Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

aitzineko-puntuak etiketa duten bideoak

Eusko Ikusgayak 12 Maskaradetako dantzak 1923

Atharratzeko Beñat Elgoienen dantza eskolako dantzariek Donostian eginiko Zuberoako dantzen emanaldia ikus dezakegu irudi hauetan. 1923an Donostiako II. Erakusketa Azoka antolatu zen egungo Mendeurren plazan. Irailaren 15etik 31ra bitartean egon zen zabalik eta irudi hauek bertakoak dira, irailaren 21ekoak, hain zuzen ere.

Dantzariak, bost aitzindari eta bi satanak, jendez inguratutako oholtza gainean ari dira dantzan. Izenburuak ageri dira irudiekin tartekatuta, baina askotan ez du bat egiten informazioak ondoren datozen irudiekin.

Tituluetan "Mascarada: Ibiltea. Marcha" iragartzen du, alegia, barrikadetara bidean egin ohi den ibilbideko urratsa, arribada izenarekin ere ezagutzen dena. Hala ere, lehen irudietan (00:05) bakarka ageri dira dantzariak, entseinaria lehenik eta satanetako bat ondoren. Irudiak hurrenkera aldatuta dutela dirudi eta beraz, bakarka ageri direnak barrikada haustea dantzatzen ari direla pentsa daiteke.

Ondoren (00:21) dantzari guztiak borobilean ageri dira, dantza-jauzi baten tankera duena egiten, lehenengo urraska eta ondorek jauzi handiagoak eskatzen dituzten urratsekin, beraz, izan liteke aitzina pika dantzatzea une horretan.

Tituluek iragartzen zuten "martxa" edo "ibiltea" izan daiteke aitzina pikaren ondoren (0:37) ikusten dena. Txerreroa aurretik dela arribadako puntuak dantzatzen ageri baitira dantzariak lerroan eta bata bestearen atzetik ordulariaren aurkako norabidean oholtza inguratzen. Isipu edo txerra daraman Txerreroaren ondotik Gathuzaina dator, artaziak behin eta berriz ireki eta batuz. Segidan datoz Kantiniersa, Zamaltzaina, bi Satan eta segizioa itxiz Enseinaria bandera dantzatuz. Behin oholtza inguratuta (1:08) Txerrero eta Gathuak barrikada hausteko puntuak elkarrekin dantzatzen hasiko dira, gainontzekoak atzean geldi geratzen diren bitartean.

Ondorengo (1:23) izenburuak “Mutxikonak dantza jaustia” iragartzen du, baina itxura du aurretik ageri Aitzina Pikaren irudi berberak, errepikatuta daudela hemen. Ostera, jarraian (1:39) ageri den izenburuak “Satan dantza” dio, baina jauzi bat dantzatzen ageri dira, eta izan liteke horixe izatea mutxikoak.

"Gabota" iragartzen du filmak (1:50) eta oraingoan badirudi bat datorrela titulua dantzarekin, itxura baitu gabota dantzatzen dutela zazpi dantzariek bi ilaratan kokatuta. Gabota borobilean ere ematen da, baina ohikoa lerroan egitea, batez ere, kasu honetan bezala dantzariak oholtzan direnean.

“Branle jaustia” adierazten du izenburuak (2:24), baina barrikadara arribatzeko paseoko irudiak dira ageri direnak berriz, eta segidan lerroan puntuak dantzatzen ageri dira aitzindarietako batzuk. Azkenik (2:44), "Godaleta dantza" aipatzen du tituluak eta godalet-dantza ageri dira dantzatzen dantzariak. Borobilean daude antolatuta eta erdian godaleta edo edalontzia ikus daiteke. Lau aitzindari klasikoak ageri dira godaletaren inguruan dantzan: Zamalzaina, Txerreroa, Gathuzaina eta Kantiniersa ageri dira. XX. mendean zehar Enseinaria aitzindarien artean ikustera ohitura bagara ere, garai batean ez zen aitzindarien artean sartzen. Edalontziaren inguruan Txerreroaren azken jauzia ikusten da eta Gathuzainak egingo dituen urratsetako batzukin bukatzen da filma.

Eusko Ikusgayak

Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:

 

Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu.  Donostia, Zuberoako dantzak, 1923-07-21. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma, Eusko Ikaskuntza.

Dokumentuaren akzioak