Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzak izan beharko lukeen horretatik erauzi dugu gizartea»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzak izan beharko lukeen horretatik erauzi dugu gizartea»

Thierry Malandain. Miarritzeko balleteko koreografoa

Maitaldia hasi aurreko egunetan, buru-belarri dabil lanean Malandain. Dantza estilo guziak maite eta errespetatzen ditu, baina klasikoan lan egiten du. Uste du aitzina egiteko beharrezko dela iragana oroitzea.
Egilea
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2014/09/07
Lotura
Berria

Thierry Malandain 9 urterekin hasi zen dantzan (1959, Petit-Quevilly, Frantzia). Parisko Operako balletean sartu zen 18 urte zituela, eta, horren ondotik, Rhineko eta Nancyko balletetan ibili zen. Ondoren, Temps Present konpainiarekin sei urte pasatu zituen Parisko eskualdean, eta beste sei Saint Etiennen. 1998tik Miarritzen lan egiten du, Malandain Balleteko eta koreografia zentro nazionaleko zuzendari gisa. Dantzari klasiko gisa, dantzaren ikuspegiak eta geroak kezkatzen du.

Zer da dantza zuretzat?

Niretzat, existitzeko modu bat da. Ez dakizu zergatik egiten duzun: existitzeko dantzatzen zara. Haurra nintzelarik, uste dut maitatua izateko dantzatzen nintzela. Oso pertsona lotsatia nintzen, baina taula gaina nire unibertsoa zen. Norbere burua agerrarazteko modu bat da dantza, agian.

Nola egin zenuen jauzi dantzatik koreografo lanera?

Ustekabean gertatu zen. Nik dantza egiten nuen, baina, oso pertsona aktiboa nintzenez, aspertu egiten nintzen. Egun batez, dantza aldizkari batean ikusi nuen bazela koreografia lehiaketa bat. Ez nuen sekula koreografiarik egin, baina pentsatu nuen: «Zergatik ez saiatu?». Ballet bat egin nuen, eta lehendabiziko saria lortu. Hurrengo urtean bertze lehiaketa batera aurkeztu nintzen, Suitzan, eta berriro irabazi nuen. Eta hurrengo urtean, lehiaketa berean, hirugarren aldiz.

Azkenean, nire dantzariek proposatu zidaten koreografo bihurtzea, eta hala gertatu zen. Nahiko eroa zen, nik 26 urte bainituen: dantzatzeari utzi, eta konpainia sortu nuen.

Hamabi urte pasatu zenituen Temps Present konpainian. Nolako esperientzia izan zen?

Abenturazaleak ginen, ezen oso diru gutxi baikenuen. Lehendabiziko sei urteetan, zortzi edo bederatzi ginen, eta sei bizi ginen etxe berean. Abentura epiko bat izan zen.

1998an etorri zinen Miarritzera, Frantziako Hezkuntza ministroak proposaturik.

Miarritzeko Udalak hemen finkatuko zen konpainia bat nahi zuen, eta Kultura Ministerioarengana jo zuen eskaera egitera. Ministerioak erantzun zien posible zela, ez baitzegoen koreografia zentro nazionalik Frantziako hego-mendebaldean, eta sor zitekeela eskualdea eta departamendua ados baziren.

Pixka bat bitxia da, normalean lehiaketa bat egiten baita halakoetan; alegia, ez da sekula inor izendatzen. Baina ni izendatu egin ninduten.

Nola hartu zenuen izendapena?

Oso ongi. Saint Etiennen oso ongi geunden, baina diru laguntzen aldetik mugatuak geunden; ezin ginen gorago joan. Gorago joateko, koreografia zentro nazional bilakatu beharra genuen, eta, Saint Etienneko eskualdean ezinezkoa zenez, ene hautagaitza proposatu nuen bertze leku batzuetan. Ministerioak bazekien leku bila nenbilela, eta, seguru aski, iruditu zitzaien Miarritze egokia zitekeela: ez dakit. Abentura horren inguruan inoiz jakinen ez ditudan gauza anitz daude.

