Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Space invaders (II)

Dokumentuaren akzioak

Space invaders (II)

2009/07/28 14:55
Atzo Ordizian izan nintzen, Santaneroen esku-dantza ikusten. Ohi bezala argazki kamerarekin. Eta berriz ere lotsatu egin nintzen eskuan argazki kamera izateaz. 500 urte bete dituen tradizioa erreportero grafiko talde batek zer errespetu gutxirekin tratatu zuen ikusita sututa itzuli nintzen. Bero-bero eginda jarri nintzen, eta argazkilari eta kamerei zerbait esateko gogoz geratu nintzen. Antolatzaileetako bati esan nion eta hura ere nahiko sensible zegoen gaiarekin, eta espero dut neurriak hartuko dituztela hurrengo baterako. Lehen ere salatu dut kontu hau, eta orain ere barruak askatzera nator.

Urtean ezkondu diren Ordiziarrek parte hartzen dute Santaneroen esku-dantzan. Pintxo-pintxo jarri, eta Udaletxe aurrean, merkatu plazan prestatzen den plaza-eremuan dantzatzen dute soka-dantza. Eremua hesituta egoten da, eta ikusleak garaiz joaten dira ikusteko toki ona izan ahal izateko.

Gu denboraz justu xamar iritsi ginen, eta santaneroak elizatik ateratzen ari zirela ikusi genuenean plazara joan ginen bideoan grabatzeko eta argazkiak ateratzeko toki on baten bila. Eirek petril baten gainetik bideoan grabatzeko aukera ikusi zuen eta ni beste petril batera igo nintzen argazkiak ateratzeko.

Iritsi ziren dantzariak eta beraiekin batera argazkilari eta kamerariak. Zazpi-zortzi bat izango ziren. Hasi zen dantza, eta erreportari grafikoak hesi barruan denak. Bost ajola horiei, hesiaren atzean begira dagoenak tokia hartzeko ordu erdi lehenagotik bertan izana. Argazki egokia egiteko ikusleen aurrean jarri eta kitto. Zerbait esaten badu, importante aurpegia jarri eta "Aizu, ni lanean nago" esanda aurrera.

[Erreportariak soka-dantzaren erdian harrapatuta.]

Ezin dut ez ulertu ez onartu jarrera prepotente hori. Argazki zein bideo kamerariek beste edozeinen eskubide berak dituzte nire ustez. Lanean egoteak, edo komunikabideentzat grabazioa egiten egoteak, ezin du baimendu beste ikusleen eskubideak urratzea. Badirudi etxean geratu eta hurrengo eguneko egunkaria erosi edo telebista piztu duenak, emanaldira bertara joan eta toki egoki bat hartzeko ardura eta lana hartu duenak baino ikuspegi hobea izan behar duela. Eta ez dut ulertzen zergatik lanean egotea garrantzitsuagoa den dantza ikusten egotea baino. "Ni lanean nago". "Ba oso ondo. Eta ni dantza ikustera etorri naiz, eta nire aurrean jarri nahi bazenuen lehenago etortzea zeneukan".

Ikusleei errespetu falta izugarria, eta dantzariei? Horrek ez du izenik. Behin eta berriz dantzaren erdian ikusi —sufritu, hobe esanda— behar izan genituen periodista grafikoak. Plaza dantzarientzat hesitu bada, eta dantza emanaldi bada, ezin dut ulertu zertan dauden zazpi kamerari eta argazkilari plazaren erdian. Eta gainera, dantza bera inondik inora ez ezagutu ez errespetatzen ez dutenak. Birritan dantzaren koreografian bertan "harrapatuta" geratu ziren kamerariak. Soka-dantzan zubi bat egin eta dantzariok badakigu lazo bat ixten joatea modukoa dela hori, eta lazoa ixten doala denak harrapatuta geratu arte. Eta han ikusten genituen erreporteroak dantzaren erdian harrapatuta eta handik ihes egiteko soka apurtu nahian.

[Erreportariak esku-dantza erditik irten nahian.]

