Dokumentuaren akzioak
Andra Mari: Lizarrako larrain-dantza
Lizarrako larrain-dantza hau (gaur egun plaza gehienetan dantzatzen dena baino luzeagoa) Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak eskainitakoa da. Bertsio honek 15 minutuko iraupena du, eta Andra Marikoek azalpen hau ematen dute horri buruz: "Gaur egun, plaza gehienetan egiten dan Larrain-dantza askoz laburragoa izaten da; 7 minutukoa-edo. Zergatik? Gasteizen Falangearen inguruko entitate batek, "Educación y Descanso"-k, dantza txapelketa bat antolatu eta bertara aurkeztu ahal izateko, Beruetek berak, (Larrain-dantzaren berreskuratzaileak) erabaki ebalako Larrain-dantzaren atal guztiak dantzatzea baina atal bakoitza errepikatu barik, hau da, normalean dantzatzen zanaren erdia eginda. Zergatik? Txapelketaren oinarrien arabera, dantza bakotxak gehienez 7 minutu iraun behar ebazalako. Eta horixe da, errepikatu gabekoa, Euskal Herriko plazetan nagusitu dan Larrain-dantza."
Andra Mari dantza taldeak Francisco Beruete, Lizarrako dantza-maisuarekin ikasi zuen jatorrizko bertsio luzea eta horixe dantzatzen du bideo honetan. Andra Mari dantza taldea, Galdakao, 2010-09-14.
Dokumentuaren akzioak
Kaixo, lehenik eta behin izenburuari buruzkoa: nik uste geure dantzak mantendu eta erakusteko finagoak izan beharko ginatekela idazterakoan. Esan nahi dut: hasteko, ez da "Larraindantza" soilik, ez baita hori dantzaren izena; dantza berez "Lizarrako Larraindantza" da, eta pena bada ere, errepikatu beharreko izen-abizenak ditu, dantzatzen duen jende askok ez baitaki nongoa den ere. Bestalde, "luzea" abizen horrena, igual esan beharko genuke hori dela benetako dantza, eta bertsio
laburra
garai baterako konponketa egin zena besterik ez dela. Gehitu nahiko nuke ere, YouTubeko Lizarrako Larraindatzaren kanalean (http://www.youtube.com/bailedelaeraestella) badagoela Lizarrako Ibai-Ega Dantza Taldearen eta Lizarrako Gaiteroen bertsio ezinhobea, ikusi beharrekoa.Eztabaida polita litzateke "benetakoa" "autentikoa" hitzaren inguruan... Tradizioa dinamikoa bada, edo horrela ulertzen badugu... Zaharragoa izateak autentikoagoa izatea suposatzen du?. beste aldetik, jakin badakigu 1903an egiten zen larrain dantza hainbat zati ez zeudela (baltsa,adibidez), beraz, "benetakoagoa" litzateke Larrain dantza baltsa gabe egitea?... Ezatabaidagarria, zalantzarik gabe, eta eztabaida mamitsu eta luzea izan daiteke
Esango nuke ereduak ez direla osotasunean hartu eta erabiltzen, baizik eta interesatzen zaizkigun zatiak bakarrik "bildu" eta "erabiltzen" direla. Bakoitzak "hautatu" egiten du garai eta eredu bakoitzetik zer jaso nahi duen eta horrekin osatzen du berea.
Beste gauza bat da zer esaten dugun egindakoaz, nola kontatzen dugun, baina praktikan materialak handik eta hemendik bilduta "berregiten" aritzen gara. Urbeltz-ek, Levi-Strauss-i jarraituz, "bricolage" bezala izendatzen du jarduera mota hori, eta gure zeregina horixe litzateke ondorioz, "bricoleur" onak izatea.
"Bricoleur" onak beste batzuk baztertutako materialak jaso eta erabilera berriak ematen artistak izaten dira. Larrain-dantzaren berregite prozesuan albo batera geratu ziren zenbait material berrerabiltzea oso interesgarria iruditzen zait, eta "seriean" ekoiztutakoren ondoan, dantzatu, erakutsi, gozatu eta sustatzeko modukoa iruditzen zait.
