Zer egin behar dugu tradizioarekin?
Txutxin ez zen itzul-ingurutan ibiltzekoa. Dantza-maisuengandik gorputzaren ezagutza izatea espero da, baina zientzialariak behin eta berriz ari zaizkigu gogorarazten buru-adimena bera gorputzetik abiatzen dela. Txutxin Irizar ezagutzean mugimenduak zer nolako xehetasun mailarekin ikusi eta definitzeko gai zen ikusteak harritu ninduen. Eta are gehiago, mingaina oinak bezain azkar dantzatzen zuela ohartzeak.
Antolaketa gaitasuna
Antolaketareko gaitasun handia zuela argi geratu da: Oñatz taldea nola egituratu eta osatu duen, Korpus egunean dantzariak eta prozesioko parte guztiak nola koordinatzen zituen, kofradiaren egitekoak eta antolaketa-lanak xehe-xehe zehaztuta nola utzi duen... pertsonak, espazioa eta denboran antolatzeko gaitasun harrigarria zuen. Sinesten dut dantzaren zuzendaritzan jarduteak lagundu ziola antolaketa gaitasun hori garatzen.
Azkartasuna
Horrekin batera, Txutxinen buru-argitasun eta abiadura harrigarriak inpresionatu ninduen. Ikusi egiten zuen jokaldia eta bi hitzetan iragartzen zuen: zehatz, lehor. Urbeltzek beti esan digu: "euskal dantzariak diana egitera behartuta gaude". Txutxinek dardo bakarra nahikoa zuen beti. Lehenengoan asmatzen zuen.
"Dantza tradizionala nola ikusten duzu gaur egun?" galdetu nion. 2005eko ekaina zen. Korpus eguna pasa berritan Berriarako elkarrizketatu nuen. "Hemen taldeek gauza berriak egin nahi dituzte, dantza berriak sortu eta horiek dantzatu" erantzun zidan. Eta galdera itzuli zidan bueltan: "denok gauza berriak egiten hasten bagara, zer egin behar dugu tradizioarekin?".
Berria zahar
Susmoa dut Berriako kultura saileko arduradunari ez zitzaiola gustatu elkarrizketa. Dantzari eskaini zitzaion tarte hura bertan behera utzi zutenean Txutxin-en elkarrizketa aipatu zidan adibide moduan, era horretakoak ez zituela ikusten Berrian. Oker zegoen nire iritziz. Txutxin-ek merezi zuen elkarrizketa hura eta merezi zuen hil-ondoko aitortza ere.