Okerrena aurreskulariak neskari agurra dantza egin behar zion unean iritsi zen. Lau zerbitzariek ekarri dute neska plazaren erdira, eta kamerari guztiak neska erretratatu nahian, etorri da aurreskularia dantza egitera, eta berak dantzatu behar zuen tokian bost kamerari, zulo txikitik begira eta inguruan gertatzen ari zenaz ohartu gabe. Aurreskulariak txalo egin behar izan du, eta oiloak uxatzen diren moduan bidali behar izan ditu argazkilariak. Orruka hasi eta kristonak eta bi esateko puntuan nengoen ni, baina ixildu behar, soka-dantzari mesede baino kalte gehiago egingo niolakoan.

[Argazki honetan oso ondo ikusten da aurreskularia neskari dantza egitera doan unea. Bera jarri behar tokian daude argazkilariak eta kamerariak.]

Ni neu argazkilari ibiltzen naiz horrelako hainbat dantza ekitalditan, eta bat horretan dagoenean argazki onena nahi du eta ahaztu egiten zaio zer ari den ospatzen eta zertarako, argazkia bakarrik buruan. Ziur aski, neuk ere ekitaldi batzuetan errespetuaren marra hori pasako nuen, eta alde horretatik, garrantzitsua da niretzat horrelako barrabaskeriak ezin ditugula onartu ohartzea, nire burua ere mugatzen laguntzeko.

Argazkilari eta bideokameriei eskaera argi eta garbi bat egin nahi dizuet. Kirolarentzat duzuen errespetu bera eskatzen dizuet dantzarentzat. Kirolean zientoka argazkilari eta kamerari ibiltzen zarete, lanean zaudete hor ere eta etxean geratu denari irudi onenak eraman nahi dizkiozue. Baina hala ere, penalti bat jaurtitzera doanean argazkilaria ez da baloia eta porteroaren artean kokatzen, edo ehun metroko finaleko argazkia egiteko kamararik ez da pistan sartzen. Beraz, dantzaren eremua, dantzariak eta dantza maite duten ikusleak errespetatu itzazue mesedez!

Dokumentuaren akzioak

gari
2009/07/28 16:59
Hori da arrazoia!
Spice Invadersen III atala ezkontzek merezi lukete, non argazkilaria jaun ta jabe den, koreografoa kasi. Ez dugu borroka gutxi izan horren kontura.
Azken batean, argazkilari eta kamerariak gertatzen ari denaren testigantza jasotzeko daudela uste dut, eta ez egoerak "sortzeko".
Kere
2009/07/29 09:04
Ordiziar baten aldetik, bai jauna! Arrazoi duk Oier.

Ikusi sintudan zure argazki kamera eta guzti, saltoka eta anka puntetan argazkiak atera naian, jendearen gainetik.

Santan egunean , dantza ikustera gerturatu ginan guztiok komentatu genuen gauza bera, lotsagarria.

Ulertzen ez dudana da, beraiek horretaz ez konturatzea. Gaur egungo kameralari eta argazkilariek ez ote dute besteenganako errespeturik?



Xabier Etxabe
2009/07/29 09:43

Penagarria da, Oier!

Esandakoari zeozer erantsi nahi diot, neroni ere behin baino gehiagotan komunikabideek (batik bat telebistak) mindu egin nautelako beren jokabidearekin:

- Iruditzen zait, ekintzen antolatzaile lanak egiten ditugunean, ez diogula arreta nahikoa jartzen kazetarien jardunari. Batzuetan ez garelako atrebitzen, eta beste batzuetan inork bere gain lan hori ez duelako hartzen, modu horretan kazetariaren esku utziz erabaki guztiak. Telebisioko kazetariak ohitu dira ekitaldien jaun eta jabe izaten, eta geronek, geure burua bertan ikusteagatik, laga egin diegu. Ez daukagu ohiturarik aurrez beraiekin hitz egiteko, zer eta noiz grabatuko duten enteratzeko, eta hori egokia den edo ez, edo nahi dugun edo ez esateko.

Luze eta zabal hitz egin genezake gai horren inguruan.

Xabier.

duguna
2009/07/29 10:00
Egia esan, ados nago denek esandakoekin. Xabier-ek dioenaren harira, eta Oier-ek ere aipatu du: "Kirolean zientoka argazkilari eta kamerari ibiltzen zarete, lanean zaudete hor ere eta etxean geratu denari irudi onenak eraman nahi dizkiozue. Baina hala ere, penalti bat jaurtitzera doanean argazkilaria ez da baloia eta porteroaren artean kokatzen".

