Dokumentuaren akzioak
Thierry Malandain: "Hemengo kulturak hunkitzen nau"
Dantzan
2014/09/11 16:45
Irailaren 7an argitaratu da Berrian Thierry Malandain-i egindako elkarrizketa. Maddi Ane Txoperenak bere ibilbideaz, dantzari buruzko ikuspegiaz, sorkuntzaz eta euskal dantzaz galdetzen dio besteak beste. Hona aipu nabarmen batzuk:
- Zer da dantza zuretzat? Niretzat, existitzeko modu bat da. Ez dakizu zergatik egiten duzun: existitzeko dantzatzen zara. Haurra nintzelarik, uste dut maitatua izateko dantzatzen nintzela. Oso pertsona lotsatia nintzen, baina taula gaina nire unibertsoa zen. Norbere burua agerrarazteko modu bat da dantza, agian.
- Dantzak loraldi handia izan zuen 80ko eta 90eko hamarkadetan. Gaur egun, ordea, bere buruaren bila dabil; norabiderik gabe. Badago korronte bat non-danse izena duena, non kontzeptuei ematen zaien lehentasuna, teknika duen jendeari eman beharrean. Gehiago interesatzen zaie taula gainean ezartzea dantzaria ez den jendea, dantzariak dantzaraztea baino.
- Maiz, klasikook oso pertsona itxiak izateko ospe txarra dugu, baina ez da hala. Nire zortea da Maitaldiari esker erakuts dezakedala oso irekia naizela. Gaur egun, nire hitza kontuan hartzen da, eta, luzaroan isilik egon ondoren, orain hitz egiten dut.
- Nola ikusten duzu dantzaren etorkizuna? Oso pozgarri ez. Dantza laguntzea erabaki politiko bat da. Zoritxarrez, beti dago instituzioen menpe, ezin baita dirurik gabe dantza egin. Dantzariek beti makurtu behar izan dute burua botere politikoaren aurrean, izan monarkia, errepublika ala demokrazia bat. Erabakiak goitik datoz, eta, txarrak baldin badira, ondorioak jasaten ditugu.
- Oraintxe bertan, gure balleteko aldizkarirako artikulu bat idazten ari naiz Koldo Zabalari buruz. (...) Haren hiletara joan nintzen, San Martin elizara, eta biziki hunkiturik atera nintzen: dantzariek meza bitartean dantza egin zuten, eta gero, kanpoan, aurreskua dantzatu zuten, hilkutxaren aitzinean. Euskal Herrikoa ez den dantzari batentzat, niretzat erraterako, emozio handiko momentua izan zen. Ez nuen egin ahal izan nuen negar guzia. Neure burua irudikatu nuen hilik, eta pentsatu nuen nirekiko: «Hildako dantzari batentzat, zoragarria behar du norbaitek zuretzat dantza egitea, nahiz eta hilkutxari dantza egin».
- Saiatu izan zara zure lanak euskal dantzarekin uztartzen? Hemengo kulturak hunkitzen nau, baina beti begiratu izan diot nolabaiteko distantziaz, ez naizelako euskalduna. Eta ez dut antzeztu nahi euskalduna naizenik. Eskaini izan didate koreografiaren bat asmatzeko euskal musikarekin, baina beti erran izan dut ezetz. Irrigarri geldituko nintzateke: Luis Marianoren opereta baten antza izanen luke. Hemen badago ni baino hobe egiteko gai den jendea.
Thierry Malandain: «Dantzak izan beharko lukeen horretatik erauzi dugu gizartea», Berria, 2014-09-07.
Dokumentuaren akzioak
Patxi Montero
2014/09/12 11:56
Bai erantzun zentzuduna, azken galderakoa!! Hobe hedatuago balego jarrera hori...