Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Juan Inazio Iztuetaren estetika

Dokumentuaren akzioak

Juan Inazio Iztuetaren estetika

Gaizka Barandiaran

Egilea
Gaizka Barandiaran
Komunikabidea
Euskonews & Media 190.zbk
Mota
Iritzia
Data
2002/11/28

Suedia, hemeretzigarren gizaldian (1880 urtean) aurreratu zen bere dantza talde "Filocoros" ospetsuarekin, Thomsek ipini zion izenburu berri honekin, hots, folklorea suspertzen. Ez nuen Folklore izenpean burua agertu zuen beste talde aipaturik entzuten. Behin batez elkarturik zeuden euskal talde "Goizaldi" eta suediar Folklore talde bat. Suediar batek lehenengo folklore taldea Escandinabian sortu zutela erran zuen. Berehala, baina, gure txistulari Montes Astigarragak eskuetan zeukan Iztuetaren liburuxka gora jasorik, erantzun zion: Iztuetak 1824an argitara eman zuela. Ez dut jakin, beste inork Folklore Dantzak Iztuetak baino osoago eman dituenik. Tirol-ko Dantzak eskuartean eduki ditut, eta Schwatzeko Karl Horak aitortu zidan ehunaka argitara eman zituela. Lau Heften pilatuta zeuzkan musika irudi batzuekin eta nolabait hitzez argi pittin bat zerion.

Iztuetak atera zituen Gipuzkoako 36 dantza, beren musikak, Zortziko eta Soinu Zaharrak, nola Zortzikoa dantzatzen zen, nola Soinu Zaharrak legez dantzatu behar ziren, nola 16 Aldaira banan adierazita beren puntuetan jokatzen ziren, antzinateko dantzak beren jatorrian eta erabide garbian agerrarazteko lege eta aholku ugariz gure dantzak bere senera bihurtzeko aginduak ematen zituelarik. Ez dut uste, Dantza jatorrak hobeto azaldu daitezkeenik.

Eusko Dantzen Korelogia 1820. urtean edo garai hartan hasi zela Iztueta idazten ontzat hartzen badugu, gertari bat gogoratzen du. Danbolin bati, ba, biziki jalki zion, Gipuzkoako Ezpata Dantza jatorrizko ohiturari gaizki zegokiola burutzen zuela-eta. Alde batera utziko diogu Musika zekiten Danbolin eta ez zekiten Danbolinen arteko eztabaidari. Iztuetak gogokoago zituen musika ez zekiten Danbolinak, herri dantzak jatorrago eta osoago burutzen zituztelako, noski.

Iztueta Korelogo eta Herri Dantzen Estetika

Oraingo idazki hau saio bat da, noski, Euskal Estetika nola asmatzen duen gure folklorezale den Iztueta adimen eta begi zorrotzak.

Herriaren erraietan jaio eta bizi izan zen gizaki argi bat denez, berehala atxiki geniezaioke maisuaren agintzari. Herri dantza autentikoari eta jatorrizkoari eusten zion gogoz Iztuetak. Ez da Iztueta koreografo, korelogo baizik. Dantzen lekuko zindoa nahi du izan, dantza autentikoa du aukeratu eta indartu, herriko enparantzan herri dantzak beren hartan hartu diren bezala berritu beharrean da arbasoengandik eskuz esku ilobengana iritsi den ondarea, dantza ondarea, hilburuko gurgarri eta sakratua baita.

Iztueta ez da Zientzia bat egitearren sortu den Folklorezalea. Bere idatziak ez dira Zientziaren neurriz esamainetan asmatuak, herriaren mailan jakite eta erabidean esanak baizik.

Beharrezkoa da Zortzikoaren estetika ondo aditzea. Zortzikoa musikaren zortzi puntuko esaera da. Zortzi puntu edo konpas horiek dantzatzeko, beti Zortzi lehengo sei puntu edo konpasak aldairaz jokatzen dira, Iztuetak dakarzkien hamasei aldairetatik (evoluciones) aukeratuak, bi azkenak beti Zortzikoari bukaera emateko. Sei aldaira lehenak aukeratu eta jokatu ondoren, beti bukatzen da Zortziko azkenekoa bi puntuetan, eta beti aldaira berdinaz bukatu ere. Horregatik dio Iztuetak dantzari batek ondo badaki Zortziko bat dantzatzen, edozelako Zortzikoa dantza dezakeela puntuei begiratuta, jakina. Zortziko melodiak hitzak zituen, eta beren izenburuaz ezagutzen ziren. Baina aldiak aurrera teknika berria sortu zen. Txistularien artean delako "birtuosismo"-a zela, hitz oro galdu ziren Zortzikoetan. Esan dezagun Zortziko guztiak, zaharrak izan, berriak izan, berdinak direla dantzatzeko.

