Dokumentuaren akzioak
Mozorrotzeen kronika bat
Eguen zurian hasi esan dut, baina lan kontuekin berandurarte ibili nintzen ostegun gizenean, eta inauteriei usainik ez nien hartu ostiralararte. Kaldereroen etorrera ospatzen dugu Eibarren barixaku erregularrean. Badira 16 urte kaldereroen jaia berreskuratu zela Eibarren, eta berreskuratu diot, gerra zibilaren aurretik ere ospatzen baitzen kaldereroen jaia Eibarko aratosteetan. Aurten gonbidatu bereziak Zuberoatik iritsi dira Eibarrera. Mauleko Tokia Theatre antzerki konpainiaren eskutik Kauterak ikusgarria eskaini da kaldereroekin batera. Maskaradetako kauteretatik abiatuta, inauterieetako iruditeria eta pertsonaiak baliatuz, eta antzerki garaikidearen moldeak eta su-baliabideak egokituz, kale ikusgarri ederra paratu dute Tokia Theatrekoek. Kalderero eta Kauterak inauterien etorrera elkarrekin ospatu genuen Eibarko kaleetan.
Zaku-zarrak
Igande arratsaldea Lesakan. Pilotaleku ondoan aurkitu ditut herriko gazteak mozorroak prestatzen. Lasto tontor bat dago bazter batean eta zaku-zar-gaiak zakuen barrualdea laztoz betetzen ari dira. Dozena bat argazkilari klik, klik, klik, klik ari dira, eta erdi-erdian telebista kamera pare bat, horietako bat, steady-cam batekin, hiru lagun argiztaketa lanetan, bestea jirafa-mikro batekin. Zine plato bat dirudi honek. Hasi naiz ikasten inauterietan, kalejira eta emanaldiak beste, mozorrotze prozesuak berak direla festa eta ikusgarri. Mairu batzuk eta goitar batzuk ere bertan dira mozorrotzea gertutik jarraitzen.
Hanka bakoitza zaku batean sartu eta lastoz bete. Gorputza beste zaku batean sartu eta hori ere lastoz bete. Ondoren, emakume talde batek hanketako zakuak enborreko zakuarekin josten dizkiete. Aurpegian zapi txuria jarri eta guraizeekin zuloak ebakitzen dizkiete. Begientzat zuloak ondo datoz, baina presa gehiago dute gazteek ahoko zuloa irekitzeko. Garagardo botilak biberoiak bailitzan hustutzen dituzte. Ez dakit lasto barruan bero dagoelako den, etxetik egarrituta etorri diren, ala ondoko erakustaldi fisikorako hidratatzen eta depositoa gasolinaz betetzen ari diren.
Hasi da zaku-zar taldea lerroan jarri eta martxan jartzen. Ez ditut kontatu baina 40 inguru izango direla kalkulatzen dut. Gehienak mutilak, baina badira bospasei neska tartean. Makil luze bat du eskuan lerro buruak eta beste makila luzea darama azkenak. Atzetik musika banda dute. Musika hastearekin batera hasi da zaku-zarren martxa. Puxikak batera eta bestera indarrez astintzen dituzten eta erritmo biziz gurutzatzen dituzte Lesakako kaleak. Aurretik, inguruan eta atzetik ikusle, argazkilari eta festazale talde zabala. Aldian behin gelditu eta fandangoa dantzatzen dute zaku-zarrek, besoekin, oin astun horiek altxatuko dituenik ez baitago. Makina bat zaku-zar altxatzen lagunduta, ipurdia puxikek ondo berotuta eta zaku-zarren segida osoaren irudi indartsua gogoan utzi dugu atzean Lesaka.
Ziripot mozorrotzen
Esan dut lehen ere. Mozorrotze prozesua bera ikuskizun eta festa da inauterietan. Astelehen eguerdia da Lantzen. Kaleetan gora eta behera dabiltza hainbat ikusle, eta baita bizpahiru eskolatako ikasle mordoska bat ere, asper-asper eginda. "12.00etarako etorri gara eta bagoaz Iruñea aldera", esan digu irakasle batek. Inauteria hasi orduko 14.00-14.30ak izango dira eta ikasleek dagoeneko ongi miatu dituzten Lantzeko lau kaleak txangorako zeramaten paga xahutzeko denda bila. Iruñean gastatu beharko dute.
Ostatuan hamaiketakoa bukatzen ari dira herriko gazteak. Ostatuaren lehen solairuan bertan, Fermin Garaikoetxeak txistua atera du eta Fermin Salaberri atabala prestatu du soinean. Lantzeko Zortzikoaren lehen doinuekin hasi dira gazteak mahaitik altxatzen eta zortzikoari lehen bueltak ematen. Gorputza piska bat berotu ondoren, ganbarako atetik ezkutatzen hasi dira. Irripartsu eta atsegin agurtu gaitu Mintxok ohi bezala. "Nahi duzu gora igotzea?". Jo du ganbarako atea eta atezainaren adar-jotzeak gora-behera sartu gara eskilaretan gora.
Ganbara ilun eta zabalean sartu gara. Garo sikua lurrean, eta leihoko argi txuriak lagunduta gazte bat ari dira jazten beste bospasei lagunen artean. Hanketako zakuak garoz bete dizkiote lehenengo. Gorputzeko zakuak lan gehiago izan du. Bizkarrean belarmeta oso bat sartu behar diotela dirudi. Atezainak ganbarako atea ireki duela dirudi eta jendez lepo dago. Eutsiko al dio egur zaharreko lur honek gu guztion pisuari?? Argazkilari guztiak Ziripot izango denaren inguruan ari dira. Gaur ez dago telebista kamerarik, eskerrak, horien foko indartsuek argi naturala izorratzen dute. Ganbara erdian, zutik, eta bakar-bakarrik dago Mielotxin. Ondoan jarri eta izugarria dela konturatu naiz. Hiru metro erraz.
