Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Zubereratik gaztelaniara

Dokumentuaren akzioak

Zubereratik gaztelaniara

2006/11/16 11:22
Barkoxen batez ere frantsesez entzungo genuelakoan joan nintzen Zuberoako Dantzak jardunaldietara. Batzuk frantsesez eta bakarren batek zubereraz, ulermen eta konzentrazio gaitasunak aproban jartzeko tokia izango zela uste nuen. Baina primeran konpondu ginen. Barkoxeko alkatearekin hasi, Eusko Ikaskuntzako ordezkariekin jarraitu eta Etxekopar, Kanpo eta Bedaxagarrera denek euskaraz, eta manexok ere arazorik gabe ulertzeko moduan egin zuten. Akaso lan handienak Etxekoparrek eman zizkigun, baina ez hizkuntzagatik, diskurtsoa korapilatzeko duen erraztasun ederragatik baino. Kanpotik etorritako bi hizlariak izan ziren frantsesez aritu ziren bakarrak Barkoxen.

Gasteizen, Jaurlaritzan, dantzaren sektorea eta administrazioaren arteko bileran bestelakoak izan ziren kontuak. Jaurlaritzako ordezkari biek, politikoak eta teknikariak, euskaraz eta gazteleraz egin zituzten aurkezpenak. Baina, hitza Jaurlaritzak kontratatutako bi enpresetako ordezkariek, Xabide eta Kualitate lantaldekoek, hartu zutenean bukatu ziren elebitasunak. Hortik aurrera gaztelania hutsean burutu zen bilera, eta zerbait esateko parte hartu genuen guztiok gaztelaniaz egin genuen. Nik aukera izanez gero zerbait esateko asmoa nuen, eta bilera aurretik prestatzen aritu nintzen. Txanda hartu nuenean beldur izan nintzen euskaraz hasiz gero, eztabaida dantzara baino hitzkuntzara zuzendu zitekeela. Beraz, ohi bezala txepeldu, eta nire zirriborroen azken orduko itzulpen simultaneoa egin nuen. Gaztelaniaz nik ere. Dantza tradizionalaren alorrean nahiko normal aritzen gara euskaraz gure artean, baina irudipena daukat dantza garaikidearen eta klasikoaren alorrean euskara ez dela existitzen. Eta noski, euskaraz ari garenak bai ez garela haientzat existitzen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.