Dokumentuaren akzioak
Gregorio Vives eta Mendaroko dantzarien eta txistularien kontuak
Gregorio Vives. Bere azpian, erdi estalita Agustin Lazarobaster eta beste aldean Agustin Berasaluze. Azpiko lerroan, Patxiko Etxeberria eta Silvino Gabilondo Elgoibarko txistulariak eta Gregorio Santa Cruz Eibarko dantza-maisua. Mendaro, 1966.
Debabarrenako dantzaren eta Mendaroko azken 60 urteotako historian garrantzia handiko herri-eragilea, sustatzailea, hil da 2022 urtearen hasiera honetan, urtarrilaren 5ean, hain zuzen: Gregorio Vives Zabaleta (Mendaro, 1944-2022). Gure amaren jaioturte berekoa zen Gregorio Vives eta gure aitarekin soldaduzka egindakoa. Haien eskutik iritsi nintzen beregana 1997an, beste Gregorio baten, Santa Cruz dantza-maisuaren ibilerak biltzen aritu nintzenean.
Ezin ahaztu zer nolako harrera beroa egin zidan Gregorio Vivesek, umoretsu eta alai, eta nola ireki zizkidan Mendaroko dantzarien kontuak biltzeko ateak. Gregorio Santa Cruz-ekin eta Gurutzpe elkartearekin izandako ibilerak kontatzeaz gainera, aurreko belaunaldiko nondik norakoak kontatuko zizkidatenengana eraman ninduen, adibidez, Jose Mari Iriondo Kapain-engana. Vivesek eta Iriondok kontatutakoak Gregorio Santa Cruz dantza maisua liburuan bildu nituen eta orduko oroitzapen batzuk berritu zaizkit orain.
1931. Ezpata-dantzarien estreinaldia
1930eko hamarkadan, Santa Cruz Mendaron dantza irakasten aritu zen lehen aroan, haren ikasle eta dantzari izandakoa zen Jose Mari Iriondo Kapain. 1916an jaiotakoa, 15 urte zituen Santa Cruz-en aginduetara dantzan hasi zenean. Gregorio Vivesek lagunduta Kapain-engana joan nintzenean 81 urte zituen Iriondok. Hizketarako eta kontatzeko molde zaharreko umorea eta hitz-jarioa zeuzkan gizonak. Ni "ikerketa serioa" egiteko asmoz serio-antzean nengoen hasieran, baina aldamenean neukan Gregorio Vivesek bazekien norengana gindoazen eta barrezka hartzen eta zirikatzen zituen Iriondoren ateraldiak. Hizketa aberats eta jario oparoa gutxi balitz, bere belaunaldiko dantzariak imitatu ere egiten zituen gorpuzkeraz Kapain-ek.
Gure dantzari kuadrillia gorputz egokiko kuadrillia ez zan. Interesantia da dantzarixak gorputz egokikuak izatia, lerdenak eta pixkat kuriosuak. Bestela ez da irtetzen kuadrillia ona. Kuadrillia, hamen Elgoibartarrak daude edarrak, horrek daude onak. [...] guria holako kuadrillia ez zan. Bat zan dantzari edarra. Ximon, Simon Zabaleta dantzari edarra zan. Baiña, dantzan egitteko posturan piskat okerra. [...] Hara, Jose Loiola, egurrezkua izango balitzake ere… Saiatu bai, eh! baiña torpia? torpia, zihero! Egurrezko moduko gorputza eta besuak be bastante haundixak. Horrek metro bat bihar zaban dantzarako, hain zan torpia.
1931ko abenduaren 8an, Kontzezio egunez plazaratu zen Santa Cruz-en esanetara prestatutako ezpata-dantzari taldea. Egun horretako hiru argazki ikus daitezke hemen. Talde argazkia Gregorio Santa Cruz-en bilduman jasota zegoen eta liburuan argitaratu genuen. Ondoren ikusiko dituzuen beste biak baina Gregorio Vives-en alaba Alaitzek ezagutzera eman berri ditu. Familiarentzat eta Mendarorentzat duten balio sentimentalaz gainera, dantzaren ikuspegitik ere interes handiko argazkiak dira. Mendaron Kontzezio egunean ezpata-dantzak eta aurreskuak izan duen garrantzia berresteaz gainera, txotxongiloan bi dantzari altxatzen zituztela ikus daiteke argazkian, gaur egun oso gutxitan ikusten den aldaera.
