Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Gaizka Barandiaran Gaizka Barandiaran:"Ikasi nuen lehenengo aurreskua Durangon izan zen"

Dokumentuaren akzioak

Gaizka Barandiaran:"Ikasi nuen lehenengo aurreskua Durangon izan zen"

Ongi etorri irripartsua egin digu Gaizka Barandiaranek Loiolako santutegian. Jesulagunen etxearen pasiloetan barrena lorategietara pasa gara. Ez da toki txarra hau bizitzeko. Loiolara erretiroa hartu zuen Aita Gaizka Barandiaranek, eta orain, irakaskuntza eta abade lanetatik aske, maite dituen idazlanekin betetzen du eguna.

 Txistulari 202. zkia.

Oier Araolaza, 2006/01/27.

Dokumentu osagarriak:

2005-05-31_GaizkaBarandiaran-Loiolan_020-200p.jpg
Disziplina alemaniarra duela ohartarazi digu atea ireki digun jesulagunak. Izan ere, bere bizitzan argitaratutako liburu eta artikuluekin lan eskerga egin badu ere, idatzi nahi zituen guztietarako denbora faltak penatzen du. Eta hala ere, besteak beste, euskal folklorea eta dantzei buruz luze, zabal eta zorrotz idatzi duen autorea da Gaizka Barandiaran. Bere obraren zabaltasuna aipatu diogu, eta zama horri ihesi egin nahirik paperera bideratu nahi izan gaitu. Koldo Mitxelena liburutegian bere izenean daude lanen zerrenda daukagu eskuetan. 41 erreferentzia ageri dira hor, folklore alorreko lanak batipat. Baina Gaizkak zerrendan ageri ez den lan bat aipatu nahi digu, New Grove of Music, musikari buruzko hiztegi entziklopediko bikainean “Basque Music” izenburupean argitaratu zena.

Gaizka Barandiaran: Honetaz ez du inork hitzegin, “Basque Music”, aspaldi egindakoa da. Guztira 29 tomo dira, McMillan etxeak argitaratu zuen New Grove of Music hiztegia. Laura Macyk, hiztegiaren editoreak eskatu zidan artikulua idazteko, liburuak bidaltzeko, eta ez dakit zenbat gauza. Lehenengo musikak jarri nituen, gero dantzak ere jakina, eta oso pozik hartu zuten. Liburuak ere bidali nizkien, Iztuetaren liburu bat ere eraman nion.

  • Oñatin jaio zinen eta bi urterekin familia Arrasatera aldatu zen, baina dantzan eta musikaren inguruan zaletzen Durangon hasi omen zinen…

Hortxe ikasi nuen bai. Ni hamabi urterekin eraman ninduen Joseba Markiegi apaizak, —gero fusilatua izan zen— Durangora. Hor zegoen Aldekoa-Otalora nire ikaskidea, Iurretakoa, eta hori hasi zen erakusten. Eta horrek jarri zuen dantza pilo bat eta han sartu nintzan. Hor dantza hortan izan nintzan ikurrinduna. Banakoa, binakoa, eta horiek... Durangon dantza horiek askotan egin nituen, zortzi bat dantza dira, txontxongilloa, eta denak, banan-banan denak ikasi nituen, eta ondo, nahiko ondo egiteko behintzat. Horrela hasi zen nire dantza, durangaldeko dantzekin.

Durangon lagun min bat izan nuen, Elgoibarkoa, Antonio Azpiazu. Fubolari oso ona zan, aukerakoa, eta jakina, ni ere futbolaria nintzan, eta horrekin bere laguna egin nintzan. Horrek behin egin zuen bere aurreskua, ni ez nintzan egon, baina Durangon egin zuen txistulariaren aurrean eta txistulari horrek azkenean, oso piztuta, txapela kendu eta bota zuen goraka, izugarria, pozik zegoen. Nik hori jakin nuen, eta batez ere jakin nuen bazakiela, aurreskua. Bizkaiakoaren antzeko pitin bat zeukan, eta orduan ikasi nion berari aurreskua. Ikasi nuen lehenengo aurreskua horixe izan zan. Durangon askotan izan zan gure dantzaldia, eta denetan ateratzen nintzen, jakina, ikurrinakin, besteak makurtuta zeudela gainetik pasaz.

