Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Kulturaren Euskal Kontseiluaren batzarra San Joan arratsaldez

Dokumentuaren akzioak

Kulturaren Euskal Kontseiluaren batzarra San Joan arratsaldez

2021/06/29 07:55

Ekainaren 24an, San Joan egunez izan dugu Kulturaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkura, bideo-bilera oraingoan ere. San Joan egunean aurreskua dantzatzen dugu Eibarren eta bileraren lehen partea jarraitu ondoren, gero utzi egin behar izan dut dantzara joateko. Erakundeetako kultura alorretako eta kulturaren sektoreko ordezkariak, 40 inguru izan gara bileran. Esan nahiko nituzkeenak apuntatzen joan naiz, eta ikusita ezingo nituela ahoz esan, bideo-bileraren txatean utzi ditut nire oharrak idatziz gela birtualetik atera aurretik.

Premiazko neurriak eta aurrera begirako planak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuak ekin dio bilerari, "azken urteko unerik onenean" gaudela aipatuz bere lehen hitzetan, pandemiaren datuen bilakaerari erreferentzia eginez. Osasun emergentziak gizartean eta kulturan eragindako gora-beherak eta horiei aurre egiteko erakundeetatik, eta bereziki Jaurlaritzatik, gauzatutako ekimenak laburbildu ditu. Sektore kulturalak laguntzeko hartutako premiazko neurriak azaldu ditu, eta aitortu du bere ohiko jarduna gehien mugatua izan duen eremua kultura amateurra izan dela, dantza, antzerkia, kantua eta musika-bandak zehazki. Sektore profesionala deitzen dena mantentzeko ahalegina egin dela eta oraindik ere izango direla diru-laguntza gehiago galerak izan dituzten enpresentzat eta autonomoentzat.

Bingen Zupiria KEK 2021
Kulturaren Euskal Kontseilua, Bingen Zupiria, Kultura Sailburua, Eusko Jaurlaritza, 2021-06-24.

Kulturaren Euskal Kontseiluaren egituran egin diren aldaketa azaldu ditu segidan Andoni Iturbek, kultura sailburuordeak. Kultura zuzendari den Aitziber Atorrasagastik, berriz, pandemiaren ondorioei aurre egiteko bideratu diren laguntza ekonomikoak azaldu ditu. Hasieran 1,1 milioi euroko poltsa atera bazen ere, azkenean 5 milioi euro bideratu dira. 413 eskaera izan dira eta horietatik 350k jaso dute laguntza. Musika alorrak 2 milioi jaso ditu, arte eszenikoek 1,6 milioi eta ikus-entzunezkoen sektoreak 1,3 milioi. 

Aitziber Atorrasagasti KEK 2021
Kulturaren Euskal Kontseilua, Aitziber Atorrasagasti, Kultura hedapeneko zuzendaria, Eusko Jaurlaritza, 2021-06-24.

Zupiriak Kulturaren Plan Estrategikoaren zirriborroa iragarri digu, 16 plan zehatz biltzen dituena. Iturbek kultura planaren ardatzak sorkuntza, zabalkundea, transmisioa, ingurune digitala eta auzolana izango direla azaldu digu. Atorrasagasti artistaren estatutuaz aritu zaigu eta BDCC (Basque District of Culture and Creativity) delakoaz. Ez dut bilera gehiago jarraitzerik izan, beraz, joan aurretik honako ohar hauek bidali ditut txatetik.

Kultura dantzan 

  • Jarduerak lagundu. Sektore profesionalak babestea garrantzitsua da, baina ez dadila izan hori ez-profesionala baztertzeko arrazoia. Alor askotan sektore ez-profesionalak sostengatzen du profesionala, hori du jatorri eta ongarri, beraz, bata gabe nekez garatuko da bestea. Alor batzuetan oso argi dago hori, adibidez, irakurzaletasuna bultzatzea aipatu da gaurko bileran, zaletasun aktiboa behar dela aipatzen da. Baina ostera beste alor batzuetan badago industria eta sektore profesionalera mugatzeko joera, eta aterabiderik gabeko kale antzua da nire ustez.
  • Dantzaren datuak bereizteko eskaera. Arte eszenikoetan sartuta daude, eta eszenatokian elkartzen badira ere, antolaketa eta dinamika motan errealitate desberdinak dituzte. Adibidez, dantza eskolen sarea dago (sektore profesional zabal eta ezkutukoa duena) eta ostera antzerkian gehiago sumatzen da eremu enpresarial sendoagoa, baina herritarren artean partehartze apalagoa. Beraz, oholtzan berdin xamar direla badirudi ere, oinarrietan eta egituretan oso errealitate desberdinak dituzte, eta politika kultura desberdinak behar dituzte nire ustez.
  • Ikusgaitasuna. Sariak aipatu dira, horien agerikotasuna indartu behar dela esan da. Diziplina batzuetan badaude sari instituzionalak, beste batzuetan ez. Dantzan ez dago sari instituzionalik. Hori ordenatu edo gutxienez gogoeta egitea eskatuko nuke, zein alorretan ematen diren sari instituzionalak, zeintzutan ez, eta inertziez harago horrek horrela behar duen ala ez. Ez nago esaten Dantzan sariak ezarri behar direnik, uste dut izan daitezkeela aldeko eta kontrako ikuspegiak horretan, baina gutxienez aztertzea eskatzen dut.
  • Dantza Etxeen Sareaz. 20 urtetik gora dira Kulturaren Euskal Planean Dantza Etxeen sare bat plantan ezarri beharra adostu zela, eta asmo horrek ekarri zuen Gipuzkoan dantza etxe bat, Bizkaian asmotik izatera pasa ez den izen bat eta Araban ezer ere ez. Uste dut gai hori serio hartu eta kolpe egiteko garaia dela. Ez badira Dantza Etxeak behar, ba esan dezagun, baina, espektatiba bete gabeak horrelako premia duen sektore batean huts larria da erakundeen aldetik.
  • Dantzertiren egoeraz (egoitza, proiektua...) hitz bat ere egin nahiko nuke. Kultura sektoretik egindako eskaerari erantzuna izan zen Dantzerti, baina Hezkuntzatik kudeatzen ari da eta horren errealitate eta norabideaz aritzeko kulturatik gutxienez elkarrizketa kanal bat irekitzea behar-beharrezkoa iruditzen zait.
  • Euskal dantzaren ikasketak eta titulazioaren gabezia larriaz ahotsa altxatuz bukatu nahiko nuke. Euskal dantzaren sektorea guztiz egoera zaurgarrian dago, urteak aurrera ez da egoera hori hobetzen, eta orain 30 urte mahai gainean jarrita daukagun eskaera nagusia alor honetan trebatu, formatu eta titulatuko gaituen ikasketa batzuei buruzkoa da. Dantzertik ez dio erantzun premia horri eta kulturatik horretan esku hartu eta sektorearekin eskutik bide bat egiteko eskaera egiten dut berriz ere.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.