Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Osaba Jaime hil zutela 25 urte

Dokumentuaren akzioak

Osaba Jaime hil zutela 25 urte

2005/10/24 11:20

Ohi bezala, bazkalostean lanera itzuli aurretik kafea hartzen zegoen Iriondo tabernan. Gizon bat tabernan sartu, beregana hurbildu eta tiro egin zion. Bertan erori eta hil zen osaba Jaime. 1980eko urriaren 23a izan zen. Orain 25 urte. Sententzia judizialaren arabera Juan Carlos Arruti Azpitarte izan zen hiltzailea. Komando Autonomoek hartu zuten beren gain erahilketa.

Jaime Arresek 44 urte zituen. Emaztea eta bi seme. 14 eta 17 urte zituzten lehengusuek egun madarikatu hartan. Nik zortzi urte nituen eta flash batzuk baino ez ditut oroimenean. Etxeko pasiloa ilun gogoratzen dut eta gurasoen aurpegi larriak. Eta hortik aurrera krudelkeriak kolpatutako familia baten mina. Itxaropenak eta ilusioak borborka dabiltzan adinean, nekez imajina daiteke nola aurkitu ahal izan duten bidea aita modu horretan galdu duten nerabeek.

Flasha berriz ere eta osaba Jaime futbolaria, atezaina, ageri zait. Lerun-en, futbol zelaietatik erretiratuta egon arren adiskidantza partidaren baten aitzakitan praka motxetan berriz ere. Gurasoek kontatutakoekin eta argazkiekin osatzen da osaba Jaimeren irudia. Baina trajediaren orbanak ez dit osabaren irudi atsegina borobiltzen uzten.

Elgoibarko Barren aldizkarian erreportajea argitaratu da asteburuan. Bertan jaso denez Elgoibarko alkate izana zen Jaime Arrese, 1974an hasi eta 1977an dimititu zuen arte. 1975. urtean ikurriña legeztatu zenean, berak jarri zuen Elgoibarko udaletxeko balkoian lehen aldiz. Jaime Arreseren hilketa kondenatuz mozioa atera zuen Elgoibarko Udalak. EAJ, PSOE, PCE, EE eta ESEIko zinegotziek aldeko botoa eman zuten, eta Herri Batasuna abstenitu egin zen.

Hiltzaileak ondo frogatua du mina, amorrua eta gorrotoa ereiteko duen gaitasuna. Horrek ezerren ez inoren askatasunarekin zerikusirik ote duen bestelako kontua da. Inork inoren heriotza zerbaitetarako mesedegarri izan daitekeela uste badu, egin diezaiola tiro bere buruari, horixe baita bere-berea duen bizi bakarra.

Dokumentuaren akzioak

iturri
2005/10/24 22:15

Kaixo Oier:

Sentitzen dut zure osabarena.

Ea behingoz aurrera begirako urratsak ematen hasten garen herri honetan.

Aurrera bai, baina atzea ahaztu gabe.

Animo.

edu
2005/12/01 16:32

Kaixo Oier,

Ez nuen Barren-en argitaratutako erreportarjea irakurtzerik izan, baina bai Barreneko 551. zenbakian Aitor Zabaletak idatzitako karta ederra, zuen osabarekiko interesa piztu ninduena.

Zure mezu hau ere asko gustatu zait.

Ondo-ondo segi.

oier
2005/12/01 18:05

Kaixo Edu,

Bai, niri ere asko gustatu zait Aitor Zabaletaren gutuna. Barrutik idatzitakoa eta Aitor bera nolakoa den argi asko erakusten duena.

Eskerrikasko.

Aritz
2006/01/27 01:20

Aupa Oier,

Azken Argia eskuetan hartu eta zure artikuloa irakurri dut (izurri berria,...). Orriak pasa eta Aitor Zabaletaren beste artikulo batean jarri dut harreta.

Irakurri ahala hariak lotu eta zure blogean irakurritako mezu hau etorri zait burura. Horrelakoetan inoiz ez dakit zer esan, baina imajinatzen dut animoak esker honez hartzen direla egoera hauetan. Beraz, hoixe, animo!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.