Soinu Zaharrak, horraino, ez dira Zortzikoak bezala, Europako eresiak, euskal eresi bereiziak baizik. Soinu Zaharrak ez dira asmatzen Zortzi puntuko edo konpaseko esamainak antzo. Ukan ditzake zortzi puntu, baina hitzak baldin badituzte, Soinu Zaharretan asmatzen dira. Iztuetaren taldeketa onartzen da ba, Zortziko eta Soinu Zaharrak bereizten direnean. Dantzari batek Soinu Zahar bat dantzatzen jakin arren, ezin dezake horietako Soinu guztiak jokatu, puntu berdinekoak ez, baina puntuz berdingaitzak direlako esamainak.

Beste azterren bat Iztuetak Zortziko eta Soinu Zaharren artean bereizgotzat ohartarazten du. Zortzikoak, denek hitzak zeharo galdurik iritsi zaizkigu, eta Soinu Zaharrak, guztiek, hitzak dituztelarik irauten dute. Beraz, esan bezala, bi dantza horien, Zortzikoen eta Soinu Zaharren azterrenetatik, beren dantzatzea ez da berdina, bikoitza baizen.

Etikaren "gravitas"

Euskal Dantza guztien bereizgo orokorra era arrunta, Iztuetak nabarien jartzen ditu "aldairen benetasun eta ospetasuna". Bi bereizgo horiek ez ditu Iztuetak asmatu, baina aintzakotzat hartzen ditu: Benetasun eta Ospejarioa. Ez dira agertzen ahuldura eta gogogaberik, bestela baizik, osotasuna eta jabegoa gailen direlarik, ari dira euskal dantzariak. Etikaren aurpegia erakusten du benetasunak eta ospejarioak, ez larritasuna. Euskal dantzetan, Inauterietakoak ez badira, adimeneko senak darabil kontrola aldaira guztietan, gehiegizkorik somatzeke, edozer igiera eta edozer zirkin egiterakoan. Dionisioren edota Bakoren bultzakada eta zalaparta zakarrak arretaz utzi behar dira begira dagoen herri plazako jendearen aurrean. Euskal Dantzak bat egiten ditu Estetika eta Etika. Greziar batek izenlagun edota aditzondo batekin bilduko luke biko esaera hori: kalôs.

Estetikaren arauketa

Estetikaren Araudiari ekiten dionean Iztuetak, dantzaria, batez ere, du gogoan. Errezakada batean atzeman diezaiogun, herri plazako euskal dantzariak bere aldairetan (evoluciones) jarduten duenean, bere buruan nolako lege piloa gogoratu beharrez bere jokaldia agerraraziko duen.

Herriaren aurrean aurkeztu ahala, dantzariek bere soin gerria aukera onean zizelatu bezala erakutsiko du. Dantzaria, ba, bere ekitaldian bere soin gerriaren irudigile bihurtzen da, dantza eskultura irudietan bihurtu behar du eta. Oinak erabide honetan ipini behar ditu, ezker oinaren orpoa eskumako oin lepoaren azpian ezkutatzen duelarik. Oin puntak pittin bat irekita, alde bietara begira geratzen dira. Behinola ez dira okertu behar barrurantz "Laisterrak" izeneko aldairetan, berriz, oin punta biak alde bietara itzultzen dira, Serge Lifarek oin punta egoera hori norberak asmatu duela, agian uste izan arren. Euskal dantzariak zotarraina oin behatzez zapaltzen du, baina ez baletaren antzera behatz lodiz edo eri handiz, erpuruan tente jartzen den bezala. Delako "Lau Arin" aldairean oin punta horiek zotarrain azalean irristatzen baliran erabiltzen dira, ustai zirkina, edo obo (zirkulu) zirkinak burutzen direla.