Izena "luzea", "motza", edo "ertaina" jarri ez zait horrenbeste ajola. Lizarrakoek "Lizarrakoa" dela jartzea nahi badute, primeran, dantzakera hori baztertua baitute, eta hala ere, beretzat errekonozitzen dutela esan nahi baitu horrek.
Ulertzen ditugu Mikelue eta Izar esandakoak, eta zinez eskertzen ditugu ekarpenak. Aipatzen dituzuen kontu horiek ezagutzen ditugu, eta horregatik jaso dugu bideo hau, horren berri ematen duelako, baina izena jartzerakoan beste kezka batzuk ere izan ditugu buruan. Akaso ez dugu asmatu, baina aitortu behar dizuegu ez zaigula iruditzen kontu erraza. Aldaketak egin ditugu eta orain "Lizarrako larrain-dantza" jarri diogu izenburua (lehen testuan ere aipatua zegoen Lizarrakoa zela, izenburua laburra jartzeagatik ez genuen jarri). "Luzea" den aipamena ere kendu dugu izenburutik, baina badakigu horrek "gaizkiulertuak" eragin ditzakeela dantzarien artean, gehienek ez baitute Lizarrako larrain-dantzaren atzean dagoen historia ezagutzen.
Ezagutzen dugu Ibai-Ega eta Lizarrako Gaiteroek egindako lana (DVDa) eta Izar, uste dut benetan interesgarria litzatekeela lan horri segida ematea, eta oraingo larrain-dantza "laburraren" aurretik egiten zen larrain-dantza ere ezagutzera ematen ahalegintzea.
Ikusten dut gure erantzunek eztabaida ugari sortu dituztela... Denak izugarri interesgarriak nire ustez, eta baita erantzuteko zailak. Alde batetik aurrekoan esandakoak argitu nahi nituzke, gaizkiulerturik egon ez dadin: Patxik "benetako" eta "autentiko" hitzak aipatu ditu, baina niretzako ez dira gauza bera. Inoiz ez nuke esanen Lizarran dantzatzen degun Larraindantza "autentikoa" dela, musikari buruz hitz egiteko ez dut uste hitz egokia denik. "Benetakoa" esatean Lizarrakoa dela esan nahi nuen, Lizarran dantzatzen dena, eta beraz
benetako Lizarrako Larraindantza
, urteetan zehar hala ikasi eta mantendu nahi izan duguna (dinamismo naturalak aipatu beharrik gabe).Orain bai, dinamismoak aipatuta: guztiz ados nago dinamismoen kontu horiekin. Kultura dinamikoa da, bestela ez litzateke bizirik egonen, pertsonen antzera. Baina dinamismoak era desberdinean iristen dira ohituretara (tradizioetara) ala folklorizatutako kulturaren atal batzuetara (folklorismoa Josep Martík azaltzen duen erara erabilita). Eta bigarren kasua da gure dantzetan gehien errepikatzen dena, ez baitirekako herriak mantendutako dantzak, baizik eta herriko dantza taldeak mantendutakoak. Ala, nahiz dantza bizirik egon, dantza taldeek modu (nahiko) estatiko batean mantentzen dituzte, eta nire ustez oso elementu garrantzitsua izan da estatismo hori dantzak mantentzerako orduan.
Lizarrako larraindantzaren kasua, baina, Lizarrako beste dantzen kasuaren desberdina da, beti nire ustetan: herriak suita dantzatzen jarraitzen du, urtean zazpi egunetan besterik ez bada ere, eta orduan bai, aldaketa nahikotxo ematen dira koreografian... Horrek ez du esan nahi gaizki dantzatzen denik (gehienbat jendeak badakielako zer eta nola ari den egiten, goizeko ordubatak izanda), baizik eta momentu bakoitzak bere Larraindantza duela.
Gure dantzen eta kulturaren inguruan, ados Aritzek dioenarekin: garrantzitsuena, beti, protagonistek zer, nola eta zergatik egiten duten egiten dutena jakitea da. Gure buruarekin eta besteekin zintzo eta egiazalea izatea. Hori jakinda, bakoitzak nahi duena egin dezala!
