Dokumentuaren akzioak
Gaizka Barandiaran hil da
Danzas de Euskalerri izenarekin argitaratutako lau liburuak izan dira bere emaitza oparotik gehien ezagutzera eman direnak, baina horiekin batera aipatzekoak dira sorgin-dantza, Luzaideko dantzak edo Iztuetaren inguruko hainbat artikulu, Homeroren ILIASena liburuaren euskarazko itzulpen aitzindaria eta Gaizkak berak ohore handitzat zuen The New Grove of Music entziklopedia garrantzitsuan euskal musikaren artikulua idatzi izana.
1916ko martxoaren 3an jaio zen Salvador Gaizka Barandiaran Oñatin. Hamabi urte zituela Durangora joan zen jesuiten ikastetxera eta Jesusen Konpainiaren eskutik hamaika herritara eramango zuen ibilbideari heldu zion. Belgikako Tournain jarraitu zituen Durangon hasitako ikasketak, gero Marneff-en izan zen, eta Lillen egonaldi labur bat egin ondoren, gerra zibilak kolpatuta zegoen Euskal Herrira itzuli zen. Oñan egin zen apaiz 1947an.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen Gaizka Barandiaran 1961an, izan ere, ordurako bukatua baitzuen ILIASenaren euskarazko itzulpena. Israelgo kultura ondareari buruzko ikerketetan sakondu ahal izateko Austriako Innsbruck hirian hiru urte egin zituen. Egonaldi horretan folklore gaietan adituak ziren zenbait ikertzaile ezagutzeko aukera izan zuen, Karl Horak besteak beste. Hainbat hizkuntza ikasi zituen Gaizka Barandiaran-ek. Euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, alemana, latina, grekoa, hebreera zekizkien eta katalana eta errusiera ere ikasten jardundakoa zen.
1967an Innsbruck-etik Donostiara itzuli zen eta dantzaren inguruko ekitaldien antolaketari eta ikerketei gogo-betez heldu zien. Nazioarteko jardunaldien antolaketa, EDBren hegoaldeko atalaren abiatzea, eta hainbat dantzari buruzko deskribapenak eta interpretazio sinbolikoak jorratu ditu. Horiek denak jesuiten ikastetxeetan izan dituen irakasle lanak eta apaiz lanekin uztartu behar izan ditu, eta bere buruari lanerako ezarritako diziplina handiari esker burutu ahal izan ditu. 1992an jubilatu zen eta Donostian bizi izan zen Loiolara joan zen arte.
2005eko maiatzean omenaldia egin zitzaion Donostian Txistulari Elkartearen eta EDBren eskutik. Horren harira Gaizka Barandiaran-en inguruko zenbait artikulu eta elkarrizketa argitaratu ziren komunikabideetan eta bereziki Txistulari aldizkarian.
Gaur, uztailaren 21ean, arratsaldeko 19.00etan izango dira hileta elizkizunak Loiolako Basilikan.
- Irakurri hemen Gaizka Barandiarani 2005eko maiatzean Txistulari aldizkarirako egindako elkarrizketa.
- Bere biografia labur bat hemen.
- Gaizka Barandiaranek idatzitako lanen bibliografia.
Dokumentuaren akzioak