Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Ezpata-dantzek erotuta

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantzek erotuta

2011/09/21 15:55
Ezpata-dantzekin liluratuta, ez zeukan besterik buruan gizonak. Frantisek Pospisilek Brnoko museoan egiten zuen lan, baina ezpata-dantzekiko zuen zaletasunak bere lan-eremua gainditzen zuen, eta bere kasa hasi zen batera eta bestera haiek ikusten eta aztertzen. Diotenez, emaztearen ondasunak xahutu zituen bere obsesio horren eraginez. Jakinmina 1907an piztu zitzaion, lehen ezpata-dantzak ikusi zituenean. Ondoko hamarkadetan ez zuen deskantsurik izan, beti hara eta hona, ezpata-dantzak ikusten eta ikertzen. Argazkiak egiten zituen, baina ezin haien bidez dantza osorik jaso. Halako batean, zinearen berri izan zuen, eta 35mmko kamera, bere garairako aitzindaria erosi zuen. Moraviako ezpata-dantzak filmatu zituen, baina bazekien Txekiatik kanpo ere bazirela, eta tresnak hartu eta batera eta bestera hasi zen: Kroazia, Ingalaterra, Euskal Herria...

Euskal Jaiak ospatzen ziren 1927an Baionan. Ingalaterratik, Violet Alford buru zela, Londresko English Folk Dance Society elkarteko ordezkaritza bat iritsi zen. Txekiatik, Frantisek Pospisil, zine kamera besapean zuela. 80 urte ondoren, Juan Antonio Urbeltzi esker ikusi ahal izan ditugu irudi horiek. Gipuzkoako, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Ingalaterrako dantzariak ageri dira irudietan. Hunkigarria da Zuberoako zamaltzaina kamera aurrean antrixatak maisuki dantzatzen ikustea. Pospisil Donostian eta Lekarozen ere izan zen, eta Aita Donostia eta Telesforo Aranzadiren laguntzarekin Gipuzkoako brokel-dantza eta Durangaldeko dantzari-dantza grabatu zituen. Ez dakigu ezpata-dantzekiko obsesioren ondorioz izan ote zen, baina Pospisilek gaizki bukatu zuen. Etxeko ondasunak ahituta, nazien aldeko jarrera leporatu zioten eta museoko lana galdu zuen. Burua nahastuta, eroetxe batean hil zen 1958an.

Jeremy Carter-Gordonek ere ezpata-dantzak ditu zaletasun. Ingalaterrako ezpata-dantzak ikasi ditu bere herrian, Bostonen, eta etnokoreologia ikasketak burututa, Europako ezpata-dantzak ikertu  nahi dituela erabaki du. Motxila eta banjoa hartu eta Europara etorri da, ezpata-dantzak ikusi eta ikastera. Beka txiki bat du, baina estu dabil batera eta bestera iristeko, eta patrika erabat hutsik duenean banjoa atera, emanaldia egin eta txapela pasatzen du. Frantzian, Bacchu-ber-en ezpata-dantza eta Italian, Fenestrelle eta Bagnasco-ko ezpata-dantzak aztertu ditu azken asteotan. Besterik esana zioten arren, Europan oraindik auto-stop eginez ondo bidaiatzen dela dio Jeremyk. Euskal Herrira ere iritsi da, eta asteotan euskal ezpata-dantzak ezagutu nahi ditu. Nork daki, akaso datorren mendean, zoro erromnatikoren batek euskal ezpata-dantzak berpiztu nahiko ditu, eta orduan, banjoa jo eta txapela pasatzen zuen amerikarraren grabazioak Pospisilenak moduko altxorra izango dira.

Argia, 2011-09-18

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.