Patxirekin bat nator ni. Esan daiteke hizkuntzekin hori gertatzen dela, zaharrena ontzat hartzen dela beti. Euskararen kasuan, Etxeparek idatzitako edozer egokitzat dauka Euskaltzandiak. Dantzarekin berdina egin beharko? Nahiko korapilatsua da batetik tradizioaren aldaketa dinamikoan sinestea eta bestetik historikoki heldu zaizkigun adibiderik "zaharrenak" kontserbatu nahi izatea.
Larrain-dantzaren kasuan, nik badakit ere zubia egiterakoan lehen gaiteroek musika neurtuta egiten zutela, erritmo batekin. Orain aldiz halako "ad-libitun" edo "rubato"-an jotzen da, danborrak erritmo bat ordez erredoble hutsa egiten duelarik. Zer da egokiena gaur egiteko, egiten dena edo lehen egiten zena? Edo hobe esanda, zein da benetakoa? Nik ez dut erantzun konkreturik, baina uste dut eztabaida interesgarria izango litzatekeela, noski.
Hortik hamaika adibide daudelarik, Larrain-dantzaren kasu honetan esango dut Iruñeko Gaiteroek gaita nafarra eta Julian Romano eta Lizarrako gaita tradizioa inbestigatu zutenean informazio asko jaso zutela. Ongi legoke haiei ere galdetzea.
Beraz, kriterioaren kontua da. Hau da, zein da eredu zaharrak ontzat hartzeko erabiltzen dugun irizpidea. Nere ustez, lehenagotasunak ezin du irizpide bakarra izan, baina aipatzen bada eredu bat bestea baino koerenteagoa dela, musikalki edo koregorafikoki osatuagoa..., Baina, horrelako gauzak esan daitezke modu objetiboan?.
Agian hoberena izanen litzateke eredu ezberdinak daudela ezagutzea eta onartzea, eta bakoitzak, dituen interesen arabera (erraztasuna, musikalidadea...), har dezan komeni zaiona. Horrek folkloreak duen aberastasuna islatzen baitu.
Julen, hizkuntza jarri duzu adibide eta niri gustatzen zait hizkuntza erabiltzea adibide moduan, baina beste modu batera planteatuta. Hizkuntzak tradizioak dira bai, eta etengabe bizi dute tradizio ororen tentsio bera: aldaketa eta zurruntasunaren artekoa. Ez da egia Euskaltzaindiak Etxepare-ren edozer ontzat ematen duenik. Iturritzat du, baina Euskaltzaindiak gaur egun egiten duen euskara asko aldatu da Etxeparek egiten zuenetik.
Hizkuntzak (eta dantzak) aldatzen doaz denborarekin batera, baina noizean behin aldaketa handiak gertatzen dira, eta beste batzuetan "atzeraka" saltoak egiten saiatzen gara. Arabako Laguardia herria adibidez, halako batean Euskaltzaindiak esan zigun Biasteri esan behar geniola euskaraz, eta horretara ohitu garenean, paper zaharrak aztertu dituztela eta etorkizunera begirako erabakia dela hemendik aurrera Guardia esan behar dugula. Eta gu txintxo-txintxo, historia eta etorkizuna biak uztartu nahian.
Dantzan ere antzera gertatzen da. Halako batean larrainetan egiten ziren erromerietako dantza guztiak suite batean batu eta larrain-dantza izena jarri zioten. Gerora, hasieran irekiago eta libreagoa zen dantza hori zurruntzen joan zen, eta halako batean eredu itxi eta zehatz bat adostu zuten zenbaitek. Baina, horren aurreko dantzatzeko moduak ere badira larrain-dantza, eta ez du esan nahi horrek beti zaharrena denik hoberena, baina bidean galdutako gauza interesgarriak (eta batzuetan, berriarenak baino hobeak) direnak berreskuratzea aberasgarria iruditzen zait zalantzarik gabe.