  • Antonio Azpiazurekin ikasitako aurresku horretan, irakurri izan dizut grabilleta oso polita egiten zuela .

Grabilletia zen ezker oineko puntan jarri, eta gero rond de jambe. Horrekin egiten zuen molinete esaten zuena, grabilletia. Berak egiten zuen egundoko abiadan. Inoiz ez det ikusi holako grabilletarik. Nik hori egiten asmatu nion, bere bezala nahi nuen, eta orduan aztal hauek oso minduta geratzen zitzaizkidan. Baina berak oso ondo egiten zuen, biribil, eta horrekin bukatzen zuen bere aurreskua, indarka batean. Eta horrek eragiten zuen izugarrizko inpresioa. Horrela ikasi nuen, baina jakina, hori ondo egiteko askotan egin behar da,...

  • Durangaldeko dantzari dantza eta aurreskua ikasi zenituen beraz Durangon...

Beste dantza bat ere ikasi nuen han. Aita Azpiazu zuen izena, bergatarra, nagusitxoa zen, eta horrek ekarri zuen makil-txiki dantza. Bat, bagenekien, baina horrek bere taldeko bat ekarri zuen. Eta han ikasi genuen hori ere. Eta denbora aurrera-aurrera, eta behin ere ez nuen entzuten, eta gero nagusitan, galduta zegoelakoan, hasi nintzen hori idazten, banan-banan gauzak zehatz jartzen. Baina halako batean Donostiako Konstituzio plazan, han zeuden dantzari batzuek, nik ez nekien nondik zetozen, eta halako batean entzun nuen musika, “hara, hauxe da ba nire dantza”, eta joan nintzen arineka, eta antzuolatarrak ziren. Poztu nintzen, aurrera egiten du honek!

  • Durangon hasi zinen beraz dantzan. Gero Xabierren jarraitu zenuen.

Xabierren hiru urte egin nituen, eta han mutikoekin dantza talde bat egin nuen. Dantza talde horrek ikasi zituen zortzi bat dantza. Oso pozik etortzen ziran ikastera, giroa itxia zen, denok zer edo zer nahi, eta denek nahi zuten dantza.

Aurkitu nuen txistu zahar bat, hartu nuen eta ikasten hasi nintzen, besterik gabe, ikasteko. Baina gero, dantza taldea nuenean, eta gainera, hango ikastetxeko jaiak zetozenean, norbaitek jo behar zuenez txistua, horrelaxe ikasi nuen ordurako. Hango dantzetan neronek jotzen nuen. Gazteak oso ondo gertatuta zeuden. Ondo egiten zuten, nik ez nuen izan gehiago esan beharrik. Txistua jo eta horiek dantza.

2005-05-31_GaizkaBarandiaran-Loiolan_024-300p.jpg

  • Aurkitutako txistuarekin hasi zinen beraz txistulari.

Nik txistua baneukan, baina danbolinik ez, eta hango nagusia, azkoitiarra zen eta behin etorri zitzaidan eta danbolin polit bat ekarri zidan. Danbolin horrek nola bukatu zuen esango dizut. Han bazen txistulari bat, Anjel Lekue, bizkaitarra. Nik uste dut, Gallartako txistularia zela, udaletxekoa. Baina sartu ziren betikoak eta honi ostiko bat eman eta bota zuten bere alabakin handik kanpora. Etorri zen Tuterara. Eta Tuteran danbolina jotzen zuen, horrela jaten ematen zioten, baina edaten gehiago ematen zioten. Lehenbizi etxe batetik bota egin zuten, eta juan nintzan etxe hartara eta esan nion andreari “zu, zer izan da gure txistulariana”, eta esan zidan “nere etxea da eta horren beharra nuen”. Hurrengoan kendu zizkioten txistua eta danbolina, txistua eman zioten baina danbolinik ez. Orduan neronek eman nion danbolina, neurea, eta horrekin jarraitu zuen. Horrela ibili zen urte batzuetan, eta hil zen, eta hor daukat horretaz bere argazki eta hango egunkari batean atera zena. Berak barre eder bat zeukan, eta barre horrek esan nahi du beti pozik zebillela eta herria pizten ari zela. Ondoan jarri nuen nere iritzia.

