Dokumentuaren akzioak
Zer dira libertimenduak?
Dantzan
Dantzari, musikari eta zirtzilek herriaren itzulia eginda plaza hartu dute. Zapurrek, serio-serio, joko eremua markatu dute. Atzetik datoz banderariak, zigantak, basandereak... bolantak, zirtzilak, bertsolariak eta musikariak. Denak txandan ari dira plazan, bakoitza bere lekutik, dagokion tresna eta armekin.
Libertimendua inauteri garaian plazaratzen den artedrama da, bereziki Nafarroa Beherean eta Lapurdin ditu sustraiak, baina Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaira ere zabaldu da azken urteotan. Dantza, musika antzerkia eta bertsoa uztartzen dituena ekitaldia da. Antzinako formetan oinarritzen bada ere, gaur egun ezagutzen ditugun libertimenduek bestelako esanahiak eta funtzioak hartu dituzte.
Pizkundea, loratzea eta moldatzea
Azken bi hamarkadetan berpiztu dira libertimenduak; Antton Lukuren gidaritzapean Donibane Garazin hasi, eta Nafarroa Behereko eta Lapurdiko hainbat herritara zabaldu ziren, batez ere dantza, antzerki eta talde euskaltzaleen bultzadarekin. Berpizkunde horretan aurretik egiten ziren ekitaldietako zenbait elementu hartu ziren, baina zentzu berria eman zitzaien.
2006an berreskuratu zen Garaziko libertimendua, beraz, aurten justu 20 urte dira ordutik. Lukuk paper garrantzitsua bete du berpizte honetan, inauteri forma honen berreskuratzea bultzatu zuen, Garazikoa martxan jarri, eta horri eman zekiokeen funtzio berrien inguruko gogoeta egin zuen. Gaiari buruzko lehen artikuluak Dantzan-en argitaratu zituen 2006 urtetik bertatik aurrera: Libertimendua (2006), Santibate edo Martin beltza gogoan (2007) eta Zirtzilen estetikaz (2008). 2014an, berriz, Libertimenduaz egindako ikerketen bilduma sakona argitaratu zuen Libertitzeaz liburu mamitsuan, eta horren inguruan hitzaldiak eta aurkezpenak eskaini zituen han eta hemen. Hala nola, Dantzan Ikasin izan zen 2014 horretan, Dantzaren funtzio eta politikaz, Antton Lukuren begirada kronikan jasoak ditugu saio hartan mahai-gaineratutako kontuak. Liburuaren irakurketak eta erreseinek, gaurdainoko ikerketa lanen eta libertimenduen plazaratzeen soka oparoa ekarri dute.
Garai bateko libertimenduetan gizarte-gatazkak azaleratzen ziren, eta maiz garaiko moralaren ikuspegitik baztergarriak ziren zenbait jokabide —hala nola, alargunak berriz ezkontzea edo ezkondu aurretik haurdun geratzea— sozialki zigortu eta publikoki eskarniatzeko baliatzen ziren. Libertimendu berpizkundeak, ordea, alboratu egin zituen epai moral horiek. Horien ordez, belaunaldi tentsioak, gatazka politiko eta ekonomikoak, herri antolaketaren gorabeheraka eta gazteen ikuspegi zein kritikak hartu dute plaza. Gaur egungo libertimenduek ez dute jada pertsona jakinen kontrako epaiketa moralik egiten. Horren ordez, komunitate osoari eragiten dioten gaiak lantzen dituzte: etxebizitzaren arazoa, lan prekaritatea, turismoaren eragina, hizkuntzaren galera, instituzioen erabakiek sortzen dituzten ondorioak…
Libertimenduak jardun eta kultur adierazpen kolektiborako espazio dira: testuak idatzi, musika prestatu, dantzak landu eta jantziak sortzeko prozesuak komunitatea kohesionatzen du. Euskararen erabilera ere sustatzen dutela ikusi dute hainbat lekutan, euskararen aldarria egin ordez euskara tresna moduan baliatuz, kultura antolaketarako, negoziaziorako eta gatazketarako hizkuntza funtzional moduan baliatzen baita euskara libertimendutan. Gazteak mugiarazteko tresna eraginkorra izan daitekeela ikusita, inauteri eredu hau Garazitik Nafarroa Beherean eta Lapurdin (Donapaleu, Baigorri, Bunuze, Heleta, Luhuso, Hazparne, Baigura, Makea, Lekorne...) zabaldu ondoren Nafarroa Garaira (Iruñea), Gipuzkoara (Añorga, Astigarraga) eta Bizkaira (Markina) ere iritsi da.
