Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Josu Goia, Berako dantza eta kultura dinamizatzaile nekaezina hil da

Dokumentuaren akzioak

Josu Goia, Berako dantza eta kultura dinamizatzaile nekaezina hil da

2018/11/06 10:35
Josu Goia, Berako dantza eta kultura dinamizatzaile nekaezina hil da

Josu Goia San Esteban jaietan txistua jotzen, Bera, 2014-08-03. Argazkia: OIer Araolaza-Dantzan CC-BY-SA

Dantzaria, musikaria, abeslaria, idazlea, eskultorea, politikaria... Dantzan, kulturan eta herrigintzan, orokorrean, dinamizatzaile nekaezina izan da Goia. Azaroaren 3an hil da Josu Goia Etxeberria (Bera, 1947). Herriko dantza taldean aritu zen gaztetan eta gerora ere irten izan da plazara dantzara. Txistularia izatez gain hainbat musika tresna jotzen zituen, abeslari ere aritu zen. Berako elizako organo-jolea eta herriko musika bandako zuzendaria izan zen.

2006an, Berako Gure Txokoa elkartearen 75. urteurrenean, herriko dantzari eta dantzari ohiek erakustaldia eskaini zuten. Ekimenaren akuiluetako bat izateaz gain, plazan ere dantzatu zuen Goiak. Horrez gain, herriko dantzarien inguruko datu bilketa hasi zuten, ordura arte Berako dantza taldean ibilitako pertsona guztien datuak jasotzea izan zuten helburu.

Herriko dantza eta tradizioen bultzatzaile izan da Goia. 1980ko hamarkadan, frankismo garaian galdu ziren, Glin-Glan eta Iñude eta Artzainen ohitura berreskurapenean ibili zen. Ordutik, Beran, Gabon Zaharretan haurrek puska-biltzea egiten dute eta Ostegun Gizen egunean Artzain Inudeak irteten dira dantzara. 2009an, berriz, San Esteban egunean bandera-dantza egiten hasi ziren. Goiak azaldu zuen, garai batean korpusetan herriko lau lekutan dantzatzen zela bandera. Ohitura hori oinarri hartuta, herriko festetan alkateak bandera-dantzatzeari ekin zion.

Mutil-dantzetan emakumeek dantzatzearen aldeko jarrera agertu izan du, beste hainbat ohituretan emakumeak parte hartzen hasi diren bezala, mutil-dantzetan ere hala behar duela zioen, pentsamenduan eboluzionatzea jakinduria dela.

Politikagintzan ere ibilbide luzea izan du; Herri Batasuneko lehen mahai nazionaleko kide, Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkide eta Egin eta Gara egunkariko Administrazio Kontseiluko partaidea izandakoa da. Berako alkate ere izan zen Euskal Herritarrokekin, hiru legegintzalditan zinegotzi aritu ondoren.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.