Nik txistua jotzen nuen baina besteak baino hobeto ez. Euskal dantza guztiak ikasi nituen eta txistua dantzetan ondo jotzen nuen, orduko eran. Alardeetara joaten nintzen, txistulariekin egoteko, eta txistulari horiek entzutera joaten nintzen,

  • Xabierreko ikasleekin dantza taldea antolatu zenuen.

Zortzi bat dantza egiten zituzten eta nik txistuarekin laguntzen nien. Igande goizetan jeikitzerakoan, nik txistua jotzen nuen. Mutikoek esaten zidaten “jo txistua, jo txistua, pozik egoten gera gu”. Bestela, hango bizitza nahiko iluna zen, erregelekin eta arauekin, txistua entzun eta poztu egiten ziren, eta nik txistua joten nien igandero.

Opor egunak etortzen ziren, etortzen ziren, sartzen ziren han dantzan, eta besterik ez zuten pentsatzen. Zergatik zen hori? Mutil horiek giro itxi hartan zer edo zer, berezitasun bat aurkitu zuten, eta pozik etortzen ziren. Pazkoetan, opor egunetan etortzen ziren eta bi ordutan jo ta ke aritzen ziren, oso ederki. Batez ere bat izan nuen oso ona. Naparra zan, gero jesuita sartu eta Venezuelan dago. Ez dakit zer zeukan mutiko horrek, baina bere dantza fiña, dotore-dotorea, zuzen-zuzen, ederki baina ederkiago egiten zuen horrek. Beste batzuk ere bai, beste batzuk arintasuna zeukaten. Horrelako bat izan zen Altuna, Patxi Altuna.

  • Xabierren zeundela ezagutu zenuen Maxi Aranburu.

Goiz batean, hotz handia zegoen, ni jaitsi nintzen eta banekien han dantza talde bat etorri zela, ez nekien zein dantza-talde. Pilotaleku ondoan, bazter batean hasi ziren dantza egiten. Hor nagusia Maxi Aranburu zan. Frankoren mendean horrek eraman zuen Oberena talde hori, eta igandero joaten zen Nafarroan herri batera, eta han egiten zuen lan handia. Hori izan zan gure kulturaren seinale bat, ia bakarra, horrek egin zuena.

Xabierren ikusi nituen lehenengo aldiz Otsagiko dantzak, eta dantza politak ziren. Bobok bere bular aurrean eramaten zuen poltsa bat, eta hor poltsan sartzen zituen makilak Geroago lan luze bat egin nuen horri buruz, zazpi tomo. Nik beti ikusten nuen Jesukristo Jainkoaren eskuin aldean dagoela, eta nik esaten nuen, horrek sinbolismo handia dauka, izugarria dauka. Horretaz egin nuen lan bat.

  • Beraz, sinbolismo hori luze eta zabal aztertu zenuen.

Hebrearretan ikusten da apaiz nagusiak bi makil zituela. Bi makil horiei eragin eta bat irteten zen. Makil horiek zuten izena, Aleph, lehenengo konsonantea da, eta Tau, azkena. Aleph, lehenengoa irteten bazen, horrek esan nahi zuen baietz. Tau irteten bazen ezetz zen. Dabid erregea, apaiz nagusiarekin ihesi zebilen, eta halako herritxo batean, Keila edo zen. Bildu ziren, eta Dabid-ek galdetu zuen: “herri horretan gure etsaiak izango dira nagusi, eta gu hil nahiko gaituzte?” Aleph atera zen, baietz. “Eta hor ezin gintezke egon, oztopoak izango ditugu?”, eta “bai, oztopoak izango dituzu”. Eta azkenean, “larri ibiliko gera hor?” Eta baietza. Orduan biek ihes egin zuten. Bi makilekin egin zuten hori dena.

Beste batzutan ezpatekin egin izan da. Nabucodonosorrek bi ezpatekin egin zuen. Oso polita da hori ere. Gurutze bat zen. Batetik joaten zan Jerusalem-era, eta bestetik beste herri batera. Hor ez zekin nondik jo. Ezpatakin egin zuen Nabucodonosorrek. “Nora joango naiz?” esan zuen, Jerusalem-era irten zen. Hori makil horiekin, Aleph eta Tau, baietz eta ezetz. Hiru urte egin nituen Innsbruck-en lan hori egiten eta zazpi tomo egin nituen sinbolismo horretaz, dena euskaraz.

