Dokumentuaren akzioak
Dantzarako doinuak Jazz bihurtuta
Ibilbide oparoko musikaria dugu Josetxo Goia Aribe nafarra. Bere musikan, doinu tradizionalak eta jazza uztartzen ditu eta nahasketa horretatik emaitza bitxiak sortzen dira. Bere sustraietan oinarritzen den saxofoi-jotzaile honen lehen diskoa "Auñamendi" izan zen eta Nafarroan barrena halako bidai musikala egin zuen bertan. Ondotik heldu dira "Eunate", "Herrimiña", Maddi Oihenart zuberotarrarekin grabatutako "Ilhargi-min", "Los pendientes de la Reina" eta "La orquesta Jalamandruki".
Azken egunotan bere sorkuntzetako zenbait jarri ditu Youtuben Goia Aribek, eta horietako zenbait dantza doinuetan oinarritutako piezak dira. Esaterako Oñatiko Gorpuzti egunean egiten diren dantzen doinuetan oinarritutako "Oñate" (eskuinaldean duzue ikusgai eta entzungai).
"El País del Bidasoa" izeneko konposizioan Lesakako zubigainekoa antzeman dezakegu. Horra:
"Danza de las Ballestas" izeneko beste hau, Francisco Beruetek Nafarroako Torralba del Río-ko dantzen errepertoriorako sortutako izen bereko dantzaren doinuan oinarrituta dago:
Youtuben igotako bideo hauez gain, doinu tradizionaletan oinarritutako jazz pieza gehiago topa ditzakegu Josetxo Goia Ariberen errepertorioan, esaterako: Otsagabiko dantzetan oinarritutako "Pic d'Orhy", edo Baztanto mutil-dantzetan oinarritutako "Mutil-dantza" izenekoa, besteak beste.
Dokumentuaren akzioak