Dokumentuaren akzioak
Aizpea Goenaga: "Uste dut garrantzitsua litzatekeela Basque Dance marka kanpoan sustatzea"
Aizpea Goenaga
Etxepare Institutuaren zuzendaria
Dantza alorrean Etxeparek egindako lanak azalduko ditut. Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskal kultura mundura zabaltzea da. Hau da, gure eremua euskararen eremutik kanpo da. Batetik, Soka ekimena jarri genuen martxan, kultura alor desberdinetako eragile eta sortzaileekin egin genuen lan, haien beharrak ezagutu, eta horri esker dantzako soka ere egin genuen, eta soka horri esker berrikuntzak ezarri genituen gure deialdian, Kultura sailetik jasotako biren deialdian.
Orduan, diru-laguntzak, batetik, biretarako, eta beste alde batetik, azoketan arte eszenikoetako presentzia bermatzeko diru-laguntzak. Beste alde batetik hitzarmenak dira guk dantza alorrean egin ditugunak, kultura mundura zabaltzeko ahalegin honetan. Ateak irekitzen, kontaktuak egiten, eta hitzarmenen bidez ere lan egin dugu.
Sokan, dantza eta konpainien katalogo eta direktorio eleanitza sustatzeko konpromezua hartu genuen. Martxan da, eta dagoeneko errealitate bat da. Uste dugu oso garrantzitsua zela urrats hau ematea dantza profesionala munduratzerako. Ez bakarrik dantza eragile, baizik eta baita ere dantzaren inguruan gure herrian dauden hainbat baliabide ezagutarazteko. Hori sustatu eta diruz ere lagundu genuen. Azoka eta foro profesionaletan zabaltzeko konpromezua ere hartu zen, eta horretan ari gara.
Azpimarratu behar da dagoen egoerak, krisi ekonomikoaren egoerak, Etxeparerengan oso eragin nabarmena izan duela. Gu hazkuntzan geundenean, murrizketa handi honek kalte eta eragin handia ekarri digu. Diru-laguntzak mantendu ditugu, baina egia da, hainbat alorretan martxan jarri nahi genituen ekimenak gelditu egin behar izan ditugula datorren urteari begira. Baina horrek ez du esan nahi ez ditugula mugitu nahi, baizik eta beste eragile eta erakunde batzuekin ari garela martxan jartzeko. Esate baterako, Liquid docs online katalogoa. Katalunian martxan jarri den online katalogo bat da, eta neurri batean ikusten dugu aukera ona litzatekeela dantzarako horrelako tresna bat eukitzea, non norberak, konpainia bakoitzak bere materiala jar dezakeen online zabaltzeko.
Sokan atera zen nazioarteko azoka eta jaialdietan presentziaren kontua. Diru-laguntzen bitartez, konpainia eta enpresei diru-laguntza ematen diegu jaialdietan eta biretan parte hartzeko. Joan den astelehenean argitaratu zen biretako deialdia. 2011an bost konpainia lagundu ziren,eta 2012an ere beste bost lagundu ditugu. Dantza biretako kopurua 30.000 € dira 2013rako, eta azoketarako beste 10.000 € izango dira banatuko ditugunak. Horri esker, bederatzi euskal enpresa eta elkarte profesionalek dirutza jaso zuten Frantzia eta Espainiako hamaika azoka eta jaialditan lanak sustatzeko eta harremanak egin ahal izateko.
Basque Dance
Euskal dantzaren marka sortu eta butzatzea, hau da gure beste erronka oso garrantzitsu bat. Beste esperientzia batzuei lotuz, esate baterako Basque Audiovisual, Basque music, edo horrelako beste hainbat ekimen bezala, nik uste dut garrantzitsua litzatekeela Basque Dance marka kanpoan sustatzea. Gainera, uste dut marka honetarako elkarlanean joan gaitezkeela bai Iparraldeko eta bai euskararen eremuko beste hainbat kiderekin. Marka honetan, dantzaren alorrean lan egitea garrantzitsua da.
Basque Windows jaialdietan zabaltzea ere garrantzitsua da. Eta nik berriz ere Mov-s-en aukera mahai gainean jartzen dut. Uste dut aukera oso on bat dela, egia da Mercat de les Flores-ek sekulako murrizketak jasan dituela, baina gure erronka da, neurri handi batean beste bide lagun bat bilatzea. Posible da, baina horretarako zuen babesa ezinbestekoa da. Nik uste dut sektoreak eskatu beharko lukela guk Mov-s hori 2014an Euskadin antolatzea. Denon arteko lana litzateke.
Nazioarteko agenteekin zubilanak
Sare internazionala ehuntzea da gure lanetako bat, eta hor ari gara Mercat-ekin, Cervantes-ekin, Institutu frantsesarekin... Hau hainbat alorretarako egiten dugun lana da. Bestalde aipatu nahi nuen Bartzelonan antolatu genuen arte eszenikoen foroa, non dantzak ere bere lekua izan zuen, eta uste dut garrantzi handia eduki zuela urrats batzuk eta oinarri batzuk ezartzeko.
Akordio eta hitzarmenak sinatu izan ditugu dantza alorrean. Berlingo euskal koreografoen jaialdia sustatzeko EKE-rekin eta La Fundicionekin. Martxan dagoen proiektu eta elkarte bati laguntza ematen diogu zabalkuntzarako konpromezu bat har dezaten. Ez duplikatu, baizik eta dauden eragileak sustatu. Festarts-eko hitzarmena ere hor dago, dantza konpainiak iaz izan ziren eta aurten ere egongo dira, eta gure asmoa da hitzarmen horri esker Frantziako foko hori gune bat bilakatzea, kontaktu gune bat.
Aukerak
Aukeren alorrean aipatu behar Europa eta Akitaniako diru-laguntzak. Hor uste dut gure erronka zubi-lana egitea dela, horren ardura daukagu, eta aurten gure asmoa da halako desenbarko bat egitea Brusselan, han hainbat sektorekin elkartzeko diru-laguntza ofizialen alorrean. "Erresidentzia eta trukeak" martxan jarri nahi genuen egitasmo bat da. Oraintxe bertan ez dago geldirik, kontaktuak egiten ari gara, erakundetik erakundera, halako trukeak finkatu ahal izateko. Jaialdietan, Lyon, Tansmess eta abarretan hemengo taldeak egotea da helburua.
Zabalkundeari dagokionez, hemen dugu gure liburuska, euskal kultura atalean dantzari buruz egindako liburuska. Oier Araolazak egin zuen, eta webgunean dago, ez hiru hizkuntzatan beste liburuskak bezala, baizik eta lau hizkuntzatan, hain zuzen ere Euskal Kultur Erakundearekin egindako hitzarmenari esker.
Dokumentuaren akzioak
Etxeparek dantza biretarako ematen dituen diru-laguntzetan espresuki baztertzen dituzte izaera amateurrekoak, 15 lagunetik gorakoak, kalean egiten direnak, e.a. Jakina da ezaugarri horiek dituztenak dantza tradizionaleko taldeak direla.
Beraz, badaukagu dantza modalitate bat, ia mende batez "Basque Dance" marka eraikitzen eta zabaltzen jardun duena, euskal kultura nazioartean sistematikoki, eta gehienetan babes publikorik gabe zabaldu duena. Eta orain, administrazio publikotik marka hori beste dantza molde batentzat erabiltzeko asmoa iragartzen da, deialdietan dantza tradizionala baztertzen den aldi berean.