Geroztik Miarritzen segitzen duzu. Zer moduz zabiltza?

Oso ongi. Etorri ginenetik, garatuz joan gara. 1998an, iritsi ginenean, hamabi dantzari genituen. Orain, irailean, 22 izanen gara: konpainia ia bikoiztu egin da hamasei urtean. Bestalde, emanaldi anitz egiten ditugu: denboraldi bakoitzeko ehun bat ikuskizun; oso ongi doa. Finantza aldetik zaila da, garai zaila baita jende guziarentzat, baina, aldi berean, bizirik jarraitzen dugu.

Sari anitz lortu dituzu. Horrek motibatzen zaitu?

Ez. Tira, bai, plazer egiten du. Baina nik, gero eta gehiago lan egin, orduan eta beldur handiagoa dut. Beraz, saria jasotzeko momentua atsegina da, baina... Azken finean, arazoa da sari bat egina edo bukatua dagoen zerbaiti ematen zaiola beti. Eta ni bihar eginen dudanak kezkatzen nau. Biharkoa gero eta beldur handiagoz egiten dudanez, azkenean sariak ez dit deus konpontzen.

Zeri diozu beldurra?

Ilusioa galtzeari, ez lortzeari eta oso zuzena ez den zerbait egiteari.

Baina jende anitz erakartzen dute zure emanaldiek; Errauskiñe-k, erraterako.

Arrakasta handia izan du ikuskizunak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (EOS) eman genuen, Versaillesen. Eta hurrengo ikuskizuna ere, Ederra eta piztia, EOSekin eginen dugu, eta Versaillesen berriro. Biziki ongi doa; kontent naiz. Egia erran, nik ez nuen Errauskiñe sortu nahi, baina behartua nintzen pixka bat.

Zergatik ez zenuen egin nahi?

Gaiak ez zidan gogorik ematen, eta ez nintzen Serge Prokofieven musikaren oso zalea. Baina, azkenean, estudioan erraz lan egin genuen. Urteak eta urteak ziren Errauskiñe sortzeko eskatzen zidatela, baina beti erraten nien ezetz. Kasu honetan, ordea, Versaillesko antzokian dantzatzeko aukera ematen zigun. Gaztelua eta antzokia ttipia nintzelarik bisitatuak nituen jada, eta benetan zoragarria da: urrea nonahi, margoak... Niretzat, ezin pentsatuzkoa zen han dantzatzea. Errauskiñe sortzea onartu nuen, nire konpainia han dantza zedin.

Zein gai maite dituzu?

Ez dago maite dudan gai anitz. Pixka bat konplikatua da horri erantzutea. Koreografo batzuek proiektu pila bat dute, baina nik horrenbesteko beldurra dut, ezen ez dudan proiekturik. Nahiago nuke balletak sortu ideia eta gogoa etortzen zaizkidanean, baina, zoritxarrez, dantza ez da horrela: finantzaketa lortu behar da, lekuaren apaindura eta jantziak anitzez lehenago prestatu... Hori da nekagarria: proiektu bat eduki behar da, eta proiektu hori urte bat edo urte eta erdi geroago egikaritzen da.

Nola ikusten duzu dantzaren eta dantzarien egoera?

Dantzak loraldi handia izan zuen 80ko eta 90eko hamarkadetan. Gaur egun, ordea, bere buruaren bila dabil; norabiderik gabe. Badago korronte bat non-danse izena duena, non kontzeptuei ematen zaien lehentasuna, teknika duen jendeari eman beharrean. Gehiago interesatzen zaie taula gainean ezartzea dantzaria ez den jendea, dantzariak dantzaraztea baino.

Zein arazo dakar horrek?

