Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Urrats txikiak

Dokumentuaren akzioak

Urrats txikiak

2013/12/31 18:00

Glaziazio ekonomiko honen erdian zulora joan dira zenbait kultur proiektu. Dantzan ere ari dira murrizketak antzematen. Jose Uruñuela Dantza Kontserbategia ataka larrian aurkitzen da. Diru-laguntzak urrituta, aurrekontua orekatzeko ikasleen matrikula %500 igo beharko dela iragarri du Gasteizko alkateak. Ikasle eta gurasoak ikaratuta daude. Esango nuke, dantza tradizionalaren alorrean ez dela horrenbeste antzeman krisia. Lehendik hotzera ohituta dagoena hobeto egokitzen da izotz arora. Gainera, zenbait zor kitatzeko, ez da dirurik behar, borondatea aski izan daiteke.

2013ko abuztuaren 16a. Deba. Goizeko 9.00ak. Ohi bezala, dantzariak azken prestaketa lanetan ari dira. Jantzi zuriak soinean dituzte eta koloretako bandak jartzen ari dira. Urdin argia eskuineko lerrokoek. Gorria ezkerrekoak. Biak jarri ditu buruzagiak. Santa Maria elizaren atarian jendetza bildu da. Ikusmina antzematen da. San Roke eguna urtero da berezia debarrentzat. Xarmagarria izaten da goizeko lehen ezpata-dantza. Kanpai hotsekin atera dute Rokeren irudia atarira, eta txistulariak ezpata-dantzaren doinu ezaguna aletzen hasi dira. Ifar-kaletik hasi dira agertzen dantzariak. Lehen begiradan ezer berezirik ez. Talde ederra dator, ohi baino zabalagoa, eta beti bezain dotorea. Dantzariak jendartera iritsitakoan hasi da aurtengo berrikuntza agerikoa egiten. Ezpata-dantzariak ez dira soilik mutilak. Neskak ere ari dira ezpata-dantzan, aspaldiko partez San Roke ezpata-dantzan.

Euskal dantza tradizionaletan genero berdintasuna urruti, oso urruti antzematen da oraindik. Baztanen ulertezina den gatazka sortu da mutil-dantzen harira. Mutil-dantzak soilik gizonezkoek eman behar dituztela diote zenbaitek, eta emakumerik gabeko mutil-dantzak aldarrikatzen dituzte. Ez tradizioaren, ez dantzaren eta ez festaren ikuspuntutik justifikaziorik ez duen jarrera horrek erakarri du komunikabideen arreta. Gatazkak saltzen du. Baztangoaz denok enteratu gara. Debakoaz ia inor ere ez.

Argia Urtekaria, 2013-12-31

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.