Dokumentuaren akzioak
Indartsu, baina ez horren fin
Gaurko Berrian, Maskaraden inguruan idatzi ditudan pare bat artikulu argitaratu dira. Batean aurtengo Urdiñarbeko dantzarien prestaketa-lanetan aritu diren bi dantza-maisurekin izandako elkarrizketaren ondorioak bildu ditut. Jean Pierre Bordagarai eta Marxel Bedaxagarren hitzak jaso ditut bertan.
Oraingo dantzarien mailaz, lehengoak, dantzari onen dohainetaz eta abar mintzatu ginen. Gaur paperean ikusi dudanean titularrak min egin dit begietara. Uste dut ez dudala izenburuarekin asmatu. "Indartsuak, baina ez horren finak" jarri diot tituloa, eta gaur egungo dantzariei buruz dantza-maisuek esandakoa islatzen saiatu naiz hor, baina uste dut ezkorregi geratu dela, eta beraien iritzia ordea ona zen. Kontua da elkarrizketan lehengo eta oraingo dantzariak konparatuz aipatu zutela, beraien ustez, gaur egungo dantzari onak oso indartsuak direla, baina akaso lurreko urratsetan, indar erakustaldi handirik gabe egin beharreko horietan, estilo aldetik ez direla garai batekoak bezain finak. Hori guztia titularrean islatu nahi izan dut, eta emaitza txarra izan da, pisu gehiegi geratu baita alde negatiboan. Bueno, prentsa artikulu askotan bezala, espero dut titularraren ondoren testua irakurtzen duena konturatuko dela gauzak ez direla hain gordinak.
Beste artikuluan Zuberoako dantza teknikaren jatorriaren inguruan jardun dut. Kontua da askori harrigarria gertatzen zaiola herri-tradizio batean horrelako dantza teknika garatua, zorrotza eta egituratua aurkitzea. Aspaldi argitu zuen Jean Michel Guilcher ikertzaileak zein zen dantza teknika horren jatorria, baina iruditzen zait aurkikuntza horiek ez direla behar beste ezagutzen. Orain gutxi dantzaren inguruko norbaiti aipatu nionean hori "ba, hori teoria bat bakarrik da" bezalako batekin erantzun zidan. Askotan ondo ezagutzen ez ditugun azalpen mamitsuak gutxiesteko erabiltzen dira horrelako arrapostuak. Kontua da zuberoako dantza-tradizio tekniko horren jatorria azaltzeko ez dagoela beste teoriarik, ezta beharrik ere, Guilcherrena irakurri ezkero zalantza gutxi geratzen baita bestelako azalpenen bila hasteko. XIX. mendeko Frantziako akademia militarretan ohikoa zen dantza ikasketetan aurkitu zuen Guilcherrek zuberoako dantza tradizio berezi horren jatorria. Artikuluan labur azalduta dator hori, baina xehetasun gehiago nahi dituenak hor ditu Guilcherren lanak, eta Iparraldeko dantzei dagokien biblia-moduko hori: "La Tradition de Danse en Béarn et Pays Basque Francais".
Portzierto, nik ateratako argazkiekin argitaratu dira artikuluak. Argazkilari txar samarra naiz, baina horixe du argazkilaritza digitalak, mila argazki bota eta halakoren batean salbatzeko modukoren bat irten daitekeela!
Hemen artikuluak:
- Indartsuak, baina ez horren finak
- Teknika zorrotzeko dantzariak
- Argazkiekin ikusteko Pdf-k dituzue hemen eta hemen
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Kaixo Oier,
Gustura irakurri ditut 2 artikuloak eta gure lokaleko kortxoan paratu, ia inork irakurtzen dituen.
Titularraren kontuarekin, deigarria egin zait hasieran zuk diozunagatik (negatiboegi agian), baina testuan ederki azaldu duzu horren esanahia, beraz, arazorik ez.
Zorionak eman nahi dizkizut, Berriako artikulo eta elkarrizketengatik. Dantzaren ingurukoak dantzari buruz dakien bati irakurtzeak gustu ematen du. Uste dut dantzarekin harremanik ez duen jendearendako oso argigarriak direla, baita, teorian, gai hauei buruz zeozer jakin beharko genukeenondako.
Eskerrikasko Aritz!
Iruditzen zait dantza konplexu askorekin agertu ohi dela komunikabideetara, eta guk geuk ez badugu alor hori naturaltasunez lantzen ez duela inork egingo. Konplexua diot, besteak beste, dantzari buruzko zehaztasunak, ezaugarri teknikoak eta horrelakoak, interes orokorrekoak ez direlakoan autozentsuratzeko joera dugulako. Eta horretan oker gabiltza nire ustez, informazio interesgarria ezkutatzeaz gain, erreportajeak betiko topikoekin betetzera eramaten gaituelako. Okerrena da dantzari-kazetariak edo dantzari-kazetariak izan garela autozentsura horren bultzatzaile nagusiak, gure konplexuak eraginda ziuraski. Artikulu, kazetari, iritziemale eta elkarrizketatu askoren emaria beharko dugu egoerari buelta emateko, beraz, animo!
[Azkenik, eta dantzaria naizen aldetik, euskal jantziak erabiltzearena deigarria iruditu zait benetan. Izan ere, nork esango zidan gure jantzi tradizionalak hain sensualak zirela??? Neska ederrak ageri dira egutegian, holakoak gara euskaldunak!jajaj]
http://zakilatente.blogspot.com/2006/02/gararen-egutegia.html