Hiru hilabetez egunero-egunero jardun zirela entrenatzen kontatu zigun Kapain-ek bere grazia harekin. Dantzari lerdenak ez ziren izango, baina sasoi betean bai plazaratu zirela.
Guk gauza bat ona euki genduana izan zan entrenamientua asko. Arnas estuka ezin leike dantzan egiñ, hola ez da luzitzen. Normal-normal egin bihar da dantzan, eta hortarako ejerzizio bastante egin bihar da. Gure kuadrilliak unikamente horixe zakan bentajia, ejerzizio haundixa, asko entrenatzen giñala. Igual dantza danak egitten genduzen bi aldiz, etenik gabe, amaittu bat eta bestia hasi, dana erropia eta txaketak jantzitta. Entrenamientu gogorra egitten genduan, eta entrenamientu gogor harekiñ ba, gero, errez egitten genduan dantzan. [...] Hiru hillabetian egin genduan egunero-egunero. Eta ez genkan musikarik, eta kantau eta dantzau egin bihar. Hori ere orduan atrasaua zan, sikiera gramofono bat edo zeozer.
Aurreskua edo soka-dantzaren argazkian atzeskua emakume baten aurrean dantzan ageri den unea ikus daiteke. Atzeskua dela dakigu atzean ikusten den sokan dagoeneko emakume bat dagoela ikusten delako, beraz, aurreskuak plazaratu dioten emakumeari dantzatu dio aurretik eta atzeskuaren txanda da orain. Plazaren erdian dagoen emakumea Martzela Zabaleta dela adierazi du Alaitz Vivesek, alegia, bere amama, Gregorio Vives-en ama.
Bi alboetan eta bizkarrean dantzari bana ditu. Aurreskura gonbidatuei zerbitzariek eta aurreskuak eta atzeskuek lau aldeetatik dantza egiteko ohitura hori Soraluzen eta Eibarren ohikoa izan da. Alboetan dituenak zerbitzariak dira, jende-artetik gonbidatuak plazaratzeaz arduratzen zirenak. Txapela eskuan daukate gainera, gonbidapen hori egiterakoan txapela kentzen baitzuten eta gero, aurreskuaren edo atzeskuaren agurra jaso ondoren sokara sartzeko orduan txapel horrekin mozten zituzten dantzariek eskuak bertan egokituz gonbidatua.
Gregorio Vives-en etxeko bilduman jasotako beste dantza argazki eder bat sareratu berri du bere alaba Alaitzek. Aurreskua ageri da orain ere baina aurrekoak baino urte batzuk lehenago, 1910-1920 inguruan izan baitaiteke. Ezkerrean txistularia dagoela, gizon talde bat sokan ageri da, eta aurrean aurreskularia emakume bati dantzan. Bi gizon daude dantzako-zerbitzari lanetan emakumearen bi alboetan zalgurdi baten ondoan. Dantza jasotzen ari den emakumea Martzela Zabaleta Pagola da, 1931ko aurreskuko argazkian ageri den bera, alegia, Gregorio Vives Zabaletan aman. Alaitz Vivesek esandakoaren arabera argazkia familiaren etxeko atarian dago eginda, Moxuanean, taberna izan zena eta baita Batzokia ere.
1933. Atotxako frakasua
Mendaroko 1931ko Kontzezio eguneko emanaldiaren arrakasta erabatekoa izan zen. Luzaroan gogoratu zena. Handik aurrera, abenduaren 8ko festa handiko ekitaldi garrantzitsuena izaten zen ezpata-dantzarien emanaldia, Gerra Zibilak dena hankaz gora jarri eta eten zuen arte. Meza osteko emanaldiaren errepertorioa finkoa izaten zen: Bizkaiko ezpata-dantza deitzen zutena (Durangaldeko dantzari-dantza) eta aurreskua. Herritik kanpora ere atera ziren Mendaroko ezpata-dantzariak emanaldiak eskaintzera. Kapainek gogoratzen zuenez birritan izan ziren Donostian, San Inazio egunez Atotxan egiten zen ezpata-dantzarien alarde erraldoian parte hartzen. 1933ko alardeaz Kapainek egindako kontakizun xelebreak berriz barrez jarri gintuen Gregorio Vives eta biok.
