Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza munduan zer gertatzen den erakustea, arriskatzea izango dut erronka»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza munduan zer gertatzen den erakustea, arriskatzea izango dut erronka»

Thierry malandain, Maitaldiko zuzendari artistiko berria

Egilea
A. M.
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/08/31

•Zein ekarpen artistiko egin nahi diozu Maitaldiari, ardura hartu berritan?

Jaialdiaren aukera aniztasuna mantentzen jarraituko dut, baina uste dut ekarpen handiena koreografoa naizen aldetik egingo dudala. Hau da, dantza apreziatzeaz gain, zaletuak dantza munduan zer gertatzen ari den ikustea nahi dut, eta hori lan berriekin egiten da, arriskuarekin. Ohiturik ez gauden dantzak sartuko ditut, besteen artean.

•Ballet Biarritz-en eskaintzarik ez dago aurten Maitaldian. Zergatik?

Baletaren zuzendari naizen aldetik ez zait aproposa iruditu sartzea. Gehiegitxo iruditu zait, errespetu falta.

•Floridako baletak dakarren proposamenaren koreografoa zara. Zer ikusiko dugu?

Floridako baletak badu ohitura handia estilo anitzetan lan egiteko. Harriaren loreak koreografia berezia da, dantza mota asko nahasten dituelako. Ohikoa dudan dantza erakustaldiarekin batera puntak eta tutuak erakutsiko ditut, normalean Miarritzen eskaintzen dudan nire lanaz oso bestelakoa. Uste dut ikuslea harrituko dela nire lanarekin.

•Ballet Biarritz martxa onean da azkenaldian, berrikuntza askorekin. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Oso ona. Ia erdia berritu dugu, eta orain egokitze prozesu batean gaude, baina lan egiteko gogo handia dago, eta proposamen asko ditugu. Beldur apur bat ematen dit, haziz doalako eta erreferente delako. Era berean, hori da nahi duguna.

•Atzerrian emanaldi asko dituzue datorren urtean.

Bai, eskuin-ezker arituko gara. Emanaldien txanda da orain. Besteak beste, New Yorken, Floridan eta Moskun ditugu emanaldiak, eta sorkuntza bat dugu datorren otsailerako.

•Euskal Herrian den konpainia nagusiena da, indartsu dagoena gainera. Horrek lagun al dezake euskal dantzariak kanpora joan ez daitezen?

Bai, sasoian egotea oso garrantzitsua da. Azken audizioan euskal dantzari asko izan ditugu, batzuk kontuan hartzekoak, eta leku guztietan gertatzen den bezala hemen ere konpainia on bat izateak jendeari aurrera egiten laguntzen dio, kanpora joan gabe.

•Nola ikusten duzu Iparraldeko eta Hegoaldekoen artean harremanak lantzeko saiakera hasiberria?

Sentsibilizazio mailan batez ere badago lan asko egina, segitzen dugu garatzen bi aldeak gerturatzeko helburua. Euskal dantzetan kolaboratzeko xede bat dago Juan Antonio Urbeltz eta Claude Iretagoienaren artean, eta baletean Miarritzek asko lagunduko du etorkizunean.

•Oro har, nola ikusten duzu egungo dantza? Zein bidetatik doa?

Diru asko duten konpainia anitz norabiderik gabe dabiltza, presio handiarekin eta zer egin oso ongi jakin gabe. Aldiz, koreografoen esku utzi dituzten taldeak, berezko nortasuna erakusten dutenak, ari dira aurrera ateratzen. Globalizazioaren barruan euren esparrua landu dutenak.

Dokumentuaren akzioak