Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Jalgi Obama pare

Dokumentuaren akzioak

Jalgi Obama pare

2016/05/18 11:20
Jalgi Obama pare

Dave Bieter, Boiseko alkate euskalduna eta Obama. AP Photo/Carolyn Kaster

Homogenizazioaren eta diferentziaren arteko sokatiran bizi gara. Segundu gutxitan Inglewooden nerabe batek mugikorrarekin grabatutako koreografia mundu osoko pantalletan ikusten da, eta grin berarekin imitatzen dute Melbourneko sukaldariak edo Salmantoneko postariak.

Gero eta berdinagoak gara, baina berdintasuna aspergarri zaigunez, zenbat eta berdinagoak izan, orduan eta erakargarriago gertatzen zaigu desberdintasuna. Exotismoak liluratzen gaitu, eta exotismoa, desberdina, arrotza, ez-ohikoa bilatzen dugu harritu gaitzan, kilika gaitzan, iratzarri gaitzan.

Marin Marais musikagile frantsesarentzat euskal kultura mundu exotikoa zen, eta arroztasun horrek inspiratuta sortu zuen 1717an Le Basque konposizio musikala. 299 urte beranduago, 2016ko uztailean euskal kultura Washingtonen izango da ikusgai. Euskaldunak nazioarteko kultur sisteman asimilatuta gaude, baina badirudi oraindik, guri oharkabean ateratzen zaizkigun zipriztin exotikoak antzeman dituztela guregan Washingtoneko antropologoek.

Ez Washingtonen bakarrik, Aiaran ere izango da kultura exotiko bat intentsiboki dastatzeko aukera 2016 honetan. Izugarrizko pagotxa. Washingtonera joan beharrik gabe, eguneroko kultura homogeneizatu pasteurizatuekin hautsiko duen kultura arraroa etxean bertan ezagutzeko aukera. Smithsonian fundazio ahalguztidunak Obamaren etxe aurrera eramateko hautatu duen kultura exotiko bera etxeko atarira ekarriko dizue Jalgik aiararrei.

***

JALGI euskal kulturaren plaza egitasmoaren aldizkarirako idatzia

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.