Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari iruzkinak eta ekarpenak

Dokumentuaren akzioak

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari iruzkinak eta ekarpenak

2011/02/02 15:51
Pasa den abenduaren 13an Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera burutu zen Bilbon, Guggemheim museoan. Jaurlaritzan gobernu berria zegoenetik egindako lehen bilera izan zen, eta aurretik zegoen kontseilua ia-erabat aldatu zuen Kultura Sailak. Kide gehienak berriak ziren, eta tartean neu ere izan nintzen, dantzak erakundeen laguntza handiagoa behar duela defendatzeko prest.

Aurkezpenak eta sailburuaren sarrera hitzaldiaren ondoren, Kontseiluaren lehen lanak zeintzuk izango diren azaldu ziguten. Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua aurkeztu ziguten, eta kultur politika gidatu beharko duen planari gure kritikak, iruzkinak eta ekarpenak egiteko enkargua egin ziguten.

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa honako wiki honetan irakur daiteke. Diputazioek, Udalek eta beste hainbat eragile eta kontseilukide bere ekarpenak egiten ari da azken hilabeteetan, eta pentsatzekoa da horiek guztiak aintzat hartuta borobilduko duela Jaurlaritzak bere azken dokumentua.

Nire iruzkinak eta ekarpenak bildu eta bidali nituen (wiki baten bidez egiteko aukera zegoen, baina nahiago izan nuen testu bakar batean biltzea dena, koherentzia emateko) eta lerro horiek blogera dakartzat orain. Nahi izanez gero pdf honetan ere dago testu osoa.



Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua: Iruzkinak eta ekarpenak

Oier Araolaza
dantzan.com


Dantzari, dantzan.com elkarteko kudeatzaile eta Kulturaren Euskal Kontseiluko kide moduan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2011-2012 eperako proposatu duen Kulturen Aldeko Herritatartasun Kontratuaren inguruan zenbait iruzkin eta ekarpen egitera nator. Partehartzea bideratzeko galdetegi eta wikiguneak sarean eskura izan arren, nahiago izan dut nire ekarria dokumentu batean bilduta eskaini, diskurtso nagusi baten arabera antolatuta baitaude ekarpenak eta segida horretan gorpuzten baitute beren esanahi osoa.

Uko egiten diot administrazio publikoan kudeatzaile politiko talde berria sartzen den bakoitzean aurreko ibilbidearekin eten eta hutsetik hasteari. Kudeatzaileak aldatu dira, baina alor horretako teknikariak eta kultura alorrean dihardugunak ez gara egun batetik bestera aldatu, eta ondorioz, ezin dugu aurretik egindako lana, eta aurreratutako bidea tupustean baztertu. Argi dago esku-artean dugun txosten hau, aurreko legealdietan Jaurlaritzaren Kultura Sailak berak bultzatutako Kulturaren Euskal Planaren oinordekoa dela. Plan horren azken formulazioa Jaurlaritzaren Kultura Saileko administrarien eta egitasmo horren kudeaketaz arduratu zen bulego teknikoak —oraingo enpresa bera, hain zuzen— erditutako zen. Baina horiekin batera, Udal eta Foru erakundeen ordezkaritzaren, eta kultura alorreko sektoreetako ordezkarion proposamenak, ekarpenak eta iritziak ere jasota zeuden. Ez zeuden sektoreetan agertutako kezka eta proposamen guztiak jasota, eta lehentasun eta baliabide banaketa ere ez zen sektoreen ardurakoa izan, baina proposamen gehienak kultura elorreko eragileen ekarpenetatik bildutakoak ziren.

Kulturaren Euskal Plana bukatutzat eman eta Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuarekin ordezkatzeko fase honetan harrigarria gertatzen zait aurreko planaren ebaluaketa zehatz bat ez aurkeztu izana. Etapa berria hasi ahal izateko beharrezkoa litzateke aurreko planak egindako ekarpenak baloratu, planaren betetze, arrakasta eta frakaso mailak zehaztu, eta ondoko urratsetarako ondorioak argi izatea. Edozein jardueratan oinarrizkoa litzatekeen urratsa da hori, eta zaila gertatzen da ulertzea zergatik ez den egiten (eta egin bada, ezagutzera eman) kulturaren kudeaketa publikoan.

