Dokumentuaren akzioak
Sortzaile profesionalak eta kulturgile amateurrak
Oier Araolaza
Euskal kulturgintzako langileen prekarietate laborala agerian jarri duen jardunaldia egin dute Donostian. Bertan agertu dituztenak, hala nola Atxagaren pentsioa edo Ander Lipusen etsipena, esaterako, aski beharko lukete Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuak dimisioa emateko. Kultura sistema osoak uko egin beharko genioke euskal kulturgileak miserian mantentzen dituzten kultura agintariekin argazkietan gehiago ateratzeari. Badirudi hori dela euskal kulturatik interesatzen zaiena, limosnatxoen truke argazkian kulturgileekin ateratzea, Urdaibaiko Guggenheim edo Bruce Springsteeni dirutzak bideratzen dizkieten bitartean.
Euskal munduarentzat hil ala bizikoa da euskal kulturgintza babestea. Euskal kulturarik gabe ez dago euskal mundurik; euskal kulturak egiten du gure mundua "euskal" izatea. Hori salatzen ondo ari da euskal kulturgintzaren talde bat (Lanartea, Jalgi, UEU, Jakin, e.a.), baina hori egiteko erabiltzen ari den hautu terminologiko eta begirada zatitzailea eztabaidatu nahi nituzke. Batetik, "sorkuntza" eta "sortzaile" terminoen aldeko apustuaz ari naiz, hautu okerra iruditzen baitzait, euskal kulturgintzaren etsaiak, merkatuak, irentsarazi digun izendapena. Bestetik, fokua ia-osoki kulturgintza profesionalean jartzea huts larria eta bidegabea iruditzen zait. Erakunde publikoak (Jaurlaritza, Etxepare, Diputazioak, udal handiak...) ere aspaldi dabiltza izendapen horiek bultzatzen eta sektore profesionala lehenesten.
Ez da nahikoa dantzaria, idazlea edo musikaria izatea?
Planteamendu horrekin euskal kulturgintzatik kanpo uzten da ekosistemaren parte handiena: bere burua herri-kulturgintzan kokatzen duena, ez duena kulturgintza profesionalki hartzen, eta sortzaile eta sorkuntza izendapenak urruti sentitzen dituena. Kulturgintza zatikatzea eta batzuen borroka ez dela guztiona pentsatzea dakar horrek, boterearen ohiko praktika jendartea dominatuta izateko. "Sorkuntza" eta "sortzaile" izendapenak gure egitean, kulturaren interesa merkatuan duen balioaren neurrikoa dela onartzen ari gara. Kulturgintza profesionala baino ez dugunean aintzat hartzen, kulturgintza beste modu batera bizi duten guztiak, profesionala bera sostengatzen duen ekosistema osoa, kulturgintza denik ukatzen ari gara, edo ez behintzat, profesionalaren mailakoa.
Jardunaldiak izenburua "Euskal Artisten II. Mintegia" bazuen ere, kroniketan sorkuntza eta sortzaileak ageri zaizkigu behin eta berriz. Berrian nabarmendutako aipuetan, "Idazle eta sortzaile" edo "Musikari eta sortzaile" izendatu dituzte. Idazlea jartzea ez zen aski? Edo musikaria? Nondik dator "sortzailea" gehitzeko beharra? Badago sortzailea ez den idazlerik?
Mintegiaren kronikak osatuz, kulturgileak babesteko programa baten berri eman du Berriak, Irlandako gobernuak martxan jarritakoa. Horren arabera, 2.000 artistari 1.300 euroko oinarrizko soldata bermatu diete Irlandan. Artikuluak "artista" eta "sortzaile" parez pare darabiltza, baina Irlandako programa horren inguruko dokumentazioan ez da "sortzaile"ren pareko litzatekeen "creator" aipatzen; "artists", "arts workers" eta "creative arts workers" dira erabiltzen diren izendapenak.
Zatiketa eta gutxiespena
Kulturgileak ―edo behintzat kulturgile batzuk― "sortzaile" eta haien jarduera "sorkuntza" izendatzeko joera kulturgintza profesionalari lotuta ageri zaigu. Kultura-produktuak saltzeko gero eta ohikoagoa da idazle, musikari, dantzari edo antzerkilarien ahotik "sorkuntzan" dabiltzala entzutea, nahiz eta alor horietan ohiko jardunean aritu, alegia, idazten, musika egiten, kantuan, antzezten edo dantzan. Beren burua "sortzaile" eta beren jarduna "sorkuntza" izendatzen duten gehienek partekatzen duten ezaugarria kulturgintzan profesionalki aritzeko nahia da.
"Sortzaile" eta "sorkuntza" terminoek kulturgintzaren sektorea zatitu eta mailakatzen dute. Kulturgintzan anbizio profesionalik ez duen sektorea, amateurra deitzen dena, ez da normalki izendapen horrekin identifikatzen. "Profesionala" izendapenak ere bereizten du kulturgintza sektorea. Kulturgintzaren merkatuan "profesionala" da aintzat hartu behar dena. Ostera, herri-kulturgintzako esparru batzuetan, "profesionala" kulturgintzan diru-truke dabilena da, bolondres ari diren guztien artean kobratzen duen bakarra. Ustez kalitatea ere adierazten du "profesionala" horrek, baina amateurra ohartuta dago "profesionala" ez dela kalitate bat. Batzuetan kontrara gertatzen dela, profesionalak lan-orduak neurtu behar izaten dituela eta amateurrak ez duen errendimendu ekonomikoaren presiopean lan egiten duela. Gainera, badira kulturgintzan profesionalki arituta ere beren burua "sortzailetzat" edo beren jarduna "sorkuntzatzat" izendatzen ez dutenak: konpositore batek idatzitako musika interpretatzen duten musikariak, koreografoak prestatutako dantzak interpretatzen dituzten dantzariak, literatura itzultzaileak, antzerki interpreteak, etab. Bai, badakigu, denok gara "sortzaileak", baina denok bagara sortzaileak, zertarako balio du sortzaile izendapenak?
