Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Dantzarako doinuak Jazz bihurtuta
Josetxo Goia Aribe saxofoi-jotzaile eta konpositore nafarra dugu. Bere musika sortzeko euskal doinu tradizionalak eta jazza uztartu egiten ditu eta akaso Maddi Oihenart-ekin grabatutako "Ilhargi-min" diskoagatik ezagutuko duzue. Youtuben bere emanaldien hainbat bideo igo ditu azken egunotan eta bertan entzun ditzakegu Oñati edo Lesakako doinuak esaterako, jazz bihurtuta.
Olentzero badator! ikuskizuna igandean, Baionan
Beñat Amorena musikariak zuzenduta, Olentzero badator ikuskizuna karrikaratuko dute heldu den igandean (abenduak 20), Baionan. Burrunka taldeko musikariek, 6 dantzarik eta orohar 50 lagunek parte hartuko dute bertan. Antolatzaileen esanetan mitologian oinarritutako ikuskizun ibiltari garaikidea izanen da.
Eguberrietako dantza ikastaroak
Ohiko bilakatu dira azken urteotan gabon garaian antolatutako dantza ikastaroak. Donostian eta Getxon antolatutakoen berri eman nahi dizuegu oraingoan. Dantza klasikoan, garaikidean, jazz dantzan eta flamenkoan trebatzeko aukera izanen dute horietan izena ematen dutenak. Abenduaren 26tik 30era izanen dira biak.
Gazte Zar dantza taldeak argazki-egutegia prestatu du
Mundakako Gazter Zar dantza taldeak dantza jantziak soinean jarrita ateratako argazki sorta berezi batekin egutegia kaleratu du 2010erako. Dantza tradizionala, fantasia eta modernotasun ikutu bat elkartzen dituzten Jorge Salvador-ek egindako argazkiek.
Olaeta baleten historia erakusketa batean bildu dute
"Olaeta baletak: Amets baten koreografia" izeneko erakusketa ireki du Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Ondare aretoan. Olaeta Baleten ondareko materialekin osatu da erakusketa. Euskal dantzatik abiatuta lengoia koreografiko klasiko baterantz egindako Olaetatarren ibilbidea ezagutu daiteke bertan
Zazpi dantzaren zazpi doinu Aiko-ren webgunean
Herrialde bakoitzeko dantza bat grabatzeko mandatua jaso zuen Aiko taldeak Zubia argitaletxearen eskutik. Lehen Hezkuntzan, musika irakasteko argitaratzen dituzten materialen artean sartzea zen ideia. Hedapena eta zabalkuntza errazteko Aiko-koek haien webgunean jarri dituzte dantza horien doinuak, deskargatzeko moduan.
Larrainek emanen ditu 2010. urteko Maskaradak
Larraingo herriak emanen ditu heldu den urteko (2010eko) Maskaradak. Oraindik egutegi osoa jakinarazi ez badute ere, lehenengo saioa urtarrilaren 10ean izanen da Larrainen bertan.
Natxo Montero eta Patricia Fuentes sarituak Madrilgo dantza lehiaketan
XXIII. dantza lehiaketa ospatu da Madrilen eta Natxo Montero eta Patricia Fuents bilbotarrek bigarren saria eskuratu dute. Edurne Sanz nafarrak aldiz, kritikaren saria eskuratu du.
Durangoko azokarako erosketa zerrenda
Bihar irekiko ditu ateak Durangoko Azokak, eta aurten ere badira dantza aldetik hainbat argitalpen berri bertan aurkitu ahal izango direnak. Egia esan, dantzari buruzko argitalpen hauetako asko erosteko urtean izaten den aukera ia-bakarrenetakoa da Durangokoa, beraz, zerrenda eginda joateko komeni izaten da, ezer ez ahazteko. Hona azken dantzan nobedadeen zerrendatxo bat.
Alejandro Aldekoari buruz egindako tesia argitaratu du Sabin Bikandik
Alejandro Aldekoa, Berrizko txistularia izan zen Sabin Bikandiren doktorego tesiaren ardatza. Dantzari-dantza eta erregeletan espezialista eta dantza-maisu handia izan zen Aldekoa, eta haren bizitza, testuingurua, Berrizko dantzak eta musika eta dantzaren inguruko xehetasunak aztertu zituen Bikandik etnomusikologian egindako doktorego tesian. Renoko Unibertsitateak argitaratu du eta Durangoko azokan izango da salgai.
Dokumentuaren akzioak