Aurreko planaren ebaluaketa ezak, kontratu berriarekiko jarrerari eragiten diola iruditzen zait. Izan ere, zenbait sektoretan —dantza alorrean, hain zuzen ere—, planean jasotako akzio egitasmoak eta praktikan gauzatutakoen arteko aldeak kontratu berriaren aurrean izan dezakegun espektatiba baldintzatzen du, eta ondorioz, inplikazio maila. Probintzia bakoitzean Dantza-Etxe bat abian jarriko zela iragarri zen aurreko planean, eta momentuz Dantza-etxe bakarra dago martxan, eta ez Jaurlaritzaren ekimenez, Gipuzkoako Diputazioaren ekimenez baizik.

Eta ebaluaketarik ez aurkeztu izana bezain harrigarria gertatzen da diagnostikorik ez eskaintzea Kulturaren Euskal Planaren abiapuntua diagnostiko orokor baten lanketa izan zen. Sektoreko 300 ordezkarik parte hartu genuen bertan, eta hor ere, informazioa bildu, interpretatu eta kudeatzeko modua kritikatu bagenuen ere, gutxienez errealitate kulturala ezagutu eta premiak, gabeziak, aukerak eta arriskuak identifikatzeko ahalegina egin zen. Orain ez dakigu aurreko diagnostiko horri segitzen dio kontratu berriak edo berria darabilen. Izan ere, denbora pasa da eta gauzak aldatu egin dira ordutik —testuinguru berria bai aipatzen dela kontratuan—, baina ez dago argi zein den diagnostiko berria. Eta noski, diagnostikoa behar-beharrezkoa dugu kultura politikak norabide egokian bideratzeko.

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa aurkeztu zaio sektoreari bere ekarpenak egin ditzan. Aitortu behar dut prozedurari dagokionez nahiago nuela alderantzizko ordenean eman izan balira urratsak. Hau da, lehenengo sektorearekin eta kultura alorreko eragileekin hitz egin, eta ondoren, haien esanak aintzat hartuz osatu plan berria. Orden inbertsio honek garrantzi sinboliko eta praktiko handia duela iruditzen zait. Ez da gauza bera horrelako plan bat, eskuak aske ditugula, egituratzen hasteko proposamenak egitea, edo dagoeneko egituratua dagoen kontratu bati ekarpenak eta zuzenketak egitea. Kultura Saileko ordezkariek ez digute aukera hori eman nahi izan sektoreko ordezkariei, edo gutxienez ez dute lan hori elkarrekin egin nahi izan, eta nahiago izan dute beraiek markatu bidea.


Marko teorikoa

“Desadostasunak eta tirabirak” saihesteko asmoz, eta lan operatiboan zentratzeko gogoz, Kultura Saileko kudeatzaileek Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuan hitzaurre teoriko ideologizatua jartzeari uko egin diotela jakinarazi digute. Diagnostikorik gabe eta gogoeta ideologikorik gabe aurkezteak, ez du esan nahi ordea ez dagoenik. Testuinguruaren, irizpideen eta helburuen planteamenduetan antzematen da kontratua babesten duen planteamendu ideologikoa. Baina batez ere, lehentasunen antolaketak —edo antolaketa ezak—, argitzen ditu kontratuaren oinarriak.

Hitzarmenean jaso den moduan, mundu globalizatu eta mediatiko berriaren errealitatea oinarrizko ezaugarria da testuinguru honetan, eta ondorioz kulturaren aniztasunaren aldeko estrategiak beharrezkoak ditugu. Baina helburuetan aniztasun horren sustapena ez bada lehentasuna, efizientzia, kalitatea eta zerbitzuetan hobetzearekin maila berean uzten badugu, aniztasun hori bera jarriko dugu amildegiaren ertzean.

Kulturak eta aniztasuna hizpide ditugu, eta hemen eta orain, iraunbizi ala desagertu, kinka horretan dagoen kultura euskal kultura da. Aniztasuna kolokan badago euskal kultura bera kolokan dagoelako da. Globalizazioak euskal kulturaren beharra du benetan globala izango bada. Globalizazioaren izenean uniformetasuna bultzatzen da gehiegitan, eta desberdina behin eta berriz zigortzen da. Kultura aniztasunean sinesten badugu, txikia babestu eta sustatzera bideratu beharko ditugu indarrak, horixe baitago arriskuan.

