azaltzen zien ikasleei. Pirinioetako folklorea izenburuko klasean Katalunia, Aragoi eta Euskal Herriko dantzak azaldu zituen. Bideo honetan jaso dugu Euskal Herriko atalari dagokiona. Irakasleak Zuberoako maskaraden kokapena egiten die ikasleei: Zuberoa Pirinio mendikatearen iparraldeko isurialdean kokatzen den eskualdea dela dio, une horretan frantses estaduaren menpekoa dena, "Euskalerriren ipar-ekialdean". Inauterietako dantzak direla azalduta, Maria Rosaren balleteko dantzariak agertzen dira. Bost aitzindariak banan-banan aurkezten ditu, eta, ondoren, dantzariek maskaradetako zenbait dantza egiten dituzte: arribada, gabota, satan-dantza eta godaleta. Ondoren ezpata-dantza aurkezten du irakasleak, eta lau dantzarik eskaintzen dute Gipuzkoako ezpata-dantza. Segidan, dantzarietako batek aurreskua, desafioa egiten du, eta laukoteak, berriz, banangoa egiten du. Bukatzeko, fandangoa eta arin-arin koreografiatuak egiten dituzte gizon-emakume dantzariek. Koreografiaren egile moduan Pilar Lopez (mugimendu koreografikoak) eta Iñaki Manterola (urratsak) aipatzen dira. Susmoa dugu Iñaki Gordejuela izan zitekeela aipatzen den Manterola hori, bigarren abizena horixe baitzuen Iñaki Gordejuela Manterolak. Irudiak: RTVE. Maria Rosa balleta, Euskal folklorearen suitea, 1977.
Dokumentuaren akzioak