Kirol jarduera horiek antolatzen dituztenean kazetariek egoteko eta haien lana egiteko toki zehatza izaten dute (futbolean zelaiaren perimetro guztia edo atletismoan pistaren bazterra). Agian tristea irudituko zaigu dantza ikuskizun edo emanaldi bat antolatzera goazenean horrelako zeozer egitea, baina argi dago hedabideen arreta pizten dutela zenbait dantza emanaldik (geroz eta gehiagok eta geroz eta gehiago?) eta hortaz ere arduratzen hasi beharko gara.

Hori bai, horrek ez du kentzen ia gehienetan profesional horiek dantzarienganako duten errespetu falta salatzeko.
Josu
2009/07/29 17:46
Arrazoi osoa daukazu. Argazkilari izan gabe ere askori gustatzen zaie erditik pasatzea. Txarangeroak sufrimentura kondenatuta gaude. Datorren astean Gasteizko jaiak berriro.... aguantatu beharko ditugunak!

Salatzen duzun kasuan, nik uste, antolakuntzako norbaitek hartuko beharko luke ardura argazkilariei esateko non geratu behar diren. Berez ez litzatekeela beharrezkoa izango? Bale, baina bestela ez dut uste arazoa soluzionatuko denik...
Inaki Zugasti
2009/07/30 09:59

BAI LAGUNA !!! ERRIDIKULUA EITXEN ZEBIZEN!!!

Beti pentsatu izan dut nolako lotsagarria izango litzatekeen ni argazki baten edo bideo baten horrela harrapatzea!

Niretako amesgaiztoa dena lanaren harrotasuna omen beste batzuentzat, horrela da bizi garen testuingurua. Funtsean dantzarekiko errespetu eza!

Edo orokorki esanda ERRESPETU FALTA!

Pixelen detaileen bila eta koreografiaren sarean erortzen diren argazkilarien kopurua larriki handitzen doa BAI!

Ikusi zintudan, (bai Oier!) ETBko erreportajean mikrosegundo baten nola zeunden jendearen atzean zure gorputzaren oreka eta argazkiaren estabilizazioen arteko konpromisoa gainditzen.

Eta hauxe da nire ERRONKA pertsonala:

EZETZ HARRAPATU PLAZA ERDIKO ERRIDIKULOAN!

oier
2009/07/30 10:39
Eskerrikasko zuen komentarioengatik. Muga non dagoen ez da oso garbi antzematen beti, eta neuk ere, behin edo behin marra hori pasatu ote dudan kezka izaten dut. Oraingo honetan nahikoa argi dirudi muga pasatu dela. Arazoa da ordea egin duena ohartu ote den horretaz.
2009/07/30 18:53
Aupa Oier. Zurekin guztiz ados nagoela esan nai dizut. Ni ere dantzaria naiz, zumarraga urretxuko irrintzi dantza taldekoa. Uztailaren 2an, santa isabel egunean, zumarragako ezpatadantza dantzatzen ari nintzela zumarragako antioko ermita barruan, kameralari bat neukan nere muturraren aurrean. Hasiera batetan neuk mugitu behar izan nuen alde batetara, hankak altxatzeko tokirik ez nuelako, bera ez bait zen mugitzen. Besoen jokua egiteko garaian berriz, gertuegi zegoenez, hiru aldiz jo nuen eskuarekin, baina berdin izan zitzaion. Ez zen mugitu ere egin. Bukatutakoan kontuak eskatu nizkion eta kamera berezi bat zela eta ezin zuela mugitu eta bera esandakoa egiten ari zela esan zidan. Kameralari hau gipuzkoako foru aldunditik etorri zela esan zidaten (ezin dut ziurtatu). Benetan lotsagarria da hauek duten jokabidea batzuentzat halako garrantzia duen ekitaldi batetan. Tamalez Zumarragan urteak daramatzagu egoera hau jasaten, egun horretarako antolatzen den argazki rallyaren ondorioz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Oier Araolaza

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. dantzan.eus-eko editore lanetan aritu naiz zenbait eta urtez gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Babestu dantzan.com