Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza "Emakumeek dantza egin dute beti. Ez dakiguna da gizonak dantzatuko diren etorkizunean"

Dokumentuaren akzioak

"Emakumeek dantza egin dute beti. Ez dakiguna da gizonak dantzatuko diren etorkizunean"

"Emakumeek dantza egin dute beti. Ez dakiguna da gizonak dantzatuko diren etorkizunean"

Gaur8 gehigarria, GARA, 2020-04-25.

Doktore-tesiaren defentsa dela eta zenbait elkarrizketa egin dizkidate. Horietako bat da honako hau, Maider Iantzi Goienetxek, GARAren Gaur8 gehigarrirako egindakoa eta 2020ko apirilaren 25ean argitaratu dena. Luze eta zabal hitz egin genuen eta lan bikaina egin du Maider Iantzik elkarrizketaren muina jasotzen. Gainera, gehigarri berean, Elene Carreto dantzariari egindako elkarrizketa eta azalean bere argazkia ere dator. Dantzertin elkar ezagutzeko aukera izan genuen, eta poz handia izan da ibilbide oparoa izango duen dantzari gazte, dohaitsu eta lagunaren ondoan agertzea.

Elene Carreto Gaur 8 azala
Elene Carreto, GARA-ren Gaur8 gehigarriaren azalean, 2020-04-25.

OIER ARAOLAZA ARRIETA
«GENERO-IDENTITATEA EUSKAL DANTZA TRADIZIONALAREN ERAIKUNTZAN» TESIAREN EGILEA

Dantza jarduera humano eta unibertsala da, jendartearentzat neurtu ezin den balioa duena, eta ez du generorik. Hala transmititu digu, pasio izugarriz, Oier Araolaza Arrieta dantzari eta ikertzaileak.

«Emakumeek dantza egin dute beti. Ez dakiguna da gizonak dantzatuko diren etorkizunean»

MAIDER IANTZI GOIENETXE

Aspalditik zuen Oier Araolazak euskal dantza ikertzeko gogoa. Doktorego programan lan bat egin zuen haur eskolei buruz, atal bat eskaini zion generoari eta ikusi zuen puntu interesgarria zela justu gauzak aldatzen ari zirelako edo bazegoelako aldaketarako nahi edo behar bat.

IBILBIDEA
Dantzaria da Oier Araolaza eta generoarekin lotutako kezkek badute ibilbide bat dantza taldeetan. Dantzan.com atarian egiten du lan eta behin eta berriz etorri zaizkio gaiaren inguruko galderak. Ondorioz, foku ia nagusi bihurtu zaio genero identitatea euskal dantzan.

 

Dantzaria da Araolaza. Badira hogei bat urte dantza taldeetan generoaren gaineko gogoetak plazaratzen ari direla, baina azken bospasei urteotan «izugarrizko azkartze bat» izan da. Dantzan.com atarian egiten du lan eta bertan ere behin eta berriz etorri zaizkie zalantza, galdera, aholku eta esku hartze eskaerak.

Tesiarekin hasi zenean berehala ikusi zuen bazela behar bat. «Gure taldetik hasita, nire burutik hasita eta euskal dantzaren sektorera iritsi arte bageneuzkan hainbat galdera eta horien erantzunak argitzen ahalegintzea bide interesgarri bat izan zitekeen», azaldu du.

Oier Araolazari elkarrizketa GARA-ren Gaur8 gehigarrian, 2020-04-25.

Ikuspegi oker bati buelta

Alde batetik, helburu dibulgatibo bat du lanak: «Euskal dantza eta generoaren inguruan sustraitua dagoen ikuspegi oker bati buelta ematea». Ikuspuntu oker horrek dio tradizionalki emakumeek ez dutela euskal dantzetan dantzatu izan, ez behintzat dantza garrantzitsu edo ikusgarrietan, aurreskuan kasu. «Badira hogei urte ikertzaileak adierazten ari direla ikuspegi hori okerra dela, baina gezur horrek, tesia egiten hasi nintzenean behintzat, indar handia zeukan oraindik, bai dantza taldeetan bai gizartean. Emakumeek egiten zituzten dantzak beti berriak edo sorkuntzak zirela kontsideratzen zen, emakumeei aukera hori eman ahal izateko, edo gizonezkoen errepertoriotik egokitutakoak zirela kontsideratzen zen».