Euskal kulturak oso errealitate desberdina bizi du bestelako kulturen ondoan, eta premia bereziak ditu. Edozein diagnostikok nabarmenduko luke hori, eta egoera hori ez du dagokion larritasunarekin azpimarratzen Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuak. Eta premia bereziak dituzten alorretan diskrimazio positiboa gauzatu behar da, genero politikan egiten den modu berean. Lan munduan txertatzea zaila da gizon eta emakumeentzat, baina argi dugu emakumeek oraindik zailago dutela, eta beraz, ez dugu zalantzan jartzen emakumeen aldeko diskriminazio positiboko politikak bideratu behar ditugunik. Euskal kultura modu berean babestu eta sustatu behar dugu.

Krisi egoerak, teknologiaren garapenak plazaratutako baldintza berriak eta gizarte ohituren aldaketak, besteak beste, testuinguru berrian jartzen gaituzte, bai. Mapa politiko berria eta gobernu aldaketak izan behar duen eragina eztabaidagarriagoa gertatzen zait. Gobernua aldatu da, baina kultura alorraren errealitatea ez da aldatu horregatik, eta bere premia eta beharrizanak ere ez. Baina esan bezala, testuinguru ekonomiko, teknologiko eta soziala bai aldatu dela. Beraz, kultur jarduerak baldintza berrietara egokitzeko ahalegina egin behar du, eta politika instituzionalak egokitzapen ahalegin horretan lagundu beharko lukete.

Aurrekontu publikoen murrizketak kultura alorrari ere eragin dio, eta beraz, oraindik zorrotzago jokatu beharra dago. Alegia, lehentasunak zehaztu behar dira. Eta lehentasunak premia larriena duten alorrak identifikatuz markatzen dira. Lehentasun horiek zeintzuk diren ez da garbi antzematen Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuan.

Kultur politikan zein lehentasunekin aritzeko borondatea dagoen ezagutzea beharrezkoa zaigu. Eta horrekin batera, borondate hori ekonomikoki nola islatzen den. Izan ere, alperrik da, aurreko legealdietan gertatu izan den bezala, hitzez asmo batzuk adierazten badira baina ekintzez ez badira horretarako baliabideak bideratzen. Azken finean, politika kulturala bideratuko duten irizpide eta asmoak argi eta garbi erakusten dutenak aurrekontuak dira. Kulturaren Euskal Planaren ekarpen garrantzitsu bat horixe izan zen: aurrekontu horiek, alorren arabera antolatuta, jaso zirela planaren txostenetara ekarri eta denok ikusi ahal izan genituela. Hauek ziren hain zuzen ere:

Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa miloi eurotan) kultura alorrean 2004 urtean:
  • EITB 98.60
  • Hizkuntza politika 32.90
  • Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
  • Musika 8,55
  • Zinema 4,21
  • Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
  • Liburutegiak 2,09
  • Antzerkia 1,81
  • Agiritegiak 1,03
  • Liburuaren sustapena 0,83
  • Arte plastikoak 0,52
  • Dantza 0,47

Zerrenda soil horrek gehiago balio zuen gainontzeko asmo-onen zerrenda, egitasmo eta plan estrategiko guztiak baino. Izan ere, dantza lehentasunezko alorra zela esaten ziguten bitartean, zerrendak oso argi erakusten zuen zein zen Jaurlaritzaren lehentasunen zerrendan dantzak hartzen zuen tokia.

Kultura plan batek ez du sinesgarritasunik aldamenean aurrekontua ez badu, eta oraingo honetan ere horixe falta da. 2011rako Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak kudeatuko dituen baliabideen zerrenda txertatu behar zaio kontratuari, alor eta jarduera mota bakoitzari bideratu nahiz zaizkion kopuruekin. Hor ikusiko dugu zein den benetako plana eta zeintzuk diren lehentasunak.


Zeharkako kontzeptuak
Profesionalak eta amateurrak
Kultura alorrean, eta zer esanik ez dantzan, profesionalak behar ditugu. Iruditzen zait profesional gutxi izatea dela gure gabezia, arazo eta ezintasun askoren arrazoietako bat. Gaur eta  hemen, dantza jarduera gehienak adibidez, ohiko lanaren ondoren, irakaskuntzan, enpresan edo kudeaketan zortzi ordu lan egin ondoren egiten dira.

