Dokumentuaren akzioak
Euskal Baleta Kulturaren Euskal Planean
Kulturaren Euskal Plana garatzen ari da Eusko Jaurlaritza hainbat gizarte-eragilerekin batera. Helburua kultur sektorearen egungo egoerari buruzko diagnostikoak eta ardatz estrategiko bakoitzari lotutako jarduera-ildoak eta proiektuak ezartzea da.
Hiru talde nagusitan antolatu dira gizarte-eragileak: Ondare kulturala, Sormen eta adierazpen artisitikoa eta Kultur industriak. Ondare kulturalaren barruan ondare etnografiko lantaldea dago arkeologikoa, industriala, liburetegiak edo artxiboen ondoan. Sormen artistikoari dagokionean Antzerkia, Musika, Literatura, Arte plastikoak eta Dantzako lantaldeak antolatu dira.
Lantalde bakoitzaren lanaren abiapunturako ponentzia bat prestatu du aditu batek. Ponetzia horiek guztiak El Correo egunkariaren Internet gunean irakur daitezke (hau egia esan arraro samarra da, Jaurlaritzak berak ez digu aukera ematen ponentziak irakurtzeko, baina gero Correori ematen dizkio bere gunean jar ditzan...). Correoko gune honetan daude Kulturaren Euskal Planaren abiapunturako txostenak. Dantzari buruzko txostena mezu honen bukaeran aurki daiteke erantsitako artxibo bezala pdf formatuan.
Prentsa bidez jakinarazi dira txosten horietan egiten diren proposamenetako batzuk eta dantzari dagokionean Euskal Balleta sortzeko proiektua da azaleratu dena.
Zaila gertatzen zait hitzez adieraztea dantzari dagokion txostena irakurri ondoren sortu zaidan ezinegona eta sumindura. Abiapunturako txostena da eta pentsatzekoa da plana landuko duten eragileek astindu ederra emango diotela, baina hala ere, lotsagarria iruditu zait. Ezin nezakeen imajinatu bere buruari Kulturaren Euskal Plana izenburu ponposoa eta aurkeztu den bezalako anbizio handiko ekimenaren abiapuntuan, dantzaren alorrean behintzat, horrelako txosten kaskar eta hutsala azaltzea.
Iñaki Goirizelaiak prestatu duen txostena Aurrekariak izeneko atalarekin hasten da. Bertan enziklopediatik hartutako baletaren historia laburpen bat eskaintzen da. Horrekin batera Euskal Herriko dantzari buruzko orokortasun eta topiko batzuk (Voltairerena tartean, nola ez!) jaurtitzen dira eta euskal dantzariaren irudi erromantikoaren inguruan txotxolokeriak esaten dira, adibidez ondokoa Muchas veces lo he pensado, una de nuestras grandes aportaciones a la danza es, sin duda, bailar en el espacio, como colgados del cielo y nunca en el suelo como ocurre por ejemplo en el foclore andaluz.
Tradizioaren azaleko ezagutza dantza klasikoarekin nahasteak ekarri du euskal dantzarien ikuspegi aereo hori, zerikusi gutxi duena euskal dantza tradizionalarekin. Nahikoa da euskal dantzari buruzko ikertzaileen lanak irakurtzea (Jean Michel Guilcher adibidez) euskal dantzariak, europako folklore dantzari gehienak bezala, lurrarekin dantza egiten dutela ikusteko.