Gauza asko nahastu egiten doguz. Bizitza honetan gauzak ezin dira txarto egin, txarto egiten gabizela jakinda eta beraz, ondo zelan egin badakigunean. Alde batetik, gaur egun dantza talde gehienek txarto dantzatzen dabe Larrain Dantza. Ez dabe, hemendik asko entzun dan legez, dantza “normala” egiten. Baten bat normala izatekotan, zeuek “luzea” deitzen dotzezuena da, betikoa. Barkatuko nauzue baina orain esandakoa oso objektiboa da. Hala ere, horrela egin gura dala, aurrera, baina dantza talde eta dantzariak jakin deiela zergatik egiten dauen txarto eta zelan egin beharko leukeen ondo. Eta guzti hau ez da “kapritxo” edo kriterio kontue, geure folklorearen gutxieneko ezagutza bat izatea baino. Beste alde batetik, tradizioa dinamikoa dela edo dinamizatu behar dela irakurri izan dot maiz. Baina, zer da tradizioa dinamikoa izatea? Edozeinek bere gusto, idealen eta interesen arabera edozer egin leikeela? Oier Araolazak ondo dioen moduen, berriztu nahian astakeri handiek egin dira.
Sortu, dinamizatu, berriztu eta sarritan erabiltzea gustatzen jakuzen berbek konnotazioa aldatu dabe urteen poderioz. Lehen, sortu, dinamizatu eta berriztu modu natural batean egiten zan. Forma natural batean aldatzen zan, hau da, herriek urteen joan-etorrian onartutako aldaketak izan direla, ez pertsona zehatz batek momentu konkretu batean egindako aldaketak. Gaur egun danek babestu gura deurie euren burue berriztu, sortu edo dinamizatzen deuriela esanez. Herriak onartzen dauen aldaketa naturalaz gabizela, adibiderik garbiena dogu Larrain Dantzaren kasua. Sortu dauzen eta sortzen dabilen arazo guztiek ikusite, zelan izan leike bada, aldaketa naturala? Argia da egun batetik bestera egindako aldaketa izan zala (aldaketa derrigortua) eta Euskal Herriko dantza talde gehienetan hedatutako aldaketa bat izan bada ere, berriro diot, ez da modu natural batean emon. Horrexegatik gaude une honetan gauden lekuan gaudela. Eztabaida sakon eta arazo baten aurrean. Amaitzeko, hausnarketa bat ekarri nahiko nuke gogora, aspaldi gertatutako pasadizoa gogoratuz. Oroitzen dot plaza baten nengoanean, herrira etorritako dantza talde bat Zortzinangoa dantzatzen dauela, kriston hanka sartzea izan zauela pausu batean. Neuk, akatsa ikusi eta dantza maisu bati txarto egin zauriela esatean, hauxe da segidan jaso neban erantzuna: “ Hori ez da txarto egitea, erratzea baizik. Erratzea ez da txarra, gauza normala baizik. Txarto egitea da txarra. Eta txarragoa, txarrena alegia, txarto egiten zabizela jakinda, txarto egiten jarraitzea”
Aupa artista: jakin badakit izenburua intentziorik eta onenarekin jarri dozula, baina diñot nik: jakinda guzti hau, ikusitakoa Larrain-dantza izan beharko zan, eta, orain dantzatzen dana (gehienetan) Larrain-dantza (laburra). Zer pentsa badau ezta....
Hain konplikatuak dira gai hauek...
Nik esanen nuke gaurdaino heldu zaizkigun dantzak ez zaizkigula patroi berbera bati jarraikiz heldu. Batzuk, Mikeluek dioen bezala, modu naturalean eraldatuz heldu dira gaur egunera. Baina beste batzuk ez, moldatuak izan dira, helburu jakin batzuk tarteko. Eta horiek ere tradizionaltzat hartzen ditugu egun.
Esaterako, eta ez dut liburua osorik irakurri, baina Joxemiel Bidadorrek bere "Dantzaren Erreforma Euskal Herrian" liburuan hainbat eta hainbat dantzaren erreformatzaile aipatzen ditu, kasu batzuetan izen abizen eta guzti: Misiolari apostolikoak, idazle apologetikoak, nazionalismoa, eta hainbat autore: Larramendi, Mendiburu, Frai Bartolomé de Santa Teresa eta Iztueta bera.
Esaterako, Oier-ek duela gutxi Soka-dantzaren inguruko posta batean adierazten zuen nola dantza mota hori eraldatuz joan den denboran zehar. Batzuetan modu naturalean aldatu dira eta bestetan norbaitek hala bultzatuta, baina gero jendeak onartu, eta beren bidea egin dute.
Eta ados naiz, argi dago ez erratzeko modu onena horien guztien nondik-norakoak ezagutzea dela!