Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Dantzariak Narros jauregian
Gipuzkoako Foru Aldundia argazki zaharrak sareratzen ari da Flickr-eko eta Argazkiak.org-eko bere kontuetan. Tartean, Zarauzko Narros jauregi aurrean egiten ari diren soka-dantzarena. Dantzarekin nolabaiteko zerikusia duten beste batzuk ere ageri dira galeria horretan: Garaiko Santiago eguneko prozesioa, Oñatiko Corpus-eko apostoluak eta pandero jotzaile eta trikitixa hirukotea.
Miguel Angel Sagasetaren "Danzas de Valcarlos" pdf-an
Aspaldi agortutako liburua da Sagasetak Luzaideko dantzen inguruan idatzi zuena. 1977an argitaratu zen eta Luzaide zein Nafarroa Behereko dantzetarako erreferentzia onena da ordutik. Baina liburua, agortuta dagoenez, ez da erraza eskuratzea. Horra bolantak ikustera joan aurretik irakurtzeko liburu mamitsua, pdf formatoa, edonoren eskura.
Break On Stage 2009
Europear Aretoko Breakdance Lehiaketa eta Kale Kulturen Erakustaldia da "Break On Stage" jaialdia. Zortzigarren aldia du jaialdi honek aurtengoan eta Bilboko "La Casilla" kiroldegian eginen dute heldu den maiatzaren 2an.
Boiseko Oinkarik 50 urte
Euskal diasporako talde esanguratsuenetakoa dugu AEBetako Boiseko Oinkari. Hemendik gutxira eginen ditu 50 urte taldea sortu zutela eta ospakizunak prestatzeko lanetan ari dira. Besteak beste, taldeko kide izandako lagun guztiak- 800 inguru - bildu nahi dituzte jaialdi handi batean.
Beethoven-en "Les Creatures" Ballet Biarritzen eskutik
Ludwig van Beethovenen "Les Creatures" lanean oinarritutako ikuskizuna plazaratuko du Ballet Biarritzek Donostiako Victoria Eugenia antzokian heldu den apirilaren 4ean eta 5ean. Thierry Malandain-ek zuzendutako balletak obra abstraktoa prestatu du, dantzaren historiako garai ezberdinak erakutsiko dituena, gizakiaren sorreraren mitoa aitzakitzat hartuta.
Kennedy Irish Dance Irurtzunen
Amaiur dantza taldeak Munduko Irlandar dantzen txapelduna den Kennedy Irish Dance taldea (Belfast) ekarriko du Folk Lore jaialdira. Gure artean direla probestuz, heldu den ostiralean, apirilak 3, Irurtzungo kultur etxean dantza ekitaldi bat antolatu du Amaiurrek bertako udalaren laguntzaz, Irlandako talde honek bere dantzak erakuts ditzan.
Arabako dantza solteko eta aurresku txapelketetarako izen ematea
Zabalik dago jada Arabako XVII. dantza solteko eta aurresku txapelketetarako izena emateko epea. Txapelketa biak Estibalizen izanen dira San Prudenzioren omenezko jaien egitarauaren barnean.
Max sari bana eskuratu dute Damian Muñoz eta Kukai-Tanttakak
Arte eszenikoen Max sariak banatu dira Las Palmas de Gran Canariako Cuyas antzokian eta dantzarien eskutik bi sari eskuratu dituzte artista euskaldunek. Damian Muñoz-ek dantzari interprete onenaren saria eskuratu du eta Kukai-Tanttakak errebelazioa saria.
Aurrez aurre CD berria aurkeztu dute Aiko eta Maritzulik
Aiko eta Maritzuli taldeetako kideek, 'Aurrez aurre' euskal dantza tradizionalen CD berria aurkeztu dute. CD hau, Claude Iruretagoiena koreografoak zuzentzen duen Maritzuli dantza konpainiarentzako konposatutako doinuek osatzen dute. Datorren larunbatean, hilaren 4an, 20:30ean, Durangoko plateruena Kafe Antzokian eskainiko da Aurrez aurre.
Cobalto: dantza sorkuntza urratsez-urrats
"Cobalto" du izena Espainiako dantza konpainiaren ikuskizun berriak. Martxoaren 20an estreinatu zuten Madrilgo Zarzuelaren antzokian. Baina estrainaldiaren aurreko lan guztia erakutsi nahian, bideo bloga antolatu du Nacho Duatok zuzentzen duen konpainiak Youtuben, sorkuntza prozesu osoa urratsez-urrats azalduz.
Dokumentuaren akzioak