  • Gerora ere berriz idatzi izan duzu Otsagabiako dantzei buruz.

Batez ere, gero egin nuen Otsagabiako dantzak nondik datozen. Erromatarren gauza da. Hor, Muskildan dagoen guzti hori basoa da, eta basoan gero halako egoitza bat, eta hor bizi ziren denak batera, eta hortik ateratzen dira dantzatzeko. Oso polita da hori. Zuhaitz ederrak ziren, baina lau zuhaitz jartzen ditut. Erromatarrek zeukaten nagusi Jupiter eta bere zuhaitza zen artea. Gero hartu nuen Erromako historia, hor daude Marteren dantzariak. Lupercal, harpe bat zen eta hor bizi ziren, eta honek horren antza dauka. Luze egin nuen horretaz azken liburua. Eman diet norbaitzuei. Hori argitara eman nuen Mitxelena zentroan.

  • Zuk egindako lehenengoetako ikerketa lana Uztarrotzeko ingurutxoari buruzko izan zen?

Hori izan zan lehenengo-lehenengo dantza. Erronkarin egoten nintzen askotan. Hango berri banekien. Halako batean izan nuen Uztarrotzeko dantzaren berri eta joan nintzen hara. Galdetu nuen, hango neskatxek uste dut dantza egiten zutela orduan, eta bati hartu nion Uztarrotzeko dantza hori. Musika hango beste bati hartu nion. Lehehenengo-lehehengo argitaratu nuena horixe izan zan.

2005-05-31_GaizkaBarandiaran-Loiolan_026-300p.jpg

  • Danzas de Euskalerri liburuetako batean dantzak deskribatzeko Laban notation sistema azaltzen duzu, baina gero ez duzu sistema hori erabiltzen liburu horietan.

Eslabiar batzuk atera zuten nola hitzegin dantzaz, eta nola idatzi hori zabaltzeko. Orduan irten zen metodo bat oso ona, onena zen orduan. Hori zan Laban notation. Baina zaila zen. Nik zerbait nahi nuen. Baina ikasteko latza izan zen. Utzi egin nuen, oso zaila zen! Orduan neu hasi nintzen neure kabuz, hartu musika, eta nota bakoitzari zer zegokion, idatzi eta horrela egin nuen. Dantza batzuk egin nituen. Nik esaten nuen orduan “hau gorde egin behar da. Eta bihar edo etzi galduko bada, behintzat honekin, norbaitek dantza zerbait baldin badaki hau aterako du”. Horrekin jo nuen, lan hori egitera. Baina gero etorri ziren bideo horiek eta esan nuen, hau askoz hobea da, eta utzi egin nuen. Laban notation oso zaila zen.

  • Batere dantzarik idatzi zenuen Laban notation-ekin?

Dantza askatua eta arin-arina nituen idatzita. Behin etorri zitzaidan Navajo herriko alaba bat. Hori gasteiztar batekin ezkonduta zegoen, baina etorri zen beste bazter batetik, Estatu Batuetako bazter batetik. Berak bazekin Laban notation. Eraman zituen dantza askatua eta arin-arina, eta hortik irakurri, eta laban notation-ekin jarri zuen dantza hori. Horrekin irabazi zuen irakaskuntzarako tituloa. Lucile Arsmtrong-ek ere ondo ikasi zuen dantza askatua. Askotan etortzen zen Donostiara, oso maite zuen hau eta hemengo dantzak.

  • Euskal Dantzarien Biltzarraren lehen urratsetan parte hartu zenuen.

Neu juan nintzan Gobernadorearengana, eta aurrean neskatxa bat, idazkaritzakoa izango zen, eta esan nion Gobernadorearekin hitzegitea nahi nuke, hor daukagu “una asociacion de dantzaris”. “¿Asociacion? ¡El gobernador no puede ni oir esa palabra!”. Baina eskatu genuen. Eta urtebete ondoren etorri zan, baietza. Baietz hori hartu genuen, eta hasi ginen lan horretan, Euskal Dantzarien Bitzarrean.