«Bilatu dudana da agerian jartzea genero identitatea euskal dantzan eraikuntza bat dela eta eraikuntza horren ezaugarriak biluztea, dantzan aritzen garenok ahalik eta esku libreenak izan ditzagun»

Lana egiterakoan gezur hori noiz, nola eta zein funtziorekin eraiki zen ulertzea eta jakitea izan da interesgarriena Araolazarentzat. «Ulertzea nola bukatzen dugun ukatzen hain ebidentea den gauza bat, nola iristen garen gela barruan daukagun elefantea ez ikustera eta ukatzera».

Orio 1942 emakumeen aurreskua 015
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Emakumeen aurreskua, desafioa. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015

Deseraiki

Bestetik, gaur egungo praktikara begira zamatzat dituen genero eta tradizioarekin lotutako ezaugarriak deseraikitzea bilatu du. «Agerian jartzea genero identitatea euskal dantzan eraikuntza bat dela eta eraikuntza horren ezaugarriak biluztea, euskal dantzan ari garenok ahalik eta esku libreenak izan ditzagun eta ez gaitzan baldintzatu horrek orain arte bezala».

Ikerlariaren arabera, XX. mendeko eta gaur egungo euskal dantzak baldintzatu dituen kategorizazio ia nagusia nesken eta mutilen dantzak izan dira. «XX. mende hasierako sorkuntza kontzeptual horrek lortuko duena da naturalizatzea, denok sinestea berezkoa, betidanikoa, guztiz tradizionala, normala dela dantzak sailkatuak egotea mutilen eta nesken dantza bezala. Nire ikaspen garrantzitsu bat izan da ohartzea sailkapen hori eraikuntza bat dela, orain dela 100 urte ez sortu baina bai bultzada nabarmena jaso zuena, eta egon direla horren aurretik espazio irekiak non euskal dantzak ez ziren hain modu nabarmenean kategoria horren arabera pentsatzen. Dantzak dantzak ziren eta ez nesken dantzak edo mutilen dantzak».

Araolazaren ustez, horren kontziente izatea funtsezkoa da praktikak nola egin pentsatu ahal izateko. Eta beharrezkoa ez den tokietan –«eta kasu gehienetan ez da beharrezkoa»–, genero kategoria horren araberako sailkapena guztiz albo batera uzteko. «Guztia kategoria horren arabera pentsatzeak desberdinkeria eta gutxiespen eta bazterketa harremanak bakarrik sendotzen eta sustatzen ditu».

Dantza, femeninotzat hartu

«Azken hogei urteetan gauza asko aldatu dira eta azken bost urteetan izugarrizko aldaketa handiak gertatu dira, baina oraindik hainbat daude aldatzeko. Hori tokian tokiko dantza tradizionalei dagokienez, herrietan espazio sinboliko eta egun berezietan egiten diren dantzei dagokienez. Baina hortik aurrera arriskuak ikusten ari gara. Dantza oro har gizartean oraindik eta gehiago kategorizatzen ari da generoaren arabera», ohartarazi du.

«Orain dela 40 urterekin alderatuta orain dantza askoz ere praktika femeninoagotzat identifikatzen da gizartean eta gizonak, batez ere umeak eta mutil gazteak, inoiz baino urrutiago daude dantzatik kategorizazio horretan ikusten dutelako hori ez dela beraien tokia. Eta hori drama hutsa edo etorkizun ilunenaren iragarpena iruditzen zait».

«Gure agintariek ez dute beharrezkotzat ikusten dantza hezkuntza sisteman modu organiko batean txertatzea, baina inori ez zaio bururatzen ekitaldi instituzional gloriatsu bat bere aurreskurik gabe»

Agertu duenez, dantza mota ezberdinetan garai ezberdinetan hasi da feminizazio prozesu hori eta euskal dantzan beranduago iritsi da. Baina balletean eta beste dantza mota batzuetan lehenago hasi zen.