Bigarren zatian nazioarteko ereduen bila hasi eta munduko balet konpainia garrantzitsuenen historia eta bakar batzuren lantalde antolaketaren berri ematen digu. Royal Ballet, Monte Carlo baletak, New York City Ballet, American Ballet Theatre, Ballet de San Francisco, Ballet Nacional de España, Ballet de Victor Ullate, Compañía Nacional de Danza eta Ballet Biarritz. Harrigarria da egindako ereduen aukeraketa. Argi dago dantza klasikoaren eredua duela buruan txostengileak eta badirudi nazioarteko konpainia klasiko eta mastodontikoez aparte ez dagoela gauzak egiteko beste modurik. Europa dantzaren alorrean berritzaileak, irekiak, profesionalak, malguak, aberatsak, anitzak eta emankorrak diren dantza erakunde, eskola, proiektu, ekimen eta taldez beteta dago, eta Euskal Herrian zer egin daitekeen aztertzen hasten garenean estruktura itxi, zurrun, astun, klasiko eta arkaikoak dira eredutzat hartu behar direnak? Eta kontuz, aipatutako guztiak ez dira egitura berdinekoak, ez du zerikusirik Royal Balletak Biarritz Baletarekin eta azken hau bertakoa (Biarritz Baleta hemen izanda beste bat sortu beharraz esango dut zerbait ere aurrerago) izateaz gain, egitura malgu eta modernokoa ageri zaigu beste batzuren aldean. Baina, edozein proiektu egiterakoan ahalik eta eredu anitzenak hartzea komeni izaten denez harrigarria da benetan dantza ekimen integralak bideratzerako orduan nazioarteko eredu diren erakunderik ez aipatzea ere. Bakarrik klasikoaren eredu itsuak ezkutarazi dezake The Place dantza erakunde britainiarra adibidez.
Hirugarren zatian Euskal Herrian gaur egun dantzak duen egoeraren diagnostikoa (?) egiten da. Gaur egun dauden konpainia, talde eta ekimenen laburpen modukoa dirudi, baina inolako daturik gabe eta kasu batzuetan informazio oso oso urria darabilela erakutsiz. Ondorioz, berriz ere orokortasunak eta topikoak esatera mugatzen da. Txostenaren bukaeran, lanari zientifikotasuna eman nahian aipamen bibliografikoak eskaintzen ditu, baina horiek berak salatzen dute lanaren ahultasuna. Ez da oraindik urtebete pasa Eusko Ikaskuntzak antolatutako Euskal Ikasketen XV. Kongresuan dantzaren egoera Euskal Herrian aztergai izan dela. Hain zuzen ere “Dantza Euskal Herrian. Egungo egoera eta etorkizunerako ikuspegiak” izenburuko atalean zenbait komunikazio aurkeztu ziren eta diagnostiko bat egiteko hainbat datu eskaini ziren. Josu Mujikak koordinatu zuen ekimena eta Ana Moreno, Lide Arana eta Filgi Claveriek egin zituzten komunikazio-ekarpenak. Komunikazio horiek eta jardunaldien ondoriok biltzen dituzten Kongresuen aktak argitaratuta ditu dagoeneko Eusko Ikaskuntzak. Kulturaren Euskal Planean dantzaren ataleko abiapuntuko txostena egiten duenak ez baditu aurretik bide horretan bertan eman diren urratsa apurrak erabiltzen, jakin al daiteke zertan ari garen??
Nazioarteko dantza konpainietan dabiltzan euskal dantzarien izenak esaten hasi eta berriz ere Balet Klasikoa du eredu bakartzat. Damian Muñoz ez da exisititzen, ezta Idoia Zabaleta ere, ezta Jauregi anaiak, eta dantza garaikidearen eredu errotuenen adibide den Netherlands Dance Theater-eko Urtzi Aranburu ere ez da existitzen. La Fundición aipatzen du, baina bakarrik Dantzaldia antolatzen duelako, eta irakurleari sortzen zaion zalantza da txostengileak ez ote duen La Fundicionekoen berri izan horenbeste urte ondoren Arriagarako sarbidea lortu dutenean…
Ondorio nagusi bezala Euskal Balet konpainia sortzea proposatzen du, dantzari harrobia sustatu eta nazioarteko dantza konpainia handiak ekarri euskal antzokietara. Euskal Balleta sortzeko eredua noski aurretik aipatu dituen nazioarteko balet konpainia handien sistemari jarraituz egiten du: zuzendari artistiko entzutetsua, dantzari bikainak kontratatu, eta beharrezko staff guztia kontratatu, eskola eta baletaren lagunen fundazioa sortuz. Dantzaren alorrean azpiegitura eta oinarrizko arazoak dituen herrialdean konpainia handia ezarri eta listo! La gran bilbainada.
