Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Zaharrak berri

Dokumentuaren akzioak

Zaharrak berri

2011/12/31 16:22

Migel Angel Sagasetaren “Luzaideko ddantzak” eskuetan hartu eta Joxemiel Bidadorrekin akordatu naiz. A zer poza hartuko zuen ikusi izan balu. Irakurtzeko eta ikasteko gogotsu zen beti, ezer esanik ez idazteko eta ezagutzera emateko. Bi urte dira utzi gintuela, eta argitaratzen den liburu bakoitzak, eta argitaratzen ez denak, Bidadorrek dantzaren letretan utzitako hutsunea sakontzen jarraitzen du.

Latz kolpatu du heriotzak dantza. Jon Zamalloa, Xabier Gereño eta Jacques Larrondo joan zaizkigu, eta gainera, ia bi urtez maskaradarik gabe utzi du Zuberoa. Senide baten heriotzak eraginda, 2011ko Santa Graziko maskaradak bertan behera geratu dira lan erdietan. Hurrengoak antolatzeko lana Gamere-Zihigako gazteek hartu zuten bere gain, baina hauek ere kolpe latza jaso eta 2012an ez da maskaradarik izango. Etorriko dira berriak eta gazteak. Edo ez hain gazteak. 90 urte beteta oholtzara igo da Filipe Oihanburu. Aldamenean beste bi dantzari: Jean Nesprias (84 urte) eta Koldo Zabala (75). Dantzaz eta adinaz gogoeta egitera behartu gaituzte, eta inguruan ditugun dantzari helduen dohainak balioesten hasi gara.

Ikusi dugu emakumeek adinekoek baino zailtasun handiagoak dituztela dantza egiteko. Urratsak ematen ari dira, adibidez, hainbat ezpata-dantzatan neska-mutilak berdintasunean parte hartzen hasi dira. Baina bestelako jarrerek egiten dute min. Baztanen mutil-dantzarekin sortu da zalaparta. Zenbait emakumek, orain arte gizonezkoen eremu itxia izan den Santiago eguneko mutil-dantzetan dantzatu dute. Baztango alkatesak ere dantzatu du. Irunen Alardeak bezala, mutil-dantzak bikoiztu dira Elizondon. Dantzarako arazorik izan ez duena Donostiako alkate berria izan da, gizon-dantzan atera baita San Joan bezperan.

Lehen ballet konpainia 1661an sortu omen zen Parisen, eta lehen talde hartarako hogei bat euskal dantzari eraman zituztela kontatzen da. 300 urte beranduago, euskal dantzak ikertzera etorri zen gizon bat, Frantziako iparraldetik Euskal Herriko iparraldera. Jean Michel Guilcherrek dantzaren alorrean egindako ikerketa eta bilketa lanak iturri zoragarri ditugu 40 urte ondoren, eta eskeronez omenaldia eskaini diote Uztaritzen. Lehen bezala, orain ere, dantzaren munduan bidea egitera atzerrira joaten dira dantzariak. Horietako bat da Itziar Mendizabal, Londresko Royal Ballet entzutetsuan izar distiratsutzat daukate hondarribiarra. Parisera joan ziren dantzariak Euskal Herrira itzuli ote ziren ez dakigu, baina behintzat, Mendizabal berriki Bilbora etorri, eta Itoiz eta Mikel Laboaren doinuak dantzatu dizkigu.

Argia Urtekaria 2011

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.