Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Xipri Arbelbide Besta Berri jaiaz eta zapurrez

Dokumentuaren akzioak

Xipri Arbelbide Besta Berri jaiaz eta zapurrez

2018/06/27 07:25
Xipri Arbelbide Besta Berri jaiaz eta zapurrez

Besta Berri, Armendaritz, 2009-06-14. Argazkia: Iñaki Zugasti-Dantzan CC-BY-SA

Xipri Arbelbidek (Heleta, 1934) Besta Berriren inguruko mintzaldia eskaini zuen ekainaren 8an Iholdiko Herriko Etxean. Aurretik, Irulegiko Irratian elkarrizketatu zuten Arbelbide; euskal idazle, kazetari eta apaizak Besta Berriko pertsonaien, dantzaren edota Besta Berri jaiari lotutako uste faltsuen inguruan arituko zela aurreratu zuen. Kontu horiek 2001ean argitaratu zuen Besta Berri liburuan ditu jasota.

Iholdiko zapurrak
Iholdiko zapurrak. Irudia: Xipri Arbelbideren Besta Berri liburua.

"Besta Berri aspaldi aspaldi sortua da, 1247an sortu zen Lieja herrian", Arbelbidek dio XIII. mendean Liejako (Belgika) serora baten ideiatik sortutako jaia dela Besta Berri eta ez askok dioten moduan, Napoleonen garaikoa. Hiri horretan 1247an hasi ziren ospatzen, eta Urbano IV aita santuak Eliza guztira hedatu zuen 1264an. Besta sortzeko idatzitako gutuna, "officium novae solemnitatis" hitzekin hasten da. Arbelbideren arabera, "Besta Berri izena ematen diogun bakarrak gu gara munduan, bestetan Fete Dieu, Corpus Christi eta horrelako deitzen da".

Luhusuko zapurrak
Luhusuko zapurrak. Irudia: Xipri Arbelbideren Besta Berri liburua.

Besta Berriko pertsonaiak diren zapurren jatorria, Napoleonen armadako soldaduetan dago zenbaiten ustez, baina Arbelbidek ezetz dio. Horrez gain, herri batetik bestera eta garaiaren arabera ere zapurren itxura aldatu egiten dela esaten du: "Zapurrei erreparatuta ere ikusten da Iholdi edo Kanbon ezberdinak direla. Iholdikoak eta Bidarraikoak berdintsuak dira". Xipri Arbelbidek 1899eko margo bat aipatzen du, irudiak zapurrak erakusten ditu eta egungoekin zerikusirik ez dute.

Besta Berri Bidarrain, 1899.
Besta Berri Bidarrain, 1899. Irudia: Marie Garai/Baionako Euskal Museoa

Zapurrak, Besta Berri Bidarrain, 1899.
Zapurrak, Besta Berri Bidarrain, 1899. Irudia: Marie Garai/Baionako Euskal Museoa

Dantzen debekuen inguruan ere mintzo da Arbelbide. Garai batean guztiz debekatu zituen dantzak Elizak, baina orduan ere Besta Berrin eliza barruan dantzatu ohi zela nabarmentzen du. Dantza, kantua eta musika tresnak bezala, festa egiteko molde bat dela dio. Elizak organoa eta kantua mantendu ditu, baina orokorrean dantza galdu egin du.

Informazioa: Besta Berriz mintzaldia Iholdin Xipri Arbelbide-kin (Irulegiko Irratia)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Puntapioa

Puntapioa

Eguneroko prentsa artaziekin begiratzen duzunean.