Goiizaldikoekin, batez ere, asko hitzegin nuen. Albillos Goizaldiko dantzariari hartu nion zer egiten zuten. Goizaldi horrek oso ondo gorde zituen dantza gipuzkoarrak. Horrekin atera nituen, ikasi nituen hango dantzak nola ziran. Dena idatzita jarri nuen.

  • Nazioarteko Folklore Jardunaldiak antolatzen lan handia egin zenuten.

Jornadas Internacionales de Folklore antolatzen hasi ginen 70. urtean. Neronek deitzen nien arrotzei. Etortzen ziren pilotxo bat. Oso onak nahi ntuen, baina esaten zidaten urte asko zituztela eta ezin zirela etorri, orduan ahal nuena, etortzen ziran eta polita izaten zen.

Ni Innsbrukc-en egona nintzan, eta han Carl Horak-ek esan zidan ehundaka bildu zituela dantzak. Biak etorri ziran, andrea eta gizona. Eta hango dantzak, nik han ikusi nituenak ere egin zituzten, eta jendea oso pozik egon zen ikusten. Polita izan zen.

Beste batean etorri zen Gurit Kadman israeldarra, emakumea, horrek ikusi eta ikasi nahi zuen, baina ez zekien erderaz, eta pena hartu zuen, esaten zuen “ez dut gauza asko atera hemendik”. Beste bat bulgariarra etorri zan. Eta halako batean, han nenbilela, biak kalean etorri zitzaizkidan, eta harrituta bezela, “zu, esan digute zu apaiza zerala”, “bai, apaiza naiz”, eta “`predika, eta aitortzak, eta horrek danak egiten dituzu?”, “dana egin dut orain arte eta orain ere bai”.”Eta hortaz, gainera, hemen sartzen zara lan hauetan”, “bai, horixe egiten dut”. Bulgariarrak esan zidan bera zala “pope” baten alaba. Eta horrek esan zidan, “eta zuk bedeinkapenak ematen dituzu?”, “bai, emango dizut”. Bera poztu zan “oraintxe nahi dut”, eman nion nere bedeinkapena, latinez esan nion, oso erraza zan. Gero konturatu nintzen lasterregi ibili nintzela, horiek pentsatuko zuten bedeinkazio grekeraz egingo nuela, eta banekien ere grekeraz, baina horixe ez nuen egin eta min hartu nuen. Baina pozik geratu zen.

Joan zan etxera eta idatzi zidan zorionak eta ez dakit zenbat gauza esaten. Nik nahi nuen idatzi eta hango berri izan eta jarraitu. Baina lanpetuta negoen, hori ere galdu nuen, oso pozik idatziko nion baina ezin, klaseak 40 urtez jo ta su, eta besteek ez zutena nahi ere nik hartzen nuen, eta larri ibili nintzen. Baina nire klaseak bukatu eta zuzen-zuzen nere gelara beti. Mahaian gertu neukan nere lana beti, eta hor idazten, idazten, idazten. Horrela atera nituen 41 liburu. Grekerazkoa, Aristotelez, adibidez oso zaila zen,… Gero beste lan bat ere Egiptoko zuhaitzen sinboloa, eta horrekin batera hango jainkoena eta animali batzuek, horrek denak idatzita ditut tomo handi batean.

  • Jardunaldien bidez nazioarteko adituekin harremanak egiteko aukera izan zenuen.

Gurit Kadman israeldarrak ikusi zuen pittin bat aurretik han Goizaldik egin zuen dantza. Jakina, dantza horiek erritualak dira, oso ondo egin zuten, serio. Eta horrek ikusi zuen hori eta “zu, halako seriotasun hori zergatik? Dantza halakoa da edo abertzaletasunak eginda?” Danak ixilik. Inork ez zuen ezer esan. Nik esango nuen, “ba bietatik”, baina ni ere ixilik, hor nagusi nintzen eta ni ere konturatu nintzan “hemen poliki ibili behar da”.