Azken urteotan administrazioa profesionalizazioaren aldeko politikak bultzatzen ari da. Kultura alorreko laguntza eta jardueretan amateurrek parte hartzeko gero eta traba gehiago jartzen ditu. Burokrazioa izugarria da, eta diru-laguntzen deialdietan parte hartzea ia ezinezkoa bihurtu da horretarako azpiegitura profesional bat ez duenarentzat. Are gehiago, zenbait deialditan zehatz-mehatz adierazten da profesionalak bakarrik aurkeztu daitezkeela. Profesional izatea nolabaiteko berme artistikoa balitz bezala. Eta amateurrek ekoizpen artistiko interesgarririk egiteko izan dezaketen gaitasuna ukatuz.

Krisi aurretik kultura eta sorkuntza alorretako profesionalizazioaren aldeko aldarri hau izugarrizko kontraesana zen, eta zer esanik ez oraingo egoeran. Errealitateak urteak daramatza gure mutur aurrean jartzen herri txiki honetan ez dagoela nahikoa masa kritiko jarduera kultural gehienetan profesionalki aritzeko. Baina itsu eta entzungor, profesionalizazioa eskatu eta amateurismoa zigortzen jarraitzen dugu. Eta zentzu batean profesional kopuruak gora egin du. Jarduera artistiko gehienen inguruan badira profesionalki ari diren teknikariak, kudeatzaileak, idazkariak, ekoizleak, komunikariak, e.a. Artistak eta sortzaileak ez proportzio berean.

Profesionala izateak ez du kultur produktuaren kalitatea eta ekarpenaren mamia bermatzen. Are gehiago, ezagutzen ditugu artista profesionalak, artea ogibide hartu dutenetik ez dutenak aurreko mailarik eman. Amateur zirenean zerbait esateko zutenean ateratzen ziren plazara, ongi mamitu eta landu ondoren, ez baitzuten produktu kulturala ekonomikoki errentabilizatzeko asmorik eta itxaropenik. Bizimodua atera beharrak etengabe ekoiztu eta plaza publikoan egotera eramaten du profesionala, esateko ezer berririk izan ala ez.

Kultura alorrean profesionalak behar ditugu. Baina amateurrak ere bai. Ez dezagun inor zigortu bata ala bestea izateagatik.

Burokraziaren zepoa
Administrazioarekiko harremanak burokratizazio prozesu sakon batean sartu dira azken urteotan. Egitasmo kulturalak sustatzerakoan diru-laguntza publikoen babesa izan nahi duenak jarduera artistikoaz arduratzeaz gain bestelako hamaika lan egin behar ditu: epeen eta baldintzen zainketak, egitasmoen administrazioa, proiektu, memoria eta zuritze txostenen erredakzioa, komunikazio planak, oihartzunaren jarraipenak, diru-kontuak deialdien baldintzetara egokitzeko ekilibrioak, e.a.

Edozein sortzaile indibidual zein taldek, ekimen kopuru txiki bat izanez gero, lan horiek guztiak bideratu ahal izateko norbait “liberatu” edo horretarako espresuki kontratatu beharko du. Sormen lana kudeaketarekin uztartzen saiatzen den sortzailearen ilusioa berehala itotzen du administrazioaren burokrazia astunak. Baina sortzaile gehienek ez dute nahikoa baliabide lan horietarako profesional bat ordaindu ahal izateko.

Ondorioz, burokratizazio gogor honek sortzaile eta talde txikiak zigortzen ditu, eta konpainia eta enpresa handiak sustatzen ditu. Joera hau administrazioak nahita indartzen du, izan ere, askoz erosoago gertatzen baitzaio kudeatzaile profesionalekin lan egitea. Baina tamainak ez du zerikusirik kalitatearekin, eta erakundeen joera makur honek sorkuntzari kalte bakarrik egiten dio.

Administrazioaren jarduera makurren artean ere aipatu beharrekoa da epeen kudeaketa. Diru-laguntza deialdietan parte hartu nahi duenak erne ibili behar du epeekin, data pasata instituzioek ez baitute izaten gupidarik. Baina ondoren, administrazioak berak epeak bere nahieran baliatzen ditu.