Kulturaren arazoa da, oro har, gizartearen eliteak originaltasun osoa lortu nahi duela. Eta, maiz, tarte handia dago elitearen eta gizarte osoaren errealitatearen artean. Adibidez, Zisneen lakua ikusi ez duen jendearentzat, oso zaila da gauza izugarri garaikideak ikustea, arrakala handiegia dagoelako. Ni ez nago gauza zailak bilatzearen aurka, baina joera izan da erratea gauza ikaragarri zail horiek soilik balio zutela. Azkenean, nire iritziz, kalteak eragin ditu pentsamendu horrek: dantzak izan beharko lukeen horretatik erauzi dugu gizartea.

Zer egin daiteke hori aldatzeko?

Bakoitzak lekua izan behar du. Luzaz erran izan didate egiten nuenak ez zuela izaterik; zaharkitua zela. Arrakasta handia nuen atzerrian, baina Frantzian zaila zitzaidan. Orain etorri zaigu ordaina: gaur egun, Frantzian, ez dago klasikoan lan egin nahi duen koreografo gazte anitz.

Klasikoaren aurka dago jendea?

Maiz, klasikook oso pertsona itxiak izateko ospe txarra dugu, baina ez da hala. Nire zortea da Maitaldiari esker erakuts dezakedala oso irekia naizela. Gaur egun, nire hitza kontuan hartzen da, eta, luzaroan isilik egon ondoren, orain hitz egiten dut.

Nola ikusten duzu dantzaren etorkizuna?

Oso pozgarri ez. Dantza laguntzea erabaki politiko bat da. Zoritxarrez, beti dago instituzioen menpe, ezin baita dirurik gabe dantza egin. Dantzariek beti makurtu behar izan dute burua botere politikoaren aurrean, izan monarkia, errepublika ala demokrazia bat. Erabakiak goitik datoz, eta, txarrak baldin badira, ondorioak jasaten ditugu.

Zein ondorio, adibidez?

Irakaskuntzako maila anitz jaitsi da Frantzian. Hemengo kontserbatorioetan helburua da amateurrak sortzea, hau da, dantza maitatuko duen jendea; ez dago anbiziorik. Talde batean dantzari profesional izan nahi duen haur bat baldin badago, bertze irakaskuntza mota bat bilatu beharko du, edo oso fite alde egin beharko du taldetik.

Frantziako egoeraz asko dakizu. Euskal Herrikoaz ere bai?

Oraintxe bertan, gure balleteko aldizkarirako artikulu bat idazten ari naiz Koldo Zabalari buruz. Pentsatzen nuen aste batez idatzia izanen nuela, baina badira hiru aste horretan ari naizela. Azkenean, euskal dantzaren historian murgildu behar izan naiz.

Uztailean zendu zen Zabala.

Haren hiletara joan nintzen, San Martin elizara, eta biziki hunkiturik atera nintzen: dantzariek meza bitartean dantza egin zuten, eta gero, kanpoan, aurreskua dantzatu zuten, hilkutxaren aitzinean. Euskal Herrikoa ez den dantzari batentzat, niretzat erraterako, emozio handiko momentua izan zen. Ez nuen egin ahal izan nuen negar guzia. Neure burua irudikatu nuen hilik, eta pentsatu nuen nirekiko: «Hildako dantzari batentzat, zoragarria behar du norbaitek zuretzat dantza egitea, nahiz eta hilkutxari dantza egin».

Saiatu izan zara zure lanak euskal dantzarekin uztartzen?

Hemengo kulturak hunkitzen nau, baina beti begiratu izan diot nolabaiteko distantziaz, ez naizelako euskalduna. Eta ez dut antzeztu nahi euskalduna naizenik. Eskaini izan didate koreografiaren bat asmatzeko euskal musikarekin, baina beti erran izan dut ezetz. Irrigarri geldituko nintzateke: Luis Marianoren opereta baten antza izanen luke. Hemen badago ni baino hobe egiteko gai den jendea.

Dokumentuaren akzioak