Perratzaileak agertu dira dagoeneko Lantzeko kaleetan. Itxura beldurgarria dute. Halako batean eztanda egin du inauteriak. Txatxoak bazter guztietatik atera dira, zaldikoa eroantzean dabil batetik bestera ihesean, Ziripot behin eta berriz bultzatu eta lurrera botatzen du, eta Fermin eta Ferminek txistu, danbolin eta atabala dantzarazten dute. Lantzi itzulia egin ondoren pilotalekura iritsi eta zortzikoa dantzatu dute. Bai luze dantzatu ere. 10 minutuz ariko ziren zortzikoa dantzatzen. Segidan fandangoa eta arin-arina jo dute txistulariek, eta handik ostatura erretiratu dira mozorroak.
Zomorroak Goizuetan
Kezkatuta dabiltza Goizuetako gazteak, inoteak asteartean ospatzea gero eta zailago gertatzen zaielako. Aurten inauteri aurretik bilera egin dute herrian, eta adinekoek esan dute horrela behar duela, asteartez, eta beraz, gazteek ahalegina egin dute tradizioari eusten. Bazkalostean, kafea luzatu gogotan aurkitu ditugu Goizuetako gazteak.
Nagitasunak astindu eta mozorro edo makilariak hasi dira tabernatik ateratzen. Baita zomorro edo ikazkinak ere, zagia bizkarrean eta aurpegia beltzez eta begi eta ezpainak gorriz margotuta dituztela. Soinujoleen erritmora Goizueta mutur batetik bestera gurutzatu dute, kale-mutur bakoitzaren aurrean geratu eta zagi-dantza eginez. Zomorroek neskak harrapatu eta muxu emanez hauei aurpegia belzten diote.
Zagi-dantzaren doinua burutik kendu ezinda pasa ditugu Goizuetatik irteteko pasa beharreko seirehun errebueltak. Sardinaren ehorzketa ospatzen ariko dira dagoeneko hainbat tokitan. Etorriko dira inauteriak datorren urtean ere.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Hori da, hori, tournee turistikoa! Gu maskarada ikusten izan ginen Atharratzen, eta umeei heavyegia iruditu zitzaien. Basakeria horrek ematen die, ordea, egiazkotasuna. Zure kronika asko gustatu zait, baina... zer-nolako zirrara eragin zieten ikusleei herri bakoitzeko pertsonaiek? Hori jakiteko gogoz gelditu naiz. Ea hurrengoan kontatzen didazun/diguzun! Bitartean, ondo-ondo izan,
Egia da Ana, inauteriak bortitzak dira maiz, eta umeentzat heavyak gertatzen dira batzuetan. Gure Izar hartzarekin beldurtu zen ostiralean eta kosta zitzaion lasaitzea. Izan ere inauteriak ez dira ume-jolasa. Eta umeek ere azkar ikasten dute beldurgarri bezain erakargarri gertatzen zaizkien jai horiekin gozatzen.
Ikusle bakoitzarengan inauteriak duen eragina ezin jakin nik. Giroa bizi-bizia antzematen da egoera horietan, eta urteroko errituala izan arren, pertsonaia eta egoera horiek adrenalina topera jartzen dutela antzematen da. Hortik aurrera onena bakoitzak bere esperientzia bizitzea da. Ondo bizi zuek ere!
Kaixo! Ikusten dut gehienak han eta hemen ibili zaretela inauteritan. Eibartarrak Nafar-mix izugarria egin du!. Ni aurtengoan ez naiz oso urrutira joan. Larunbatean Labianon izan ginen fanfarrekoekin eta Igandean Iruñean (musikari afizionatuen gauza onak). Iruñean bizpahiru koadrilla baino ez ziren, baina gogotik egiten zuten dantza eta gustora ibili ginen. Labianon aldiz inauterien zirrara hori sentitu genuen. Herriko argi guztiak itzalita zeudela iritsi ginen eta ikusi genuen lehenengoa Filibert izan zen (maskara txuridun pertsonaia, jendearen atzetik hauek izutzen zihoana), eta benetan bildurtu gintuen. Badakizu pertsona bat dela atzean dagoena, baina gaua, sua, mozorroak... halako zirrara berezia sortzen dute. Asteartean Lantzera joatekoak ginen baina azkenean ezin, ta Unanurako gonbiteari ere azken aldian ezetz esaten diogu (heavyegiak dira) Ongi izan
Oso kronika polita Oier.
Ni igandean Lesakara joatekotan izan nintzen, baina futbola zegoen eta ezin. Atzo Goizuetara joatekoa nintzen, baina gurasoak oporretatik bueltan zetozen eta haien bila joatea tokatu zitzaidan. Azkenean ez batera ez bestera.
Etorriko dira inauteriak datorren urtean ere. Beharko!
Bai Aritz, horixe dute ona (eta txarra) inauteriek. Datorren urtean berriz etorriko direla, eta datorren urterarte ezin dugula haiekin gozatu! Iruñean esaten duzuen bezala, gutxiago falta datorren urteko jaietarako.
aurtengo mozorroak oso onak dia