Adibide bat. 2011ko urtarrilaren 21an, Jaurlaritzaren Kultura Sailak oraindik ez du jakitera eman musika, antzerki eta dantza jaialdietarako 2010eko diru-laguntzen banaketa. Iaz, 2010ean antolatutako jaialdiek, beraien aurrekontuak eta programak ixteko, zein diru-laguntza izango duten ez dakite oraindik. Jaialdiak egin ziren, artistak kontratatu ziren, eta haiei ere norbaitek ordainduko zien (kasurik onenean). Eta kasu gehienetan, kontuak kuadratzeko hil ala bizikoa izango den diru-laguntzaren berri ez dago. Kreditu pertsonalak, zorrak, insomnioa, tentsioa... antolatzaileen osasunarekin akabatzeko sistema bikaina. Hori bai, antolatzaileak, artistak, eta kultur zuzpertzaileak diru kontu guztiak ondo koadratuta izan behar ditu, ordain-agiri guztiak behar bezal eginak, eta abar...

Adibide hori ez da salbuespen bat. Urte batean deialdi bat izaten da eta hurrengo urtean beste hiru, eta batzuk berandu ateratzen dira, eta beste batzuk zentzuzko epe guztiak iraganda. Baina horrekin bizitzen ikastera behartuta dago kultura eragilea. Eta honetan ere, berriz ere txikiak zigortzen ditu bereziki administrazioak. Egoerari aurre egiteko baliabide gutxiago ditu, ez dauka beste egitasmorik zulo horiek estaltzeko, e.a.

Kultura eta jaiak

Bitxia da jaiarekin gertatzen ari dena. Urteak dira zenbait kultura adierazbidek jaia dutela bere hedapen esparru nagusia eta honenbestez sostengua. Jai egitarauek elikatzen dituzte musika, antzerki (kalekoa bereziki), dantza, bertsolaritza eta bestelako zenbait jardueraren zati  handi bat. Jaiei esker egiten dira alor horietan kontratu, emanaldi eta ekitaldi gehienak.

Jaiak kultur programazioan duen pisua benetan handia da, baina hala ere, jaiak, jaietako antolatzaileek eta jaiak finantzatzen dituztenak ez dira aintzat hartzen horrelako kultura planetan. Ez sektore bezala, ez zeharkako aztergai bezala. Jaia ez dago presente kontratuan. Eta gaur eta hemen, jaia ezabatzen badugu heriotz zigorra litzateke ekoizpen artistiko multzo handi batentzat, eta herren ikaragarria beste askorentzat.

Euskal Hiria
Zein lurralde planifikazio eta garapen eredu dauka barneratuta kulturaren kontratuak? Bernardo Atxagak proposatutako Euskal Hiria kontzeptuak zeresan handia eman du zenbait urtetan, baina orain, lurraldetasunari buruzko diskurtsoa probintziakeria eta hirizentrismoa baino ez da. Bilbok A badu Donostia eta Gasteizek ere A2 eta A3 nahi dute, Donostiak B badu Bilbok B2 eta Gasteizek B3 nahi dute,...

Azpiegitura publikoen inbertsioak, kultura alorrekoak barne, probintzien arteko oreka eta hiriburuen handinahi aseezin horren arabera garatzen ari dira. Museoak, auditorioak, eskolak, sorkuntza guneak, liburutegiak,... Eta joko itsu horretan, lehendik erabat gainezka zeuden hiriburuetan pilatzen jarraitzen ditugu azpiegiturak. Musikene Donostian zegoenez, Eszenika Bilbon jarri beharra zegoen, nahi eta nahi ez. EITB Durangotik Bilbora eraman izana, lurraldetasunean nagusi den irizpide hirizentristaren erakusgarri da.

Hirizentrismoak hiriguneen kolapsora garamatza eta lurraldearen garapen desorekatua sustatzen du. Probintzia guztietan, edozein herri eta hiriburuaren artean, ez dago ordu erdiko distantzia baino gehiago. Hiriburuetan auzoetatik eta hiri-ingurutik erdigunera dagoen tarte antzerakoa.

Kulturaren esparruak, Euskal Hiria kontzeptu bezala berreskuratu, eta lurraldetasunaren eredu orekatu eta barreiatu bat sustatzeko aitzindaritza hartu beharko luke bere gain. Kulturaren kontratuak, hirizentrismoaren aurkako kontzientzia integratu eta zeharkako lerrotzat hartu beharko luke.


Marko operatiboa

Dantza

Ezer baino lehen adierazi behar dut dantzaren alorrak ez duela erakundeen aldetik beharrezkoa duen harreta eta babesa jasotzen. Bere egituratze maila oso baxua da, eta aurrekontuetan antzematen den bezala, kultura jardueren artean babes txikiena jasotzen duenetarikoa da. Eta dantza genero desberdinen artean, euskal dantza tradizionalak arreta berezia behar duela aldarrikatu nahi dut. Izan ere, dantza klasiko eta garaikideko eskolak, konpainiak, sortzaileak eta programazioak mundu osoan aurki badaitezke ere, euskal dantza tradizionalak hauxe du berezko tokia, eta tamalez, hemen ere ez du behar duen babesa.

