Dokumentuaren akzioak
Luzaideko Bolantak, kuxkulen itzala
Pasa berri da Bolant Eguna Luzaiden, eta festa eder horren inguruan 2013an Iurre Bidegain-ek egindako bideoa ikus dezkazeu hemen: Luzaideko Bolantak, Kuxkulen itzala. Pazko igandean ospatzen den festaren nondik norakoak agertzen dira bertan. 2013an bolanteen taldea 110 lagunek osatzen zutela aipatzen da, 4 urtetik 54 urtera bitartekoak. Bideoan Edurne Valencia, bolanteen dantza irakaslearen eta Idoia Hualde Bolanteen Batzordeko kidearen hitzak jasotzen dira, festaren antolaketaren ingurukoak. Besteak beste, goizean, bi taldetan antolatu eta batzuk Pertole auzora jotzen dutela eta besteek Pekotxetara aipatzen da.
Bolanteekin batera festan parte hartzen duten pertsonaiak ere aipatzen dira: zapurrak, Atxe eta Tupinak,zaldizkoak, gorriak, makilariak, bandelariak eta panpinak. Jantziak eta tresnak prestatzen egiten den lana ere ikusteko aukera dago. Adibidez, prakak apaintzeko alboetan jartzen zaizkien koloretako xingolak nola josten diren ikus daiteke bideoan. Irati Caminondok, makilarien makila artisauak berriz makila berezi horiek egiteko prozesua erakusten du. Fernando Alzon, Luzaideko alkateak, Luzaideko Bolantek 2012an Nafarroko Gobernuaren eskutik jaso zuten Kultur Interesaren Onuraren Aitortzaz hitzegiten du.
Egiten diren hainbat dantzen zatiak ikus daitezke bideoan: Azkaindarrak, Euskaldunak, kontra-dantzak, dantza-luze,... Azkenik, Atxe ta Tupinen jolasa ageri da. Atxe eta Tupinak hiru buelta ematen dizkiote frontoiari, gorriek babesturik. Hiru itzuliak bukatzerakoan, ausartenek osagarriak kendu behar dizkiete.
Etiketak
Dokumentuaren akzioak