Harrigarria gertatzen da baita ere Biarritz Balletarekiko duen jarrera. Bai, hor dago, interesgarria da eta punto. Kulturaren Euskal Plan horretarako musikaren atalean egindako txostenatako batean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Okrestra Sinfonikoaren afera aipatzen da, eta maiz esan da ez duela zentzurik horrelako bi egitura handi hain herri txikian mantentzeak, e.a. Biarritz Balleta ez al da Euskal Herrian dugun dantza konpainia profesional handi bakarra? Duten eskarmentua eta ibilbidea kontuan hartuta, eta dagoeneko eraikita dagoen azpiegitura duela ikusita, ez al da lojikoena Biarritz Balleta izatea Euskal Balleta eta beraz Eusko Jaurlaritzak Balet hori sendotzeko apustu garbia egitea Autonomia Erkidegoko Balet propioa sortzen hasi aurretik? Gainera, Biarritz Balletaren eredu neoklasikoa bat dator txostengileak darabiltzan eredu klasiko eta neoklasikoekin. Hainbeste Euskadi-Akitania, hainbeste ipuin mugaz-gaindiko proiektuak bideratu beharra, eta benetan banaketa politiko-adiministratiboa gainditu dezakeen ekimen eta erakunde kultural sendo bat bultzatzeko aukera dagoenean bakoitzak berea egin nahi du... Gero akaso gaia aztertu, aukerak baloratu, eta proiektu desberdina komeni dela erabaki liteke, baina hasieran hain ageriko dirudien zerbait kontuan ez hartzea ere...
Ez dut ukatuko balet konpainia sendo bat bultzatzea izan daitekeela Euskal Herrian dantza bultzatzeko eman daitekeen urratsetako bat, baina txostenaren arazo larriena hain zuzen ere, horrekin egiten den gehiegizko fokalizazio dela iruditzen zait. Jorge Jauregi dantzariak primeran azaltzen zuen dantzak hemen azpiko egitura arazoak dituela eta horrelakoak ez direla teilatutik konpontzen esaten zuenean. (...)Ikastaroak, lan tailerrak behar dira, modu autonomoan lan hau egiten duten talde eta pertsonei entzun eta lagundu egin behar zaie. Hiru lurraldeetan diruz lagunduko diren eta modu finkoan garatuko diren ikastaroez ari naiz, (...) Eta ez naiz ari antzerki eta dantza ikastetxe handietaz; nahiz eta hauek ere iritsiko diren. Orain, aurten, datorren urtean, jendeari laguntzeaz ari naiz. Ezagutza, informazioa, ekonomikoki eskuragarriak diren eta dantzatzeko beharrezkoak diren baldintza minimoak betetzen dituzten lantokiak behar dira. Jauregik dantza garaikideari begira Argian argitaratutako artikuluak bete-betean asmatzen zuen dantzaren alor guztieei dagokien oinarrizko ideietan:
Txostenean jasotzen direnak oraindik askoz gehiagorako ematen dute baina ez dut uste merezi duenik denbora gehiago galtzea horrekin. Guzti honetan dantza tradizionalak izan dezakeen, eta izan behar duen, papera, funtzioa eta espazioaz ere ez dut hitzik esan, txostenean bertan horri ematen zaion balorea bere gaitzizen gutxiegileak berak ongi adierazten baitu: folklorikoa. Hori beste baterako.
Oier Araolaza
Dantzari buruzko txostena mezu honen bukaeran aurki daiteke erantsitako artxibo bezala pdf formatuan.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?