Lucille Armostrong-ek behin Londrestik idatzi zidan gutun bat, gordeta dut, oso polita, begira-begira egoten zela, eta nik egindako lan bat Iztuetari buruz entzun zuela, eta oso ondo esan zuen. Esaten zidan “nahi nuke zu hona etortzea nere etxera, eta astebetean batez ere jakin dut zuk dituzula liburu batzuk idatzita, eta hor zuhaitzen sinbolismoa…” Baina esan nion “baina euskeraz daude” eta orduan atzeratu egin zen. Eta jakina, ondo etorri zitzaidan, ni hara joateko ez nengoen eta, baimena eskatu behar, eta… oso zaila izaten zan. Horrelaxe geratu zan.

  • Antolaketa lanak ez ziren errazak izango.

Nirekin ondo portatu ziren aurrezki kutxak. Hor ibiltzen nintzen dirua eskatzen, urtebetean 30.000 edo. Horrekin nik ordaintzen nituen horien bidaiak, eta gero han egoten ziren bi egunez. Noizbait, joan nintzen eta aurrezki kutxa izan beharrean bankua izan. Nire lagun handi bat zan. Eta horrek eman zidan 5.000. Eta horrek esan zidan “bankuak ez dira hortarako eh”. Nik esan nuen, “bueno, hanka sartu dut baina ondo etorri zait”. Kanpotarrak etortzen ziren eta ikusten zuten hemen Goizaldi, oso onak ziren.

  • Lehendik ere ibilitakoa zinen dantzaren inguruko antolaketa lanetan ezta?

Iruñeara etorri ziran dantzari pila bat 1953. urtean inguruan. Hori Iruñeko udalak eratu zuen Biarritzekin batera. Nahi zuten norbait horiek han zeuden bitartean, horien buru bezala, eta apaiz-gai etxean eskatu zuten. Nik frantsesez banekien, eta haiek “ba hauxe da gizon egokia horretarako, dantzatan ere badaki eta”. Hautatu ninduten horretan egoteko. Zaila izan zen. Gure aldetik ezetz. Beraiek bi ziren, zinegotziak, nere lagun handiak egin ziren gero, “baietz, eta baietz” jotake ibili ziran, eta azkenean hara joan nintzen. Bi egunez han egon nintzen gobernadoreak zer edo zer nahi bazuen deitzen zidan, eta esaten zidan “halako talde hori, halako herrira ekartzea nahiko genuke”. Esaten nien, eta hara joaten ziren

  • Ethnomusicology aldizkariarekin ere jardun zenuen harremanetan.

Ethnomusicology hartzen nuen, Indiana University Press-ekoek bidaltzen zidaten eta etorri ziran Iruñeara hango dantzariak etorri zirenean, eta hor ere, batzuek esan zidaten harremanak nahi zituztela, eta jakina, nik ez nien ezer esan. Ezin nuen lana eraman. Lan piloa neukan, hainbeste klase eta eman dut. Nahi zuten neronek zerbait idaztea, baina nik ezin nuen. Urtero Ethnomusicology aldizkariaren nagusia hautatzen zuten, eta horretarako bidaltzen zidaten hegazkinez gutun bat, eta bertan, neronek Yes jarri nahi nuenari. Nik bidaltzen nuen jakina, baina beti pena handiz horiei gehiago ez egiteagatik. Geroago bidali nizkien nire Iztuetaren lanak, denak batu nituen, eta jarri nuen “Iztueta” eta esaten nuen “adelantado de folclore europeo”. Egia zen hori, egia zen. Iztueatren inguruk lanak bidali nizkien, baita filosofiakoak, “metafisica de la danza”. Baita gizon-dantza ere. Hor esangura asko dago. Agurra adibidez. Euskalduna, hain motza da gauza horietan, eta hor agurrak bata bestearen atzean. Eta baita estetika ere. Iztuetaren estetika.

Hor gauza batzuk oso politak, oso ederrak esaten nituen. Bat zen, txistularia, bakarlariaren ondoan egon behar dela eta berak hor ez du agintzen. Hor agintea dantzariak dauka. Dantzaria astiroago badoa, besteak jakin behar du astiroago joaten. Mendean egon behar da, ondoan, oso polita da hori. Hor esaten dut dantzaria dela dena, besteak ez dira ezer. Dantzariak atera behar ditu, berak, baita iztuetak jarri zituen 12 edo 14 dantza urratsak. Horietatik bakoitzak berak gertatzen zuen onena, dantzari horrek, batzuetan astiroago. Eta hori zen bere estetika, eta estetika araua ere oso polita zegoen.

