Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Gaizka Barandiaran Lanez lepo, baina dantzarako beti prest

Dokumentuaren akzioak

Lanez lepo, baina dantzarako beti prest

Gaizka Barandiaran - Biografia laburra

Oier Araolaza, 2006/01/29.

1916ko martxoaren hiruan jaio zen Salvador “Gaizka” Barandiaran Oñatin. Bi urte zituela gurasoak Arrasatera joan ziren bizitzera eta han hazi zen, Mentu baserrian.

Hamabi urte zituela Durangora joan zen jesuiten ikastetxera eta Jesusen Konpainiaren eskutik hamaika herritara eramango zuen ibilbideari heldu zion. Beljikako Tournain jarraitu zituen Durangon hasitako ikasketak, gero Marneff-en izan zen, eta Lillen egonaldi labur bat egin ondoren, gerra zibilak kolpatuta zegoen Euskal Herrira izuli zen. 1938. urtea zen, Durangotik Oñara bidali zuten, eta handik Bartzelonara iritsi zen. Gerra bukatzean Oñara itzuli zen. 1941tik aurrea Xabierren ikasketak osatzen jardun zuen, eta Durangon hasitako dantza zaletasuna sendotzeko aukera izan zuen. Hiru urteko egonaldiaren ondoren Oñara itzuli zen Gaizka eta bertan egin zen apaiz 1947an.

Ikasketak bukatuta eta apaiz, hamabost urtez Tuteran izan zen Aita Barandiaran, jesulagunen ikastetxe batean irakasle lanetan eta eta inguruko hainbat herritan predikatzen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen Gaizka Barandiaran 1961an, izan ere, ordurako bukatua baitzuen ILIASenaren euskarazko itzulpena. Israelgo kultura ondareari buruzko ikerketetan sakondu ahal izateko Austriako Innsbruck hirian hiru urte egin zituen. Egonaldi horretan folklore gaietan adituak ziren zenbait ikertzaile ezagutzeko aukera izan zuen, Karl Horak besteak beste.

1967an Innsbruck-etik Donostiara itzuli zen eta dantzaren inguruko ekitaldien antolaketari eta ikerketei gogo-betez heldu zien. Nazioarteko jardunaldien antolaketa, EDBren hegoaldeko ataleran abiatzea, eta hainbat dantzari buruzko deskribapenak eta intrepretazio sinbolikoak jorratu ditu. Horiek denak jesuiten ikastetxeetan izan dituen irakasle lanak eta apaiz lanekin uztartu behar izan ditu, eta bere buruari lanerako ezarritako disziplina handiari esker burutu ahal izan ditu. 1992an jubilatu zen eta Donostian bizi izan da Loiolara etorri den arte.

Ikasketak direla eta batzuetan, ikasketak direla bestetan, eta han eta hemen bizi izan den tokiengatik ere bai, hainbat hizkuntza ikasi ditu Gaizka Barandiaran-ek. Euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, alemana, latina, grekoa, hebreera dakizki eta katalana eta errusiera ere ikasten jardundakoa da.

Emaitza oparoa

Hamaika lan argitaratu ditu Gaizka Barandiaranek gaurdaino. Folklore alorreko lanak nabarmentzekoak dira, baina filosofia, estetika, historia, hizkuntzalaritza, itzulpengintza eta beste hainbat alor jorratu ditu. Danzas de Euskalerri izenburupean argitaratutako lau liburuak dira ezagunenak euskal dantzaren zaleentzat, baina horiekin batera kontuan hartu beharrekoak dira han eta hemen argitaratutako hainbat artikulu.

Gaizka Barandiaran nondik norakoak eta emaitza hurbilagotik ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du Josemari Velez de Mendizabal-ek idatzitako Gaizka Barandiaran. Bere bizitza eta lanak liburua. Gaizka berarekin hainbat elkarrizketa egin ondoren eta haren inguruko dokumentazioa aztertuta osatu zuen biografia Velez de Mendizabalek. Horrez gain zenbait Gaizka Barandiaranen ekarpenek folklore alorreko adituengan eragin dituen iritziak eta bibliografia osatua eskaintzen ditu. Aipatzekoa da baita ere Emilio Xabier Dueñas-ek Dantzariak aldizkarirako 1990ean egindako elkarrizketa.