Dantzari mordua, kanpo fubola dana beteta. Lehelenguan egin gendun frakasua! Eneee! Guk bakarrik ez, jun giñuan danok, baiña ez zan izan dantzarixen fallua. Nik ez dakitt ze txistulari ipiñi zeben, baiña jo zeben sosiuz, baiña neurrigabeko sosiuza. Eta harek hobe biharrez, asko giñalakuan hobe biharrez! Ezin dantza egiñ, hainbeste denbora eziñ egon aidian… Normaletik bizkorrago jo baleu, bastante arreglauko giñan. Gu ondo kurtiduta geunden eta arreglauko giñan. Baiña desastre osua egin zan. Baiña nik ez dakitt zela leiken hola jotzia. Halako desastrerikan…
1958. Zahagi-dantza eta Gurutzpe
Gerrak euskal dantza eta euskal kultura jarduerak errotik eten zituen, eta gerra ondorengo lehen urteetan ere ez zen giro. Sasoi horretan, hain zuzen, 1944an jaio zen Gregorio Vives eta etxean izan zuen gerra aurreko ezpata-dantzarien berri. Baita ezpata-dantzari eta txistulari haien ezpata, tresna eta banderak zazpi etxetan gordeta zeudela ere, tartean, euren etxean bertan.
Gerrian, Batzokixan gauzak ezkutatzeko egin ziran zazpi lote. Zazpi gizonek zazpi lekutan ezkutau zittuen, eta iñork ez zakixan zeinek nun ezkutau zaban. Sorteo bat egin zan eta hartu eta ezkutau egin zittuen. Bat tokau zitzaion nere aitxitxari eta nere aitxitxak ezkutau zittuan etxian danak. Tokau zitzaion txistuak, ikurrin bat, liburu batzuek ere bai, eta ze egin zun? Armailletan ezkutau, armaillak altzau, eta armailletan ezkutau zittuan. Gero nere amamari koltxoiak eta dana zulau zioten, billa. Danak sasteau zittuen.
Gerra oste ilunaren ondoren, 1958an antolatu zen lehen aldiz dantzari-taldea Mendaron. Festeterako saragi-dantza atera zuten, kalez kale dantzan ibiltzeko asmoarekin. Hor abiatu zen dantza taldea berriz. Gurutzpe elkartearen sorreran ere parte hartu zuen Vives-ek eta dantza taldea eta txistulariak Gurutzpen sartu ziren halako batean.
Berriz ere Gregorio Santa Cruz-engana jo zuten dantzan ikasteko eta errepublika garaiko dantzariek bezala Bizkaiko ezpata-dantza ikasi zituen dantzari gazteek Gregorio Santa Cruz-ekin.
Agustin Berazaluze, Gregorio Vives eta Agustin Lazarobaster garai horretako Mendaroko lehen txistulariak izan ziren. Dantzariak ziren jatorrian, baina lehenengo bat eta gero besteak musika tresnak hartzen bukatu zuten. Agustin Berasaluzek heldu zion lehenengo txistuari, eta handik tarte batera Lazarobaster eta Vives batu zitzaizkien. Gregorio Vives-ek honela kontatu zigun 1959 inguruan gertatutakoa:
Danok etorri giñan dantzatikan, lehenago dantzan hasi giñan. Igande batzutan juaten giñan mendira Larraskandara. Hemendikan, Mendarotikan urten eta guk ordu t’erdi edo egitten gendun oiñez. Agustin Lazarobasterrek kamiñuan gatozela miña hartu zuen eta gero ezin zuan dantza egiñ. Orduan txistua, Batzokiko txistua, eman giñon. [...] Eta gero neri, dantzan ari giñala, tokau zitzaten hankako hatzazkaletan miña eta kendu egin ziazen. Nik ere ezin nuan dantzan egin denbora baten eta orduan tanborra, tanbor zahar bat hartu neban. Eta ensaiuetan ere ibilzen giñan, bestela badakizu, kantuan egiñ bihar zenun dana eta halaxe hasi giñan.
Gregorio Santa Cruz bera eta bere hiloba Fausto Sanzek urte askotan jardun zuten Mendaron dantzan irakasten. Santa Cruzekin harreman handia izan zuten, eta halako batean bisitak itzultzeko aukera egokitu zitzaien. Gregorio Santa Cruz-ek Eibarko Arrateko kultur elkartean zituen dantzariei erakusteko laguntza eskatu zien eta urtebetez aritu ziren Vives eta Jose M. Zelaia Bizkai Eibarrera joaten hango umeei dantzan irakastera.