2005-05-31_GaizkaBarandiaran-Loiolan_028-400p.jpg

  • Nola sartu zinen International Folk Music Councile-an?

Hor bateronbatek galdetu zuen euskal dantzari buruz zer edo zer. Han zegoen Oihanburu, eta horrek ondo hitzegin zuen. Nik ere hartu nuen hitza, eta gipuzkoarrak eta bizkaitarrak aipatu nitueen. Gipuzkoarrak ondo jarrita, eta zehatzak eta doiak direla esan nuen. Howard Schultz-ek esaten du hain zehatzak eta doiak direla oinen egoera horiek, baleta hortik jaio zala. Horretan ere ibili gara, balet pausoak, eta pas de basque, round de jambe, tour on l’air, jira osokoak.. horiek berdinak direla, eta hor zerbait bilatzen ibili gara baina ez dugu aurkitu ezer. Beauchamps-ek Luis XIV.aren garaian, eguzki erregea, bere aldean bildu zituen hamairu gazte, eta jarri zuten lehenengo baleta. Hor ibili ginen ea zer edo zer agertzen zan, eta ez zan agertu.

Orduan nik hitzegin nuen, eta han zegoen Miss Maud Karpeles, International Folk Music Councile-ko nagusia zen, zahartxo bat zen, eta horrek entzun zidan, eta berehala esan zidan “sartu zaitez gure elkartean”, ba ezetz ez esatearren sartu nintzen. Etorri zen 56. urtea, eta Stuttgart-en antolatu ziren jardunaldiak. Hara joan ginen, eta nik izan nuen han hitzaldi bat. Hitzaldia zan aurreskuari buruz. Gauza txiki batzuk eraman nituen, argazki edo diapositiba batzuk, hitzegin nuen jakina, gero aurreskua egin nuen, eta baita txistua jo. Horra etorri ziran laurogei gizon, foklorezale, eta hoiei hitzegin nien frantsesez, han ibili ziren jesuita batzuk, alemaneraz ea egingo nuen, eta azkenean ez zen egon denborarik, baina bestela alemanez hitzegingo nien. Baina hango jendeak frantsesez hobeto ulertzen zuela uste nuen eta frantsesez hitzegin nuen.

  • Zer moduzko harrera izan zuen Stuttgart-eko jardunaldietan dantzatu zenuen aurreskuak?

Danak hor egon ziren begira. Bukatu zen hori eta han etorri zitzaidan Afrikako bat, Ghana-koa, eta esan zidan “oso ondo egin duzu, dena zuk egin duzu, hitzegin, txistua jo, dantzan egin…”. Hurrengo etorri zitzaidan Londresko neskatxa bat eta harek esan zidan nahi duzunean etorri Londresera eta han duzu foro bat, English Folk Music Society, eta nahi duzunean hitzegin. Ni pozik joango nintzen, baina ezin joan... Hortik atera zen ere Laura Macy. New Grove of Music hiztegiko editorea. Esan zidan editor in chief bera zela, eta nire artikuluak behar zituela. Berehala bidali nion.

  • Donostian egin zizuten omenaldia ondo joan al zen?

Esan dezaket oso ondo gertatua izan zela. Eta egin ere, oso ondo, zehatz-zehatz. Pozik nago. Batek esan zidan, “harro egongo zara”, ez harro ez nago, baina poza izugarria daukat barruan. Alkateak ateratzen du ba gizon-dantza, ba nere gizon-dantza atera zuten, “gizon-dantza liturgia y sentido”, eta hor atera nuen, oso pozik, denak atera, buelta egin, alkatea bezeala! Oso pozik. Barruko poza izan nuen, batez ere hori ikusita, eta dantzariak, eta arratsaldean ere piloa plazan. Besteena ikusita oso poztu nintzan.

  • Orain zer daukazu esku artean?

Kantabriari buruz ari naiz.. Ia egina dut, baina nahi nuke ondo jarri. Geu izan ginen Cantabria. Gero dantzak, herri bakoitzekoa, Gipuzkoa, Bizkaia, Iparraldekoak, horiek bildu, baita zer esaten duen Juan Inazio Iztuetak, eta zer lan egin zuten, eta zabal-zabal egin.