Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza irakasleen meeting bat Gardnervillen
Mendian eta mendiz inguratuta dago Carson Valley. 1500 metroko altueran, elurtutako mendiz eta belardi handiz inguratutako harana da Nevadako goi-lautada hau, eta bertan, bi herri txiki, bata bestearen ondoan, eta biak artzaintzaren inguruan sortu eta hazitakoak: Minden eta Gardnerville, biak ala biak, 3.000 biztanle inguru dituzte, eta bietan, antzematen da euskal artzainen arrastoa.
Gardnervillen bi euskal taberna daude. J.T. Basque eta Overland. Ostiral arratsaldean lehenengoan, Mary Louise Lekumberry-ren harrera beroaz gozatuz, hasi ginen elkartzen handik eta hemendik iritsitako euskal dantzari eta irakasleak, eta ondoren, Elvira Cenoz Saturrarandarraren Overland restaurantean afaldu genuen. Elkar-agurtu, elkar-ezagutu, eta elkarren berri izaten hasteko lehen bilera informala izan zen. Jarduera formala larunbatez burutu genuen, Carson Valley Inn hotelean.
Jardunaldi formala
Goizeko 9:00etan daukagu jarrita hasiera ordua, eta parte-hartzaileak garaiz hasi dira bertaratzen. Egun luzea daukagu auretik, arratsaldeko 17.00ak arte aurreikusita baitago jardunaldia. Bilera gelako mahaiaren bueltan Ameriketako mendebaldeko hainbat dantza taldetako arduradunak elkartu dira.
Nick Bicandi (Boise), Izar Iribarren-Gorrindo (Boise), Becky Sarratea-Murphy (Gardnerville) eta Lisa Etchepare (San Francisco).
Cirbie Lee (Salt Lake City) Teresa Franzoia (Elko), John Goyenetche (Bakersfield), Valerie Arrechea (San Francisco).
Valerie Arrechea (San Francisco), John Ysursa (Chino), Lisa Corcostegui (Reno & Ontario), Enrique Corcostegui (Reno).
Lisa Corcostegui (Reno & Ontario), Enrique Corcostegui (Reno), Gloria Lejardi (Homedale), Ann Erreca (Los Banos).
Enrique Corcostegui (Reno), Gloria Lejardi (Homedale), Ann Erreca (Los Banos), Janet Iribarne (Elko), Josette Iribarne (Elko)
John Ysursa, Chinoko Gauden Bat taldekoa izateaz gain, NABO-ko (National American Basque Organization) kultura dinamizatzailea da, eta bileraren antolatzailea. Berak eman digu lehen ongi-etorria eta berak egin ditu lehen aurkezpenak. Ondoren, Valerie Arrecheak jarraitu du aurkezpen eta bileraren helburuen azalpenarekin, bera baita gaur egun NABOren lehendakaria. John Ysursak hartu du berriz hitza, eta jardunaldiari jarritako izenburua "Erregelak" azaldu du. Nick Bicandi-ren esaldi bat aipatu du, "If you're going to break the rules, at least know the rules". Alegia, "arauak hautsi nahi badituzu, gutxienez ezagutu arauok".
Bakoitzak bere burua aurkeztu ondoren, nire txanda iritsi da. 5-6 ordu dauzkagu aurretik, eta horietatik 4 nik gidatuko ditut. Eskerrak eman ditut gonbidapenagatik, eta ezer baino lehen zera esan diet, ni kontatzera noan gauza gehienak badakizkitela beraietako batzuk, baina beti kanpotar bati, eta gainera EHkoa bada zer esanik ez, kasu gehiago egiten zaiola etxekoari baino. Eta hori esanda, denak altxarazi eta dantzan hasi gara. Egunean zehar 3-4 aldiz dantzatu dugu, hitzaldi batetik bestera, altxatu eta gorputza piskat astintzen joan gara. Azkaindarrak egin dugu lehenengo, mutil-dantzak gero, foxtrota, baztango zortzikoa, fandango eta arin-arina,...
Zergatik egiten dugu dantza?
Behin apur bat dantza egin eta nagiak askatuta lehen gaiari heldu diogu. Bost bloketan antolatu ditut nire hitzaldiak. Euskal dantza zer den, zergatik dantzatzen dugun, zergatik euskal dantza, zergatik euskal dantza tradizionala, eta horrelako galderak jarri ditut mahai gainean, eta bakoitzak bere erantzunak plazaratzen joan da. Dantzak komunikazio lengoaia bezala duen balioa defendatu dut, eta euskal dantza tradizionalaren kasuan identitateaz eta gure sustraien ezagutzaz hitz egiteko aukera izan dugu. Tradizioaz ere aritu gara noski, tradizioa ulertzeko moduez eta definizioez.