1998. Santa Cruz-en liburua
Mendaron dago Gregorio Santa Cruz-en liburua egiteko abiapuntua ere. Joseba Etxeberria mendaroarrak gordeta zuen Santa Cruz-en dantza-argazkien albuma izan baitzen abiapuntua. Gerra aurreko eta gerra osteko hainbat dantza-argazki eta prentsako artikulu jasotzen zituen albumak, eta hari horri tiraka dantzen deskribapen idatziak jasotzen zituzten Santa Cruz-en koadernoak, eta, batez ere, hango eta hemengo dantzarien eta musikarien kontakizunak joan ziren agertzen.
Halako batean, Mendaron Etxeberriak gordetako albumarekin abiatu zen bilketa lana partekatzeko unea iritsi zen. 1998ko abenduaren 8an, Kontzezio egunez orduan ere, Gregorio Santa Cruzi buruzko liburua Mendaron aurkeztu genuen. Garagartzako elizan, Agustin Berasaluzek ireki zuen ekitaldia txistuarekin "Gurutzpeko Zortzikoa" joz. Ondoren liburuaren nondik norakoak azaldu nituen neuk eta, segidan, Mendaroko bi belaunalditako dantzariek hartu zuten hitza. 1931ko dantzarien ordezkari Jose Mari Iriondo eta Jose Zabaleta aritu ziren. 1958koen ordezkari Gregorio Vives eta Agustin Berasaluze. Beren garaietako pasadizoak kontatu zituzten.
2010. Ezpata-dantza eta aurreskua Kontzezio egunean
Liburuak papera dira baina, eta dantza gorputzetan bizi eta gorputzen bidez agertzen da. 2010ean Mendaroko Udaletik eskaera iritsi zitzaigun Kezka dantza taldera Kontzezio egunez emanaldia eskaintzeko. Argi genuen zer eskaini behar genuen: ezpata-dantza eta aurreskua, 1931ko lehen taldeak egin zuen moduan. Proposamena ongi landu eta dokumentatuta bidali genuen. Teknikariak nahiago zuen zerbait "modernoagoa" baina alkateak gure proposamena onartzea erabaki zuen, gauza modernoagoak beste urte gehienetan egiten zirela iritzita.
Bertan zen dantzariei begira Gregorio Vives. Dantza eta festaren inguruan pozik, beti bezala. Eta harro hainbeste urteren ondoren Garagartzako plazan 1930 eta 1960-70eko hamarkadetan bezala Bizkaiko ezpata-dantza eta aurreskua ikusita.
Gure dantzari ibilbidean jaso dugun harrera bero, txalo zaparrada itzel eta zorion, irrintzi, besarkada eta esker oneko adierazpen handiena jaso genuen Mendaroko Kontzezio eguneko 2010eko emanaldian. "Hori bai dantza!" edo "Horixe zan guk dantzatzen genduna" modukoak entzun genituen. Eta lezio handia ikasita itzuli ginen Eibarrera. Dantza taldeok gehiago hartu beharko genukeela kontuan gure ikusleek estimatzen dutena eta beraien dantza-mundua izan dena emanaldiak prestatzen ditugunean.
Gregorio Vives: saltsa guztietako perexila
Mendaroko txistulari eta dantzari taldeetan, bai Gurutzpe elkartean, bai Gurutzpe aurretik antolatutako dantza taldean ere aritu zen Gregorio Vives. Izan ere... zertan ez zen aritu? Mendaroko danborradako zuzendari izan zen; zinegotzi izan zen Mendaroko Udalean; Elgoibarko odol-emailen elkartean aritu zen, Mendarokoa sortu zuen eta Debabarrenako odol emaileen elkarteko delegatua izan zen. Irripartsua, berriketalaria, atsegina eta animosoa, dantzari, txistulari, dantza irakasle, festalari eta festa antolatzaile, odol-emaile, zinegotzi, danborradako zuzendari... esaten den moduan, saltsa guztietako perexila izan da Gregorio Vives, herria bizi eta herri-giroa eta elkar-laguntza berezko jardun-modu zituena.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?