Tokian tokian itxura eta izaera ezberdinak hartu ditu, pertsonaia eta dantza propioak ere moldatu dira; komunitate bakoitzeko behar, gaitasun eta nahien araberakoak. Beraz, jarraikortasuna ere gorabeheratsua da herrien arabera: batzuek urtero antolatzen dute, beste batzuek aldizkako etenak izan dituzte.
Epaia, kontrola, burla, eskarnioa
Egun ezagutzen ditugun libertimenduek antzinakoetatik edan dute, baina kontuan hartu behar da, orain ez bezala, XX. mendearen lehen partera arte egiten ziren gehienak gizarte-kontrolerako tresna bortitzak izan zirela sarritan. Bigarrenez ezkontzen ziren alargunak, adulterioak, ezkontzaz aurreko zein kanpoko haurdunaldiak edo zalantzazko aitatasunak salatzen eta zigortzen ziren libertimenduetan.
Halaber, boteredunen —alkate, epaile eta bestelako agintarien— jokabide ustelak edo apaizen jokabide immoralak ere jomugan jartzen ziren. Batzuetan injustiziak —zergak, isunak, soldadutza derrigortzeak— salatzeko baliatzen ziren; baina beste batzuetan familia edo bizilagunen arteko gatazketan —lur auziak, ondare banaketak— mendeku hartzeko ere bai. Jokabide sozialen kontrol tresna ere baziren: alkoholikoak, alperrak edo genero-rolekin bat egiten ez zuten herritarrak publikoki eskarniatzen ziren.
Horrenbestez, libertimendu zaharrak komunitatearen barne-ordenaren zaindari eta epaileren rola betetzen zuen, askotan modu garratz eta mingarrian.
Libertimenduaren triangelua: zirtzilak, dantzariak eta bertsolariak
Libertimenduen egituraren muinean hiru indar sinboliko deskribatu ditu Antton Lukuk: zirtzilak, dantzariak eta bertsolariak.
Zirtzilek neguarekin eta iluntasunarekin lotutako irudiak ekartzen dituzte: gaua, beltza eta hotza. Haien tresna nagusiak hitza, umorea, kritika eta zirtoa dira. Gaur egungo gaiak plazaratzen dituzte, betiere kritika soziala oinarri hartuta. Zirtzilen diskurtsoak dira ekitaldiaren ardatz dramatikoa, beraiek dira libertimenduetan azaleratzen diren gatazken ahotsa. Neguarekin eta iluntasunarekin lotu izan dira; negua geldialdiaren eta tentsio metatuen garaia da eta zirtzilek metatutako hori askatu egiten dute hitzaren bidez. Publikoari barre eragiten dio, baina barre horrek ezinegona ere sortu dezake. Ordena sozialaren ertzean kokatzen dira, arauak hausteko baimena duten figura gisa. Inauteri giroan, normaltasunaren arauak aldi baterako irauli egiten dira, eta zirtzilek espazio hori baliatzen dute esan ohi ez dena esateko.
Dantzariek, zirtzilen kontrara, argia, udaberria, edertasuna eta dotorezia irudikatzen dituzte. Jantzi zaindu eta koloretsuak jantzita dantzaren bidez harmonia eta ordena ekartzen dituzte plazara. Bolanten errepertorioa herriz herri aldatzen da, baina gehienetan tokian tokiko moldeetan aritzen dira. Nafarroa Beherean eta Lapurdin martxak, dantza-jauziak, makila-dantzak, dantza-kordak... dira ohikoenak.
Libertimendu askotan ageri da bukaeran bolantek zirtzilak kanporatzen dituzten partea. Erritmoaren eta koreografiaren indarrez, bolanteek zirtzilak atzera egitera behartzen dituzte. Pixkanaka, plazaren erdigunetik kanpora bultzatzen dituzte, askotan korrika edo dantza urratsekin lagunduta. Sinbolikoki, neguaren eta iluntasunaren garaia amaitzen ari dela, eta udaberriaren —argiaren eta edertasunaren— garaia nagusitzen dela irudikatzen dute.
Bertsolariek zirtzilen desordenaren eta dantzarien ordenaren arteko tentsioa uztartu eta orekatzen dutela esan daiteke. Umorea eta kritika erabilita, gatazken sintesia egin eta herriaren ahotsa ordezkatuz sozialki epaia ebaztera ere iritsi daitezke bertsoen bidez.
Libertimenduak irudietan
Hemen dituzue urte hauetan jaso ditugun zenbait libertimenduren laburpen bideoak. Libertimenduen iruditeria orokorra jaso dezaketenak aukeratu ditugu, baina gure bideo artxiboan libertimenduetako dantzak, elkarrizketak, prestaketak... jasotzen dituzten beste hamaika bideo dituzue ikusgai.
Dokumentuaren akzioak


