Dokumentuaren akzioak
fandango etiketa duten bideoak
Añorga: Oilasko-biltzea 2023
Dagoeneko oilaskorik biltzen ez duten oilasko biltzaileekin hasten dira Añorgan Karmengo jaiak 2012tik. Zenbait urtean puska biltzeko ohitura utzia izan zuten, gaupasa egin eta goizaldean abiatzeko hitzordura gero eta lagun gutxiago animatzen zirelako. Ordutegi eta data aldaketak, ahoz ahokoarekin batera, biziberritu dute oilasko-biltzea. Aurten berrogeita hamar bat lagun aritu dira ibilbideko baserri, elkarte eta etxeetan fandangoa eta arin-arina dantzatzen, ordainetan nahi adina jan-edan jasota. Añorgatarrak, añorgatartuak edota Añorgan bizi ez diren auzotarrak elkartzeko duen funtzio sozial garrantzitsua aitortzen diote Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen jai-batzordeko antolatzaileek ekimenari. Arkaitz dantza taldeko kideek dantzan eskarmentu asko ez dutenentzako makulu-lanak egiten dituzte eta Erraz bertso-eskolakoek bat-batean aritzeko esparrua izaten dute. Trikitixarekin aritu da Joseba Jon Aranburu eta panderoan Naroa Arozena, Amaia Izagirre eta Lierni Otamendi. Eguerdiko kuadrillen arteko paella-jatearekin amaitu dute ibilbidea frontoian. Aurretik, Añorgako industria eta landa-eremuak zeharkatu dituzte: Pedro Jose etxe-taldea, Txarratain, Lindaberri, Manttalin, Bertan Goxo, Lukainkategi erretegia, Bidarte, Loiza, Txalaka, Zinkuentenario, Errekaldeko Elkartea, Karmengo Ama auzoa, Arzak, Jolas Etxea eta Gure Kabia. Irudiak: Gari Otamendi. Oilasko-biltzea, Añorga, 2023-07-08.
Dokumentuaren akzioak