«Nire ustez kezkatzeko kontua da gizarte osoarentzat. Dantza oso-oso jarduera humanoa da. Unibertsala: munduan ez dago kultura bat ere dantzarik egiten ez duenik eta gizateriaren historian ez da egon aro bat ere, zibilizazio bat ere dantzatu ez denik. Beraz, orain gaude egoera batean non gizartearen erdiak pentsatzen duen dantza ez dela berari dagokion jarduera bat eta guztiz abandonatzeko asmotan dagoen, jada ez baldin badu abandonatu».

Bergara San Martzial aurreskua desafioa
Aurresku eta atzeskuaren arteko desafioan Bergaran, San Martzialeko erromerian, XX. mende hasieran. Argazkia: Bergarako Udala.

Zergatik gertatu da hori?

Genero estereotipoekin lotzen du Araolazak gertatutakoa. «Gizartean oro har parekidetasunaren eta bazterketaren kontrako ikuspegia hobetzen ari da azken urteetan, baina, aldiz, umeek jasotzen dituzten genero identitate rolak inoiz baino goiztiarragoak, zurrunagoak eta zehaztuagoak dira».

«Edozein eskola eta etxetan ikus dezakezu ume denak, mutil ala neska, 3-5 urte bete arte oso dantzariak direla. Dantza berez sortzen den emozio bat da eta, gainera, adin horietan oraindik hitzaren bidez espresatzeko zailtasunak dituzte eta beste tresna espresibo batzuk garatuagoak dituzte, adibidez dantza. Ume denak dantzatzen dira. Baina 3, 4, 5 urteko tarte horretan mutiko asko hasten da dantza uzten. Oso lotua dago hori beraien genero identitatearen identifikazioarekin. Ohartu egiten dira edo ikasi egiten dute nola tratatzen ditugun konturatuta, eta gizartean gizon eta emakumeek ditugun zenbait portaera eta rol ezberdin irakurrita. Genero identitate batean kokatzen ditugu eta genero horri lotutako jardueretan hasten dira indar egiten eta beraien genero identitateari lotuta ez dauden ezaugarriak guztiz ukatzen eta baztertzen».

Hala, «neskek dantzan eta jolas erritmikoetan gozatzen jarraitzen duten bezala, mutilak hasten dira ordura arte beraien izaeraren parte izan den atal hori beraien buruari ukatzen eta bestelako aktibitate, kirol, baloi joko eta bortizkeriarekin lotutakoetan –borrokak, bultzakadak–, trebatzen eta erosoago sentitzen».

Alerta dei bat

Ikerlariarentzat, «alerta dei bat» da. «Egindako bidea eta emandako aurrerapausoak, irabazitako espazioak balioan jarri behar dira eta zoriondu behar dugu feminismoa eta gizartea oro har. Baina kontziente izan behar dugu beste alor batzuetan, edo ‘B aldean’, kontrako norabidean ere pausoak daudela. Horiekiko kontzientzia aktibatzen ez badugu, hemendik urte batzuetara asko kostako zaigu buelta ematea, horretarako gai bagara».

«Argi dago emakumeek dantza egin dutela historiaren kontzientzia daukagunetik. Ez dakiguna da gizonezkoek dantzan egingo duten etorkizunean. Horregatik, interesgarria iruditzen zait genero identitatearen eraikuntza horri buruz tesi honek irakatsi didana. Hain zuzen ere, identitate horiek eraikiak direla eta dantzak ez daukala generorik».

Auzia benetan sakona da: «Gizonezkoek beraien buruari dantza ukatzen diotenean gizaki egiten dituen oinarrizko ezaugarrietako bat ari dira ukatzen. Ez da bakarrik beraien buruari ukatzen diotela; gizarteari berari kentzen diote berezkoa duen jarduera bat. Bik ezin dute dantzatu batek ez badu nahi. Eta gizarte bat ezin da dantzaren bidez osoki espresatu, bizi eta konpartitu gizartearen erdiak uko egiten badio horri».

