Aurrez aurre CD berria aurkeztu dute Aiko eta Maritzulik
26 kantuz osatzen da Aikok konposatutako lan hau, dantza tradizionalak (jauziak, makil dantzak, bralea,…) eta musika unibertsalaren eraginarekin ere (pabanak, gallardak edo mazurkak). Oinarrian eskusoinuarekin, txistuarekin, kitarrarekin eta danbolinareklin eginiko doinuak dira.
Bilbon gaur goizean izan den aurkezpenean, Aiko Taldeko musikariak diren Sabin Bikandi, Alvaro García eta Asier Garcia izan dira, CDaren babeslea den BBK fundazioko Gorka Martínez eta ikuskizuneko zuzendaria den Claude Iruretagoyena.

Erronka berezia izan da musika eta musikariak dantzaren zerbitzura jarri izana eta ez alderantziz, izan ere ekimen hau Claude Iruretagoyena koreografoeren eta Jon bere semearen proposamenetik jaio baita. Pasa den udaberrian eskaini zioten Aikori hurrengo ikuskizuna izango zen `Aurrez Aurre´-ren musika konposatzeko proposamena, eta ikuskizun berezi konkretu honentzat konposatua izan da. Dena den, dantzarako da, erromerietako, eskenatokietatik kanpo publiko guztiak dantzatzeko. Aikok ikuskizun batentzat konposatu, moldatu, grabatu eta ekoiztutako lehen banda doinua dugu aurkezten dena: ordu t’erdi baino gehiagoko musika.
CD honek dakarkigun musika eta dantzaren esperientzia, datorren larunbatean hilaren 4an ikusi ahal izango da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, `Aurrez Aurre´ikuskizunean. Doakoa izango da eta 20:30etan emango zaio hasiera. Bertan, Iruretagoyenak zuzentzen duen konpainiak, euskal musikaren ezagutza zabaletik abiatuz eta xehetasun guztiekin (batez ere jantziei dagokionez), euskal dantzek izan duen garapena erakutsiko du. 45 dantzari taularatuko dira eta Euskal Herriko leku ezberdinetako ihauterietako dantza tradizionalak eskeiniko dizkigute.
Pasa den martxoaren 21ean Donibane Lohizunen estreinekoz eskaini zen ikuskizun honekin, Maritzuli eta Aiko Taldeen asmoa euskal folklorea gure ondare kulturalean dagokion leku pribilejiatuan kokatzea da, dantza herrikoiak maila gutxiagoko artea denaren ideia burutik kenduz.
Hauxe da hain zuzen ere Aiko taldeak aspalditik duen helburu bat eta ildo honetan aurten, Dantzaldi Ibiltaria ekimena jarri du martxan, Bizkaiko herri batzuetatik zehar doan ekimen berritzailea, dantza eta erromeriak antolatzen doana. `Dantzaldi Ibiltaria’ zein `Aurrez Aurre´ diskoa honenbestez, festa herrikoiak berreskuratu eta modernizatzeko ahaleginetan, beste urrats bat da.
L&V Comunicación