Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Olentzero Mari Domingi, berdintasunaren adierazle ala hetero-arauaren berme?

Dokumentuaren akzioak

Mari Domingi, berdintasunaren adierazle ala hetero-arauaren berme?

2023/12/18 08:35
Mari Domingi, berdintasunaren adierazle ala hetero-arauaren berme?

Olentzero eta Mari Domingi.

Grazia egiten dio Itxaro Bordari Olentzeroren emazte berriak. Mari Domingi Olentzeroren laguna dela diote, ordea, Mari Domingi taldeko kideek. Olentzerok alboan emakumearen beharrik ez duela dio, berriz, Fernando Oiartzunek; Olentzero bera izan baitaiteke emakume. Eta bat-batean, Mari Domingiren errebantxa ekarri du mahaira Anuntxi Aranak.

Gabonak gainean ditugu eta asko eta asko ariko dira Olentzerori, edo Olentzero eta Mari Domingiri gutunak idazten. Urte bukaerarekin Mari Domingiri eskaera gutuna idatzi beharrean, urtean zehar Argian Mari Domingiren inguruan izan den gutun trukea ekarri nahi izan dugu hona.

Mari Domingi parekide?

Olentzero eta Mari Domingik hetero-arauarekin guztiz bat egiten duen familia eredua bultzatzen ari garela uste du Itxaro Bordak. Eta gogoratzen du nola oraindik gure gizartean bikoterik ez izatea lotsagarria den, edo bikotea izateak beste estatus bat ematen duen. "Gure ikazkina, azken urteotan, Mari Domingirekin agertzen da karriketara, haurrek bikote horretan beren gurasoena zehatz ikusten dutela: aita, ama, umeak. Besterik ez".

Baina Mari Domingi ez da Olentzeroren esposa edo bikote, hala erantzun diote Bordaren iritzi artikuluari Maridomingi taldeko kideek. Urteetan ezkutuan egon den emakumea itzaletik irten eta orain berdintasunaren izenean Olentzerorekin parez pare kokatzen dute Mari Domingi. "Hor dugu XXI. mendea, parekotasuna, berdintasunaren mendea eta Mari Domingi harro bere lekua eskuratzen".

Olentzero 2021
Olentzero Dantzan 2021, Jostuntxu, Amasa.

Parekidetasunik ez du ikusten hor Fernando Oiartzunek. Mari Domingi gizartearen eredu atzerakoienak jarraituz sorturiko pertsonaia dela uste du, Olentzeroren printzesa. Olentzerok alboan ez duela emakume baten beharrik dio, Olentzero berak izan baitezake neska itxura. “Olentzero panpina dugu neska, sorgina, nekazaria, etxekoandrea, amona zaharra, segalaria, jostuna… emakume figuran, nahiz gizon figuran”.

Olentzero queer-aren eredua gustatzen zaio Anuntxi Aranari, baina gizon irudia ezabatzeak luze jo dezakeela ikusten du. Beraz, zalantzak ditu bitarte horretan Mari Domingirekin ze egin beharko genukeen. Bestalde, gogorazten du abestiko emakume zarpail eta arbuiatu hura Eguberriko pertsonaia ospetsua bilakatua dela. Mari Domingiren errebantxa ote?

  • Mari D. (Itxaro Borda, Argia, 2023-01-29)

Olentzero Donostia 1931
Olentzero, Donostia, 1931. Argazkia: Guregipuzkoa.net.

Mari Domingi, izan zaitez Olentzero!

Orain 10 urte Oier Araolazak zioen Mari Domingi Olentzero izan daitekeela, ez daukala bere lagun izan beharrik:

Maite zaitugulako esaten dizugu ez zaitugula Olentzeroren ondoan nahi (gutxiago azpian!), ez zaitugu laguntzaile moduan gura, ez zaitugu inoren bikote moduan desio, ez zaitugu binarismoaren osagaitzat nahi. Ez daukazu bizarrik jarri beharrik, baina ez daukazu XVI. mendeko emakumeen soinekorik jantzi beharrik ere. Ez daukazu gizona izan beharrik, eta ez daukazu emakumea izan beharrik ere. Baina ez zaitez izan Olentzeroren laguna! Izan zaitez nahi duzuna, izan zaitez Olentzero, izan zaitez gure Queer-Olentzero!

Olentzero

Olentzero