Katalunian, Rubi herrian, Kataluniako Dantza Tradizionalaren Zentroa jartzen ari dira martxan. Egoitza prestatzen ari dira eta lan-taldea kontratatzeko deialdia egin dute. 2010ean, ez daukagu euskal dantzaren alorrean ikerketa, irakaskuntza, sorkuntza, dokumentazioa, sentsibilizazio eta aholkularitza, maila zorrotz eta profesionalean bideratzen duen zentro publikorik. Eta horixe da eskatu, aldarrikatu eta proposatzen dudana:

Euskal Dantza Tradizionalaren Zentroa sortu dezagun behingoz. Euskal dantza tradizionalaren alorrean ikerketa, dokumentazioa, formazioa, dibulgazioa, sustapena eta aholkularitza koordinatu eta zentralizatuko duen gune publikoa sortu.

Horrez, gain, Eusko Jaurlaritzak dantza sustatzeko bideratzen dituen programetan, dantza tradizionala ez dadila baztertu, eta beste modalitateen maila berean aintzat hartu izan dadila eskatzen dut.

Dantza tradizionaleko kaleko emanaldiak sustatzeko programak, zirkuitoak edo sareak sortu. Dantza tradizionalak berezko esparrua du kalea, eta antzokietan antzerki, musika eta dantza emanaldiak sustatzeko programak bideratu diren bezala, beharrezkoa da kaleko emanaldiak sustatzeko programa bat abian jartzea. Dantza kalean programatu nahi duenak izan dezala katalago batetik hautatu eta aurrekontuaren zati bat babestuta taldeak kontratatzeko aukera.

Dantza tradizionaleko ikasketak martxan jarri. Eszenika, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola martxan jarriko da laster Bilbon, eta antzerkia eta dantza ikasi ahal izango dira bertan, baina hara, dantza garakidea eta klasikoa bakarrik. Dantza tradizionalik ez. Dantza tradizionaleko ikasketak martxan jarri behar dira lehenbaitlehen. Horixe da sektoretik eskatu izan dena 1997. urtetik, eta lehentasunezkoa da Hezkuntza sailarekin harremanetan jarri eta ikasketa horiek abian jartzea.

Materiarik gabeko ondarea. Orain gutxi, Unescok, Gizateriaren Ondare Inmaterial izendatu ditu flamenkoa, tangoa, castells-ak, edo Sibil-la-ren kantua. Euskal kulturan horrelako izendapena jasotzeko ditugun balioak aztertu eta izendapenak sustatzeko kanpainak bideratu beharko lirateke. Aldi berean, euskal festa eta tradizio esanguratsuenen katalogoa berritu, sareratu eta ondare inmaterial izendatzeko prozedurak aztertu beharko lirateke.


Kontratuak jasotako dantzaren alorreko zenbait proiektuen inguruko iruzkinak

  • L2.S8.D Dantza-programazioa indartu. Hiru hiriburuetan, udaberriko eta udazkeneko dantza jaialdi edo ziklo espezifikoak sustatu eta bultzatu, sentsibilizazio-jarduera garrantzitsu gisa. Dantza-programazioa indartzeko formulak bilatu eta abian jartzeko lantalde bat martxan jarri.

Dantza-programazio oro har indartu behar da, zalantzarik gabe. Baina ez hiru hiriburuetan bakarrik. Are gehiago, behar handiagoa dago herrietan dantza programazio indartzeko hiriburuetan baino. Baina batez ere, inbertsioak aprobetxatu eta sinergiak optimizatu behar dira. Hiriburuetako aretoek beraien kasa egiten dute programazioa, herrietako aretoekin  koordinatu gabe, eta egiten dituzten inbertsioen etekina beste inork baliatzeko aukerarik eman gabe. Adibidez, Bilbon, Donostian edo Gasteizen kontratatutako kanpoko konpainia biharamunean Durangon, Eibarren edo Arrasaten programatu liteke, horretarako aukera emanez gero. Konpainiarentzat mesedegarria litzateke bi emanaldi egingo bailituzke, eta antzokiek bidaia eta ostatu gastuak partekatuko lituzkete. Baina hiriburuetako antzokiek ez dute horretarako aukerarik ematen, eta gastu guztia asumitzeaz gain, herrietakoak maila ertaineko produkzioak kontratatzeko ia gaitasunik gabe uzten dituzte. Sareak, programazioa koordinatua egiteko sistemaren bat bultzatu beharko luke, inbertsioak aprobetxatu ahal izateko.