Ez izan sortzaile
Unai Iturriagak ohartarazen du: "Langileak bagara, langile moduan kexatu behar dugu". Bat nator. Kulturgintzako langileak, jar gaitezen ados horretan eta saihets ditzagun kapitalaren zepoak. "Sortzaile" eta "sorkuntza" kulturgintza izendatzeko gero eta gehiago baliatzea kultura merkatuaren terminoetan ulertzen dutenen mesederako jarri diguten tranpa da. Kulturaren industriak produktuak saltzea bilatzen du eta produktuak saldu ahal izateko jabetza bat izatea behar dute. Horretarako asmatu zen "egiletza" kontzeptua eta bereziki "egiletza eskubideen jabetza": komunitarioa, kolektiboa, publikoa den ondarea indibidualizatu eta pribatizatu ondoren, produktu bihurtuta saldu ahal izateko. Kulturgintza ez baita existitzen indibidualki, ezer jasotzen ez badugu ez dugu ezer emateko. Kontrakoa esaten bada ere, egiletza eskubideak ez du bilatzen egilea babestea, kultura merkatuan saldu ahal izateko produktu bihurtzea baizik. Gero aztoratu egiten gara ohartzen garenean "sortzaile" izendatu duguna dela kulturgintzatik bizitzeko modurik ez daukan bakarra.
Esan dezagun argi eta garbi, "egile eskubideak" dira kulturgintzaren, eta bereziki beren burua "sortzaile" moduan aurkezten duten kulturgileen etsairik handiena. Merkatuak sinestarazi dizue lan-orduak ordaindu beharrean egiletza, sorkuntza dela ordaindu behar zaizuena eta horregatik zaudete tematuta "sortzaile" izatearekin. Onar dezagun behingoz, inor ez gara ezeren sortzaile, baizik eta transmisore, herri baten kulturaren transmisore. Kultura horren egiletza eta jabetza ez da beren burua "sortzaile" izendatzen dutenena eta gutxiago hori merkaturako produktu bihurtu nahi duen kapitalarena. Kultura gure aurrekoen eta ingurukoen, gertukoen zein urrutikoen ekarpenarekin osatzen den jarioa da. Kultura ez da egiletza indibidualera murriztu daitekeen jabetza. Kultura jendartean egiten da eta hor bizi da.
Izan zaitez kulturgile
Euskal kulturgileak, kulturgintzan profesionalki jardun nahian dabiltzanak, ordaindu behar dira egiten duten lanarengatik, euskal kulturarentzat eta euskal munduarentzat ezinbestekoa den lan horrengatik. Ez sortzaile izateagatik edo sorkuntza egiteagatik, baizik eta euskal kulturaren langile direlako eta euskal munduarentzat dagoenik lanik garrantzitsuena egiten laguntzen dutelako. Bide horretan, ongi-etorri Irlandako eredua, baina soldata bikoiztuta gutxienez, 1.300 euro prekario horiek "sortzaile" lanarekin osatu beharreko tranpa baitira. Euskal kulturaren transmisioan diharduten langileei bermatu behar diegu soldata oso ona, ez duina bakarrik, gure herriarentzat lehentasunezko egitekoa duten langileei zor zaienaren mailakoa. Utzi sortzaileen tranpa kapitalarentzat.
Baina euskal kulturgintza ez dute bakarrik kulturgintzako profesionalek egiten eta ez dute inoiz haiek bakarrik egin ahal izango. "Ez dugu euskara biziberrituko euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu ez badago" esan zuen Gotzon Barandiaran-ek mintegian Berrian jasotakoaren arabera. Halaxe da, ez euskara, ez euskal kultura ez dira biziko euskal kulturgintzaren ekosistema gabe. Baina ekosistema hori ez da soilik profesionala. Ihitz Iriart-ek ohartarazi zituen mahaikideak: "Kulturgintza entzuten dugunean, ibilbide profesionalari erreparatzen diogu. Ongi da, baina badu bere arriskua: kultura egiten ari den masa erraldoi bat uzten ari gara kanpoan". Ekosistema hori herri-kulturgintzak osatzen du, kulturgintza amateurrak. Profesionala ez den eta bere burua sortzaile moduan aurkezten ez duen kulturgintzaren sektore horrek osatzen du ekosistema, eta sostengatzen du eta sostengatuko du euskal kultura eta euskara.
Profesionalak babestu behar dira, hori lehentasunezkoa da, baina horrekin batera eta hori bezain ezinbestekoa da herri-kulturgintza, bolondresa, amateurra babestu eta bultzatzea. Hori galtzen badugu akabo dena. Eta orain bertan, erakundeak, komunikabideak eta kulturgintza profesionala, triangelu biziatuan elkarri begira jarrita daude, ekosistema bere sorbalden gainean sostengatzen duen kulturgintza aintzat hartu gabe.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?


