Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Jon Sarobe 40 urtez San Fausto egunean dantzan

Dokumentuaren akzioak

Jon Sarobe 40 urtez San Fausto egunean dantzan

2019/11/13 12:00
Jon Sarobe 40 urtez San Fausto egunean dantzan

Jon Sarobe, Sna FAusto, Durango, 2013-10-10. Argazkia. Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Gaur hilabete, San Fausto egunez, festan murgilduta zeuden durangarrak eta urtero legez, Jon Sarobek agurra dantzatu zuen udaletxe aurreko oholtzan. Egun berezia izan ohi da urriaren 13a Saroberentzat, 40 bat urte omen dira durangarren egun handian dantzatzen duela. Aurtengoa gainera bereziki berezia izan da, ondoren semeari lagundu baitio erregelak dantzatzen, "Ilusio ikaragarria egin dit bere laguntzaile izatea, harro sentitzen naiz semea 17 urterekin euskal folklorean sartuta ikusita, niretzat hau oso berezia baita"

Bizitza osoa dantzan

Mende erditik gora darama Sarobek dantzan. Gogoan du publikoaren aurrean lehen aldiz dantzatu zuenekoa, Iurretako Goiuria auzoan izan zen 7 urte zituela. Bi urte lehenago hasi zen dantzan bere lehengusu Juanjo Zumarragarekin. "Bera izan nire maisua. Bost bat urterekin izebaren etxera bazkaltzera joaten ginen eta egurra ematen zidan", gogoratu du maitasunez eta Iturralde eta Zarrabeitia aurreskulariak ere aipatu nahi izan ditu, gerora beraiekin formatzen jarraitu baitzuen.

Bederatzi urterekin Txoritxu Alai dantza taldean hasi zen eta gero Tronperrira pasa zen. 1987an KrIsikitin taldea sortu zen eta ordutik taldeari lotuta dabil, "Euskal dantzarekin askatu egiten naiz eta oso gustura sentitzen naiz, oso barruan daramadan zerbait da". Euskal dantzez gain, sevillarren eta tangoen ikastaroetan ibili izan da eta orain dantza garaikideko klaseetan dabil.

Gogoratzeko aurreskuak

Saroberen ibilbidea aitortu nahi izan zuten durangarrek eta 2010ean sanfaustoetako txupinero izendatu zuten. Bizitza osoan zehar dantzan, aurresku berezi batzuk ere gogoan ditu. 1971n autopistaren lehenengo zatia inauguratu zenean dantzatu zuen eta ekitaldi hartan zen ondoren Espainiako errege izango zena. 1988an, berriz, Eusko Jaurlaritzarekin Erromara joan eta Juan Pablo II aita santuaren aurrean dantzatu zuen. Hala ere asko gustatuko litzaiokeen pertsona bati oraindik ez dio dantzatu, bere anaia Luis Angeli aurresku ofizial bat dantzatu nahiko liokela dio, "Hamar urte nituela kanpora joan zen bizitzera eta gustatuko litzaidake berari dantzatzea bere ibilbideko aitortzaren batean. Bizitza osoa bananduta egon gara, baina lotura berezia dugu".

Etorkizuna?

Harro dago bere semea hamar urte zituenetik Kriskitineko kide izateaz, gaztetxoen dantzako irakasle ere aritzen da, baina Sarobek badu euskal dantzen etorkizunaren inguruko kezka, "Nik beti diot Andaluzian edonork dantzatzen duela flamenko pixka bat eta edozein ordu eta lekutan egiten dute. Guri hemen ahazten ari zaigu, badirudi ez dela gure kulturaren parte eta pena da".

Artikulua: Jon Sarobe, el hombre aurresku (Deia, 2019-10-14)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.