Dokumentuaren akzioak
Txapeloaz
Smithsonian Fundazio estatu-batuar ahaltsuak Euskal Kulturari eskaini dio Washingtonen egin ohi duen folklore jaialdi erraldoia. Eztabaida izan da euskal ordezkaritza folklorikoegia ala justu kontrakoa, folklorearekin akonplejatua izan ote den. Nik bigarrena diot, eta salatu nahi izan dut euskaldunok Ameriketan erakutsi dugula gure folkloreaz lotsatzen garela.
Munduko kultur ondare bizia ezagutzera ematea du helburu Smithsonian Folklife jaialdiak. Antolatzaileek euskal agintariei egindako eskaera argia zen: euskal folklorea, ondare tradizionala ezagutu nahi zuten. Euskaldunak moderno itxura eman nahiarekin obsesionatuta aritu gara: "Innovation by culture" lema jarrita euskal ordezkaritzari gure konplexuak behin eta berriz agertu dira programan: bertsolaritza “Modern bertsolaritza” izan da, sukaldaritza "Innovative Gastronomy", herri kirolei buruz aritzerakoan "Innovative Technologies in Sport" eta euskal dantzaz hitz egiteko "New Paths in Basque Dance".
Gure folkloreaz lotsatzen gara, eta ondorioz, ez dugu gure kultur ondarea ezagutzen. Edo alderantziz ote da? Ez dugulako ezagutzen lotsatzen gara gure kultur ondareaz? Ez dakit zein den oiloa eta zein arrautza, baina biak ditugu gurekin.
Washingtonen, euskal dantza ezagutzera emateko saioetan Txapeloaz dantza erakusten aritu dira euskal ordezkariak. XIX. mendean, Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterratik iritsitako dantza inozo xamar bati aldaketa txiki baina iraultzailea egin zioten. Esaldi bakoitzaren bukaeran bikote aldaketa antolatu zuten. Gaur egun arte dirauen arrakasta izugarria eman zion horrek. All American Promenade izenarekin ezagutu zuten Eskandinabian XX. mendean eta Aleman's marsj izenarekin hedatzen jarraitu zuen Europan barrena. 1970eko hamarkadan Frantziako Chapelle des Bois herrian ikastaro batean erakutsi zuten. Han ikasi zutenek, dantzaren izenarekin akordatu ezin eta Chapelloise [Chapellekoa] deitzen hasi zitzaizkion. Euskal Herrira Patxi Perez-ek ekarri zuen 1990eko hamarkadan. Chapelloise gurean Txapeloaz da, dantza bera, izen bera, grafia euskaratuta.
Ondorioa? Ipar Amerikako dantza bat erakutsi diegula euskaldunok estatu-batuarrei, euskal dantza delakoan eta milaka urteko gure kultur ondarearen erakusgarri. Euskal Herrian artista handiak ditugu tangoa, capoeira edo hip-hop-a dantzatzen, eta modernoak eta kosmopolitak garela erakutsi nahi izanez gero horien ikastaroak eta erakustaldiak eman genitzakeen Washingtonen. Susmoa dut, ordea, ez gaituztela gonbidatu Ameriketara buffaloak ehizatzen eta bakearen pipa erretzen erakustera.
Argia astekaria, 2016-09-16.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?