Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

faustin-bentaberri etiketa duten bideoak

Donapaleu: Libertimendua 2023 Eskualdunak eta Sorginak

Burgaintzi dantza taldeko kideek Amikuzeko libertimenduan dantzaturiko Eskualdunak (00:00-01:05) eta Sorginak (1:10-02:15) dantza-jauziak jaso ditugu bideo honetan. Lehena, bi ilaratan elkarri begira kokatuta hasi eta bukatzen dute. Bigarrena hasteko dantzari guztiak bi ilaratan mantentzen dira, baina elkarri begira beharrean plazaren alde berera begira guztiak; eta alde horretara begira denek ilara batean bukatzen dute. Dantzan.eus-en jasota ditugu Burgaintzi dantza taldeak, baina 1989. urtean eman zituzten Eskualdunak eta Sorginak. Amikuzearrek zein luzaidarrek forma horretan plazaratzen dituzte bi dantza hauek.

Dantza-jauziak borobilean dantzatzea da ohikoena, baina bai Eskualdunak eta bai Sorginak lerroan dantzatzen dira. Izan ere, dantza hauek 1920ko hamarkadaren bukaeran moldatu zituen Faustin Bentaberrik oholtzarako. Migel Angel Sagasetak jasotzen du uste duela Sorginak Londresko Albert Hall antzokian estreinatu zirela. Zalantzagarria da estreinaldi data eta leku hori, izan ere Aritz Ibañez ohartu zen Dantzan.eus-en argitaratutako Frantisek Pospisil-en grabazio honetan ikus dezakegula (1:20 minutuan) Bentaberriren dantzariek jadanik dantzatuak zituztela bi dantza-jauzi hauek Ingalaterrara joaterako Baionan. Londreseko emanaldia 1927ko azaroan izan zen eta Baionako irudi horiek urte horretako apirilekoak dira, Baionako Euskal Museoak antolatutako Euskal Festakoak.

Sagasetak dio Bentaberrik Eskualdunak-en doinua bigarren eta bosgarren antrexatetatik hartu zuela eta Sorginak-ena, berriz, lehenengo eta hirugarren antrexatetatik. Sorginak, lauetan erdizka edo satan-dantza doinu berak dira. Aritz Ibañezek ohartarazi gintuen gure dantzetan erabiltzen den doinu hori Piotr Ilich Tchaikovsky-ren Itxaur hauskailua balleteko Haurren lauhazka-ren eszenan entzun dezakegula.

Irudiak: Amaiur Aristi. Eskualdunak eta Sorginak, Amikuzeko libertimendua, Donapaleu, 2023-02-26.

Dokumentuaren akzioak