Dokumentuaren akzioak
mungia etiketa duten bideoak
Lorenzo San Juan: San Pedro jaiak Mungian 1951
Mungian, San Pedro jaietan hartutakoak dira honako irudiak. 1951ko San Pedro egunekoak, ekainaren 29ko irudiak izan daitezke ziur aski. Festa eguneko kalejira eta dantzaldiez gain, Mungiako plazan dantza talde batek eskainitako emanaldiaren zenbait zati ikus daitezke irudi sorta honetan.
Mungiako musika banda agertzen da hasierako irudietan, buruan Eugenio Aranzamendi zuzendaria duela. Musika-bandako zuzendaria eta txistularia zen Eugenio Aranzamendi, eta Bakioko berriemaileek gogoratzen dute Eugenio, bere anaia Victor Aranzamendirekin batera, Bakioko festetan txistulari lanetan aritzeko kontratatzen zituztela garai hartan. Musika-bandaren kalejiraren ondoren dantzaldia ikus daiteke plazan, hainbat bikote lotuan dantzan ari direla.
Sorta honetako zati nagusian Mungiako eliza aurreko plazan dantza talde baten emanaldia ageri da. 1950eko hamarkadan Eusko Ametsa izeneko dantza talde handi bat izan zen Mungian, eta baliteke irudietan ageri dena hori izatea.
Dantza taldeak eskainitako hainbat dantzaren zatiak ikus daitezke irudietan. Saragi-dantzarako prest ageri da taldea, eta dantzarietako batzuk dantzari-dantzako zenbait urrats egiten dituzte. Ondoren Markina-Xemeinen egiten den erako zahagi edo saragi-dantza egiten dute. Mutilak saragi-dantzan ari diren bitartean, neskak, dantzarien inguruan panderoa jotzen ageri dira.
Ondoren neska eta mutil dantzariak elkarrekin Eusko-dantza izenekoa dantzatzen ageri dira. XX. mendearen lehen partean sortutako dantza da hau, frankismoan hainbat taldek eskaintzen zuena bere errepertorioan. Uztai txikien eta uztai handien dantzen zatitxo bana ageri dira segidan. Mutilak ageri dira uztai txikienaren jokoa egiten eta neskak uztai handiena dantzatzen. Hamabi dantzariz osatutako taldeak dira bietan.
Dantza-zati handiena San Migel ezpata-dantzari dagokiona da. Xemeingo Arretxinagako ezpata-dantzan oinarrituta Segundo Olaetak egindako aldaera da ikus daitekeena. Olaetak egindako ekarpenen adibide dira dantzari guztiak belaunikatu eta buruzagiak bakarrik aurreskuko urratsez egiten duen zatia edo bukaeran, buruzagiak parrillatik behera salto egin eta ustez borrokan ari diren ezpata txikietako bat hiltzeko keinua antzezten duen unea. Ez da salto hau ageri, baina bai bukaerako estanpa, dantzarietako bat lurrean hilda dagoen plantak egiten ageri dena.
Mutilek egindako makil-txikien dantza baten zati txiki baten ondoren neskek sagar-dantza egiten dute. 1927ko Saski-Naski ikuskizunerako sortutako sagar-dantzaren aldaera da.
Bizkaiko kostaldean hainbat erromeria eta dantza filmatu zituen Lorenzo San Juan bakiotarrak 1951 eta 1955 bitartean. Irudi horiek dantzari eta dantzazaleon esku jarri nahi izan ditu bere familiak eta atalka argitaratzen ari dira Dantzan-en. Bakio, Mungia, Lekeitio eta inguruetan festa, eztei eta erromerietan hartutako irudiak dira, soka-dantza edo aurresku, jota eta dantza taldeen emanaldiak erakusten dituztenak. Irudien testuinguruaz Dantzak eta erromeriak Lorenzo San Juanen grabazioetan sarreran bildu dira xehetasunak, eta baita bideo honen argibideak eta identifikazioak eskaini dituztenen izenak ere.
Lorenzo San Juan, San Pedro jaiak Mungian, 1951.
Dokumentuaren akzioak