Euskal dantza tradizionalaren inguruan dauden hainbat topiko eta mito aztertu ditugu bigarren blokean, Estrabon, Voltaire, primitibismoa, euskal dantza eta dantza klasikoa, eta abar. Iztueta aitzindaria ala azkendaria izan ote zen jorratu dugu, eta euskal dantzen testuinguruei ikusmira bat eskaini diegu, neguko festak eta udakoak bereiztuz. Hirugarren blokean euskal dantzaren XX. mendeko ibilbidearen begirada bat eskaini diogu, erromantizismoa eta nazionalismoaren eragina, gerra-osteko urte ilunak, 60ko hamarkadako loraldia, eta azken 40 urteotako gora-beherak. Bazkaltzeko etena egin dugu ondoren.
Bazkalostean dantzari ekin diogu berriz, odola sabeletik askatu eta berriz burmuinetara bideratzeko, eta azken bi gai-multzoak jorratu ditugu. Euskal Herriko gaur egungo dantzaren panorama aztertu dugu, zer gertatzen ari den, zein joera dauden, zein aukera dauden. Eta azkenik, diasporan jarri dugu atentzioa. Zer egiten ari den euskal dantzarekin diasporan, eta horrez gain, nondik nora jo daitekeen. Ikuskizunak egiterakoan errepertorioaren hautaketa nola egin, komunitatearekin loturak mantentzearen interesa, bidea egin dute erritualak, bidea egin dezaketenak, protokoloetan dantzaren erabilera, komunitatea dantzan jartzeko ahaleginak, eta abar.
Ekarpenak, kezkak eta gogoetak
Bakoitzak bere kezkak eta gogoetak agertzeko aukera izan du. Valerie Arrecheak dantza jatorrizko estiloari eusteko kezka agertu du. Lisa Corcosteguik lanerako darabiltzaten hainbat irizpide azaldu eta iturriak ondo hautatzeko zorroztasun beharra aldarrikatu du. Oro har, antzematen da gazteen engaiamendu urriak kezka handia eragiten duela. Mutil gazteak dantzara erakartzeko arazoak dituzte. Boise da horretan salbuespena, eta denentzat harrigarria eta enbidiagarria da Oinkarik dantzariak biltzeko duen gaitasuna. Nick-ek aitortu du euskaldun kontzentrazio handia, Basque Club eta dantza taldean parte hartzeko tradizio handia eta zenbait belaunalditan, hainbat mutil “popular” eta kirolari apartek dantza egitea erabaki izanak asko lagundu duela gaur egungo egoerara iristen. Gaur egun, Boisen, gazteentzat Oinkariko kide izatea oso cool da eta beraz, horri esker talde ederra dute. 60 dantzari, 25 mutil eta 35 neska dituzte gaur egun Oinkariko helduen dantza taldean. Euskal Herrian gutxi izango dira horrelako taldea dutenak gaur egun!
Mota honetako bilera bat aspaldi egin gabe zeudela aipatu dute zenbaitek eta oso interesgarria dela, dantza talde desberdinetako kideak elkartu, eta elkarrekin ikasi, gogoeta egin eta konpartitzea. Ikastaroekin jarraitzeaz gain (Euskal Herritik dantza irakasleak ekartzen ari dira azken urteotan) aldian behin horrelako bilkura bat egitea komenigarri iritzi diote.
Hain urruti, hain gertu
Azken dantza sorta batekin bukatu dugu jardunaldia. Gauzak jaso eta J.T. Tabernan bildu gara denok berriz. Garagardo batzuk edan eta “jokaldi onenak” komentatzeko ordua da. Banan-banan joan dira hurbiltzen eta beraien inpresioak eta gogoetak konpartitzen. Zerbait harrigarria bizitzen ari naizen sentsazioa daukat denbora osoan zehar.
Tokitan dago Gardnerville Euskal Herritik. Eta hemen bildutako bakoitzak makina bat ordu egin ditu autoz zein hegazkinez hona iristeko. Baina hain urrutiko lurralde arrotz eta zabalak izanda ere, euskal kultura eta euskal dantza bultzatzen eta gozatzen jarraitzen duten hainbat lagun aurkitu ditut hemen. Euskal Herrian baleude miresgarria litzateke egiten ari diren lana (hainbat taldek han egiten duten modukoa, alegia). Baina Euskal Herritik hain urruti egonda, eta mundua "domeinatzen" duen kultura erraldoienaren aberrian, euskal kulturaren suari eusten dioten hauek heroiak dira. Eta zein ondo egiten duten gainera! Zerbait eskaintzeko asmotan etorri naiz, baina a zer nolako lezioa dakarten nik neuk bihotzean. Mila esker, eutsi goiari eta laster arte!
Argazkiak: Lisa Corcostegui, Oier Araolaza.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?