Sagar-dantzariak 1930 cc
Sagar-dantzariak, 1930 cc. Argazkia: Gerardo Zaragueta.

Dantzaren balioa

Balioa ematea ere erabat zartatuta gelditzen da, ezagutzen ez dena ez delako baloratzen. «Egunotan itxialdiak eraman gaitu egunerokoan hainbeste presentzia ez daukaten beste jarduera batzuk fokuan jartzera, adibidez kantuan eta dantzan egitera. Hezkuntzan dihardutenek ere egunotan normalean baino balio handiagoa ematen diote gorputza dantzan jartzeari, mugitzeari».

Tesiaren egileak dioenez, dantzak hezkuntzarako duen garrantzia ezin da neurtu eta baloratu norberak inoiz dantzan egiten ez badu. «Beraz, gaur egun hezkuntzatik guztiz alboratuta dagoen jarduera hau, dantza, nekez hartuko da aintzat hurrengo belaunaldietan arduradunek ez badute dantza egiten».

«Planteatzea dantzak izan beharko lukeela espazio ez osagarri bat, baizik eta funtsezko bat hezkuntzan ematen du dantzari zoro batzuen aldarria dela, baina gizakiaren historiari begiratzen badiogu berehala ohartzen gara dantza beti izan dela ikasketa eredu nagusien zutabeetan: greziar ikasketetan, berpizkundeko jauntxoen eta nobleziaren ikasketetan, jesuiten eskola sistemetan. Militarrek dantza erabili dute formaziorako».

Baina duela urte batzuetatik hona ez dago hezkuntzan eta bat dator gizonak dantzaren mundutik urruntzen diren aro edo prozesuarekin. «Gizonak dantzatik urruntzeak dakar dantzak denentzat dituen balioak eta ekarpenak galtzea».

Aldi berean, egun zehatz batzuetan, gure herriko egun handietan kasu, pila baloratzen da dantza. «Hori da gure paradoxa. Baliabideak jartzen ditugun eremuetan eta gure bizitzarako funtsezkoak diren jardueretan ez dago dantzarik, baina gure burua ospatzeko, besteei harrera egiteko edo zerbait gozagarria eskaintzeko antolatzen ditugun ekitaldietan dantza beti dago hor. Gure agintariek ez dute beharrezkotzat ikusten dantza hezkuntza sisteman modu organiko batean txertatzea, baina inori ez zaio bururatzen ekitaldi instituzional gloriatsu bat bere aurreskurik gabe».

Euskal dantzetan genero identitatea nola eraiki den aztertzen hastean detektatu zuen bazegoela garai zehatz bat azkartze edo indartze handi bat gertatu zena: XIX. mende bukaeratik XX. mendearen hasierara. Ikerketa aro horretara mugatu du, baina galderak orainaldian egin ditu: «Nondik datoz ditugun muga, kategorizazio, estereotipo, rol identitate hauek?». Erantzunak aro horren eragin eta ondorioetan aztertzen saiatu da. 

Oier Araolazari elkarrizketa GARA-ren Gaur8 gehigarrian, 2020-04-25.

Metodologia

«Metodologikoki horretan lagunduko lidaketen tresnak baliatu ditut. Batetik historia, eta bertatik interesgarri gertatu zait ez bakarrik historia soziala, baizik eta oso ekarpen interesgarriak egiten ari den emozioen historia».

Bestetik, dantzaren antropologiatik hurbildu da. Eta antropologiak folklorea eta tradizioa ikertzeko eskaintzen dituen tresnak ere erabili ditu. «Hori oso inportantea da nire lanerako, dantza tradizionalaz dihardugulako eta, beraz, jakin behar dugulako zeri deitu nahi diogun tradizioa».

Eta, funtsean, zehar-lerro bezala, genero ikasketak baliatu ditu. «Teoria feministak azken hamarkadetako begirada aldatzeko gaitasun harrigarria izan du eta horren zordun erabateko da lan hau».