  • L5.S11.D Dantza eta eszena tradizionalaren dokumentazioa kudeatzeko sistema bat sortu. Dantza eta eszena tradizionalarekin lotutako dokumentazio-mapa bat egin eta behin-behineko artxibo bat martxan jarri.

Mapa egin du dagoeneko Eusko Ikaskuntza, eta behin-behineko artxiboaren hazia jarria du Eresbilek, biak ere Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Orain, dantzaren dokumentazio zentro baten benetako proiektua bideratzen hasteko ordua da. Ezin dugu distrakzio maniobrak egiten jarraitu. Dokumentazio zentro bat da behar dena, jakina, sareko bokazioa eta dinamika izan behar du, baina ezin gara mapa, sistema eta txostenetan geratu.

  • L4.S4.D Sektorearen egituratzea indartu, elkarte eta jarduera finkatuenetan lagunduz.
Sektore-programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara bideratu, dantza-sektorea indartzeko eta zenbait jarduera –esate baterako, etengabeko prestakuntza, sentsibilizazioa, hedapena, eta abar– diruz laguntzeko xedez.

Dantzari dagokionez, sektorearen egituratzea indartu behar dela egoki iruditzen zait, baina hori lortzeko “programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara” bideratzea eztabaidagarria da. Bide berriak jorratzen, eredu berriak probatzen, eta jarrera dinamiko batekin ekarpenak egiten ari diren zenbait elkarte ez daude “ordezkaritza handia duten elkarteetan” txertatuta. Elkarteak beren dinamismo, proposamen eta kudeaketa gaitasunagatik lagundu behar dira, ez handiak edo txikiak direlako.

Gainontzeko alorrak

Proiektuen inguruko iruzkinak

  • L1.T5 Informazio-atari komun bat sortu edo atari hori Kulturklik Kulturaren Atari Elkarreragilean sartu. Gune elkarreragile digital bat sortu, EAEko kultura-jarduera osorako eta sortutako kultura-eduki guztiei buruzko informaziorako sarbidea emango duena.

Horrelako proiektu bat interesgarritzat jotzen dut, baina tentuz jardun beharra dago aurretik, esparru zehatzetan eta partzialki bada ere, lan horietan ari diren proiektuak ez kaltetzeko. Horiek egiten duten lana “erostea” aztertu beharko litzateke, horien aurkako konpetentzian hasi aurretik.  Kulturweb moduko proiektuak ditut buruan.


Bestelako proposamenak
  • Arte eszenikoen euskal katalagoa Interneten jarri, etengabe eguneratua, bideo eta multimedia edukiz hornituta.
  • Euskarazko antzerkia sustatzeko plana eta laguntza programa bideratu.
  • Euskarazko edukien ekoizpena eta sareratzeko deialdiak eta diru-laguntzak indartu. 
  • Euskara google-hizkuntza izan dadin lortzeko estrategia plantetatu eta burutu.
  • Euskarazko wikipedia elikatzeko deialdi espezifikoa bultzatu.


Dokumentuaren akzioak

Herrixa Dantzan
2011/05/13 00:01

Gustura geratuko zinen, ozpin litroak botata!!

Halere, ez dizut arrazoi alerik kentzen. Eta ulertzen dut ozpinarena. Hain da nekagarria beti buelta berdinetan jardutea, eta beti arduradun berriak, eta beti zerotik, eta beti hor zintzilik geratu, pendiente... eta zerbaiti  heltzen hasterako, berriz hauteskundeak, ekipo berria, berriz ia zerotik...

Eskerrik asko berriz ere beti hor egoteagatik, bide malkartsu horietan, eta aurkeztu behar diren proposamenak defendatzeagatik foro guztietan.

Irakurriko al dute?

Oier A.
2011/05/13 12:45
> Irakurriko al dute?

Ziur aski ez. Teknikariren bati pasa asuntoa, eta horrelako dozena bat pilatu ondoren, laburpen bat (esaldi batean) eskatuko diote.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.