Dokumentuaren akzioak
Urbeltz AEBtan izango da hitzaldiak eskaintzen
Urriaren 20an Nevadako Unibertsitatean, Renon hitzegingo du Juan Antonio Urbeltzek. Urriaren 24an Kaliforniako Unibertsitatean arituko da, Bakersfield-en, eta urriaren 27an Boiseko Unibertsitatean. Hitzaldi sorta hau koordinatzeko lanetan ari dira John Bieter, Lisa Corcostegui, Steven Gamboa, Gloria Totoricaguena eta John Ysursa doktoreak.
NABOren Astero albistegian azaltzen denez euskal dantza eta kulturari buruzko ahots aitzindaria da Urbeltz, eta horregatik aukeratu dute euskal kulturari buruzko hitzaldi sorta hasteko. Dantzak prestatu, moldatu, aurkeztu eta ulertzeko moduan ekarri dituen aldaketen ondorioz, euskal dantzen iraultzan eragile nagusia izan dela dio astekariak Urbeltzi buruz. Juan Antonio Urbeltzekin batera Marian Arregi emaztea eta Mikel Urbeltz semeak parte hartuko dute hitzaldietan, musikari lanetan.
Urbeltzek bere ibilbideari errepaso azkar bat egingo dio. Goizaldin hasi ondoren, Argia taldeak ekarri zituen aldaketak eta euskal dantza tradizionalaren jarraipena bermatu eta berritzeko egindako lanen inguruan arituko da. Horrez gain, euskal dantzen jatorriari buruz garatu duen interpretazioa azalduko du.
Dokumentuaren akzioak