Muriska egiterakoan, berebat, ez du ipiniko behera begira, balletean bezala, oin punta; ezta gorantz itzulita ere, ahatearen antzera; bai, ordea, bien arteko.

Batzuetan, halere, ez da betetzen arau edo lege berri hori, adibidez, delako "Lau Arin Berriztu" edo "Cuatro Ligeros Redoblados". Oina, ba, zuzen jartzen da, oin punta lurrera itzulita duela. Oin punta horrek zotarrain azalean obo (zirkulu) itxiak diseinatzen ditu, berehalakoan lekoreko (kanpoko) orkatilak atzerakoan oin lepoaren eta beste oinaren berna unean ukitzen du eta. Obo zirkin hauek, oin puntak diseinatzen dituenak, erloju antzen bestaldera erabiltzen dira. Batzuetan, ordea, gaur egun obo zirkin horiek erloju atzen norabidera burutzen dira, hots, barrutik kanpora. Iztuetaren esatez, baina, aldaira hori, aldaira zirkin hori, hasieran dagoen oinak, oboa kanpotik barrurantz burutzen du. "Lau Arin Berriztu" aldairan, berebat, dantzaria bere ezkerraldera ari ohi da lehengoetan, ohituraz lehengo aldera, eskuma aldera, burutzen delarik.

Muriska (Entrechânts, Entrejambes) egitean, dantzariaren oin-puntak zotarrainean errazki hartuko dute oldarra goranzko jauzian, aztalek jauzian gurutzaketa eginen dute, orkatila bakoitzak beste aztalaren behean, oin bizkarrarekin batzen denean, ukitu ondoren, zotarrainera jaisten delarik.

Aholkurik egokiena eta urregorrizkoena, gizaki aldetik eta estetika aldetik, dirudienez, dantzariari berari uzten dion hautaketa da. Ez du, ba, erestailuak eta txistuak bere neurria eta egintza aldaira guztietan zeharo betibat beharretsiz agintzen duena. Ez du erestailuak eta Txistuak dantza beharretsiz nola edo hala dantzaren erritmoa, tempo eta ritardando, halabehartzen dizkiona herriko dantzariari. Unerik argiena honetan, ezkerreko oina gora jasotzean gertatzen zena da, oraingo dantzariak ahantzi badu ere. Aholku hau, hortaz gainera, eskuz esku iritsi zaigu eta ahoz aho, horregatik ere garrantzia gogoz handitzen dela. Gora jasotzen da biziki ezkerreko oina Aurreskua asterakoan, eta ez da jaisten berehala, poliki eta astiro baizik. Andreen Deieko Kontrapas Zortzikoan gertatzen zen, esan bezala. Oina astiro jaisten zen goitik lurreraino txistuaren nota aldiz luzatuaz. Horrela dantzariaren egiteak eguratsean geldiroko eskultura bat zirudien, oina zotarrainaren gainean ipini arte. Dantzaren egitura bereizi horrek, zehe eta bitxi dirudien arren, betazalak zabalik diraute gizonaren egite geldia zertarako ote den dantzaren erritmoa eteten denean. Bitxi hori dantzaren erritmoa eteterakoan ederti ukitu bat da estetika aldetik. Erritmoa neurri edo konpas izotzaren bizia somatzen da.

Zenbait arau Estetika aldetik argitu diren ezkero, luzetxo baitoa Estetika saio hau, azkeneko bi aholku gehituko ditugu. Lehena da euskal dantzariek bere ahalbidetan burutu beharra dutela bere ahalegina. Halere, bera da nagusi bere aldairetan eta horiek aukeratzen, eta burutzen, berbera da denetan berak nahi dituen aldaira ederrenak eta politenak bere Estetica senez agerrarazten. Bigarrena, berriz, simetria legea da, aldaira denetan betetzen duena. Simetriaren legez, aldaira alde batera badagi, bestaldera ere berbera behar du burutu, horrela gertatzen den bezala "Lau Arin, Laisterka (Carrera), eta "Aldaira guztietan", Laisterka Bakuna (simple), (Carrera simple), Laisterka gehitua, (Carrera aumentada), Lau Arin berriztu, Oinpunta Erpoakiko (Zapateado) eta abar".

Gaizka Barandiaran

Dokumentuaren akzioak