Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Getxoko XXII. Nazioarteko folklore eta dantza jaialdia
Herri ezberdinen ohiturak ezagutzea ezinbestekoa dugu beren nortasuna ulertu ahal izateko. Getxoko Nazioarteko Folklore Jaialdia ezezagunak zaizkigun musika, dantza, jantzi eta ohituretara hurbiltzeko aukera aparta da. Uztailaren 21etik 23ra, hiru gauetan zehar, musika eta dantza hiru ikuskizun eskainiko dizkiegu ikusleei. Hiru lurralde desberdinetatik etorritako taldeak arituko dira aurten: Euskal Herriko Itxartu Taldea, Portugaleko Areosako talde Etnografikoa eta Senegaleko Kora.
Bilbo Dantzan, Gaztediren 55. urteurrena eta Nazioarteko Folklore Jaialdiarekin Arriaga Plazan
Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak antolatuta, jaialdia datorren uztailaren 22an ospatuko da, Arriaga Plazan, 19:00etatik aurrera. Mallorkako Esclafits i Castanyetes eta Orenburgo Estatuko Abesbatza (Errusia) izango dira gonbidatuak.
Euskal dantza taldeak atzerrira
Urtero hainbat dantza taldek Euskal Herritik kanpoko jaialdetan parte hartzen dute. 2006an ere talde asko aterako dira eta dagoeneko joan, ibili eta itzuli dira batzuk. Beste batzuk datozen asteotan joango dira. Hungaria, Txekia, Beljika edo Argentina dira aurten dantza taldeek bisitatuko dituzten herriak. Katalunia aldera ere hainbat talde joango da 2006an.
Folklore Bizian Nazioarteko Jaialdia 2006
Datorren uztailaren 19tik 25era ospatuko da Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak antolatzen duen Folklore Bizian Nazioarteko Jaialdia. Txekia Ayfas taldeak eta Georgiako Foklore National Ensemble taldeek parte hartuko dute jaialdi horretan. Saioak Galdakaon, Sopelan, Ugaon, Sodupen, Usansolon, Orozkon eta Arrigorriagan izango dira.
Bidasoaldeko X. Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdia
2006ko Uztailaren 20etik 25era burutuko da Eraiki Dantza Taldeak antolatzen duen gazteen folklore jaialdia. Serbia, Sri Lanka, Georgia, Errusia eta Ibizako taldeek parte hartuko dute Euskal Herrikoekin batera. Irun, Zarautz, Lesaka, Etxalar, Zumaia eta Bera-ra iritsiko da aurtengo Bidasoaldeko gazteen folklore jaialdia.
Pirmin Treku hil da
Gaur goizean eman du azken hatsa Pirmin Trekuk, Royal Ballet-eko dantzari izan zen zarauztarrak. Umetan, gerra zibiletik ihesi iritsi zen Ingalaterrara eta Ninette de Valois-en eskutik baletean trebatuta Wells Ballet-era (gaur egun Londres-eko Royal Ballet dena) iritsi eta dantzari printzipala izan zen bertan. Portugalen 40 urtez bizi izan zen eta hamaika dantzari bikain sortu da Porton zuen eskolatik. Orain 3 urte itzuli zen Pirmin Treku bere jaioterrira, Zarautzera eta bertan hil da 76 urte zituela.
Festa berrien inguruko jardunaldiak
Eusko Ikaskuntzako Folklore Sailak “Festa berriak. Antzinako Folklorea eta Gaur egungo Ekintzak” izeneko jardunaldiak antolatu ditu Donostian datorren 2006ko urriaren 21erako. Festa ekitaldiak berreskuratze eta berritzeari eta beste batzuk sortzeko ahaleginak aztertuko dira jardunaldi horietan.
Dantz'Hadi 2006 Basusarrin
Bihar, uztailaren 12an, abiatuko da Basusarrin Xirimola elkarteak antolatutako Dantz'Hadi 2006 dantza tradizionalen jaialdia. Euskal dantzen ikastaroak izango dira goizetan Agnes eta Patxi Perez-en eskutik, eta bazkalostean dantzaldiak. Bi gauetan ere dantzaldiak izango dira Basusarriko plazan.
Algortako Iñaki Deuna VI. Jota txapelketa
Aurten ere, urtero bezala, Algortako Iñaki Deuna VI. Jota txapelketa ospatuko da Tellagorri plazan uztailaren 28an arratsaldeko 20:00etan. Hamasei urte baino gehiago dituzten bikoteek parte har dezakete txapelketan, eta trikitixaren doinura fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dute bikote guztiek.
Portugaleteko XXXII. Folklore Jaialdia
Datorren uztailaren 21ean abiatuko da Portugaleteko eta Euskal Herriko Nazioarteko XXXII. Folklore Jaialdia. Orenburgo, Kamchatka, Kroazia, Argentina, Vietnam, Txile, Togo eta Portugal-eko folklore taldeek parte hartuko dute Euskal Herriko hainbat txokotara iritsiko den jaialdian.
Dokumentuaren akzioak


