Dokumentuaren akzioak
Jesus Pomares, dantzari, ikertzaile eta dantza sustatzaile iruindarra hil da
Iruña taldean eta San Lorentzoko Danzanteen Kofradian lan handia egindako Jesus Pomares Espartza hil da Iruñean 61 urterekin. Dantza tradizionalen alde mende erdiz ibilbide oparoa eta ondare aberatsa utzita zendu da Pomares. Dantza tradizionalaren historiaren maitale eta ezagutzaile handia, erritualen, artisautzaren eta jantzigintzaren alorrean egindako lanez gain, tradiziozko forma eta erritual koreografikoak berreskuratzen egindako ekarpenak nabarmentzen dira bere ibilbide luzean: San Lorentzoko dantzariak eta seikoen dantzak horien artean.
San Lorentzoko dantzarien kofradia
Iruña taldean eta Euskal Dantzarien Biltzarran buru-belarri hainbat urtez jardun ondoren, 1997an, Iruña taldearen 25 urteurrena ospatzeko, Jesus Pomaresek hainbat dantzari heldu batu zituen, XVII. eta XVIII. mendeetan Iruñean ohikoak izan ziren dantzari taldeen erako dantzari-kuadrila bat antolatzeko. San Lorenzoko Danzanteen Kofradia izango zenaren lehen emanaldia eta sorrera izan zen hori, ordura arteko dantza taldeen ereduarengandik guztiz bereizten zena, eta dantza tradizio zaharrak XXI. mendera begira jarri zituena.
Seikoak eta Corpus Christi
Iruñeko Katedralaren laguneko elkarteko presidentea izan da zenbait urtez Pomares, eta horren babesean Iruñeko zenbait erritual koreografiko berreskuratzen jardun du. Ekarpen horietako bat Iruñeko Seikoak izan dira, XVI. eta XVII. mendeetako tradizioa, sei mutil-koskorrek egiten zituzten dantza bereziak, Pomaresen ekimenez eta Peio Otanok prestatutako dantzari gaztetxoek eskaini izan dutena Iruñeko Katedralean.
Iruñeko Corpus festaren errituala, garai batean hain aberatsa izan zena, berriz hornitu eta dantzaz apaintzeko ahalegina ere egin du Jesus Pomaresek. Iruñeko katedralean bertan, Inuzente egunerako Obispilloaren tradizioa ere berreskuratu zuen. Elizako kanpaiak jotzeko arduraduna ere izaten zen Pomares.
San Lorentzoko dantzarien parte-hartzeaz gain, "danzanteen" eredura berregindako beste talde batzuk, Bilboko turkoen konpartsa adibidez, prozesio horretan parte hartzera gonbidatu zituen, eta zaldikoa ere berreskuratzen jardun zuen.
Tradiziozko osagai guztien ezagutza sakona izanik, jantziek erritualetan zuten garrantziaz ohartuta horien ezagutzan eta berreskuraketan lan handia egin du Jesus Pomaresek, eta egoitza Iruñeko alde zaharrean zeukan Nuevo Barroco dendan hainbat dantza talde eta proiekturen jantziak eta osagarriak prestatu dituzte.
Dantzaren historia aztergai
San Lorentzoko Danzanteen Kofradia 2006an egituratu zen, eta ikerketa eta dibulgazio lan oparoa egin du ordutik kofradia horrek, buletinaren eta webgunearen bidez, eta bertan aritu da Pomares, bai koordinazio taldean, bai zuzendaritzan ere. Batez ere Dantzariak aldizkarian eta San Lorentzoko dantzarien buletinean argitaratu dira Jesus Pomaresek dantza tradizionalen inguruan idatzitako hainbat lan interesgarri. Hona horietako batzuk:
Dantzariak aldizkarian
- Moises Elizaga gaiteroaren inguruko artikulua Dantzariak 11 zenbakian (1979)
- Otsagabiko dantzen inguruko artikulua Dantzariak ext - Txistulari 141 aldizkarian (1991)
- Agoitzeko dantzari balentziarren inguruko artikulua Dantzariak 54 aldizkarian.
San Lorentzoko Danzanteen Buletinean
- Iruñeko erraldoien sortzailea nor izan ote zen aztertu zuen San Lorentzoko danzanteen lehen buletinean (2011).
- Muskildako (Otsagabiko) dantzarien inguruan idatzi zuen bigarren zenbakian (2012).
- Corteseko paloteadoa eta bere testuingurua izan ditu aztergai buletinaren laugarren zenbakian (2013).
- Lizarrako larrain-dantzaren inguruko artikulu zirikatzailea idatzi du San Lorentzoko danzanteeen buletinaren 4 - 5 zenbakian (2015). Dantza natural eta espontaneoa zena nola mugatu eta zurrundu zen aztertzen du lan honetan.
Horiez gain taldean (EDB de Navarra sinatuta adibidez) sinatutako zenbait lanetan ere ekarpen garrantzitsuak egin zituen, eta adibidez Tuterako Gaiteroek EDBrekin elkarlanean Cortes eta Monteagudoko dantzei buruz argitaratutako diskaren testuak idazten ere parte hartu zuen.
Azken agurra
Jesus Pomares Espartzaren hileta elizkizunak bihar, uztailaren 4an, 19:00etan Iruñeko San Saturninoko elizan egingo dira.
Dokumentuaren akzioak