Oier Araolaza 2020
Oier Araolaza, Zestoa, 2020. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC BY-SA

Aurreskua

Bi dantza esparru edo errepertorio mota aztertu ditu Oier Araolazak tesian: aurreskuari dagokiona eta ezpata-dantzarien eta gorularien edo poxpolinen esparrua.

«Aurreskuaren kasuan garbi ikusi dut kategorizatzeko prozesu bat abiatu zela XIX. mendean. Neurri handi batean ilustrazioaren eraginez genero eta adin kategorien araberako sailkapen bat eraiki zen. Gizon dantza izango da garrantzitsuena edo jauntxoen aurresku hori, eta egongo dira galaien dantzak, mutil ezkongabeen dantzak, etxekoandre dantza, emakume ezkonduen aurreskua, neskatxen esku-dantza… Gizonen aurreskua izango da garrantzi handiena daukana eta XIX. mendetik XX. menderako aldaketan fokua jartzen hasiko da gizon dantza horretan eta bukatuko da ukatzen beste aurresku motarik zegoenik ere. Hala, gizon dantza bihurtuko da aurreskua».

Ezpata eta sagarra

Poxpolinei eta ezpata-dantzariei dagokienez, bi eredu eraiki dira gizonen dantzak eta emakumeen dantzak osatuz eta bakoitzari ustez genero kategoria horiei lotzen zaizkien ezaugarriak ezarri zaizkio. «Indarra, mugimendu bortitzak, hanka altxatze handiak, zenbait tresna (ezpatak, makilak), maskulinitatearen ezaugarritzat hartu dira. Eta, beraz, ezaugarri horiek dituzten dantzak gizonezko dantza bezala kategorizatu dira. Eta kontrara, femeninotzat jo diren zenbait ezaugarri dituzten dantzak, salto handirik ez daukatenak, harmonikoak, atseginak, goxoak, lasaiak, emakume dantzatzat hartu dira. Zinta dantza edo sagar dantza adibidez. Edo arku dantza baina arkuek elkar jotzen ez duten kasuetan».

Momentu horretan gizartean oro har badago generoaren naturalizazio handi bat. «Ulertzen da edo hasten da defendatzen emakume eta gizonak jaiotzez garela desberdinak eta desberdin adierazi behar dugula eta hori dantzaren bidez oso ongi irudikatzen da. Plazaren erdian gorputzarekin egiten den jarduera bat da. Beraz gorputz hori modu batera edo bestera dantzan jarriz bakoitzari dagokion genero identitate hori oso modu sinboliko argigarrian transmititzen zaio begira dagoen gizarteari». 

Garai dantzari-dantza 2005
Neska-mutilak dantzari-dantza egiten Garain, 2005eko uztailaren 31n. Argazkia: Unzueta-arregi familia.

Janzkera

Janzkerak paper garrantzitsua jokatzen du. «Adibidez, emakumeak dantzatzen zirenean txapela janzten zuten gizonek bezala, ez zelako gizonen edo emakumeen janzki bat, baizik eta jarduerarekin lotzen zena. XX. mende hasieran txapela poliki-poliki gizonezko janzki bezala kategorizatzen hasi zen eta emakumeek dantzarako ere ez zuten erabiliko. Gehienetan buruko zapiaren erabilera nagusitu zen genero markaren adierazle moduan».

Kolorearekin antzera gertatu da. «Gure dantza sistema erritualean zuria izan da gehien erabili dena, apaingarri koloretsuz lagunduta, gehienetan gorriz. Kolore uztarketa hori gero eta gehiago gizonezkoen janzkera bezala sailkatu da. Horren parean, emakume poxpolin eta gorularientzat gona gorria eta gerruntze beltzaren eredua bultzatu da».

Oier Araolazak ez du garbi emakumeek egiten zituzten dantza erritualetan gona beharrezko janzkia zen. Zenbaitetan galtzak, belaun azpirainokoak janzten zituztela ikusi du, baina momentu batetik aurrera –1911n mundu mailan zabaldu zen gona-prakaren inguruko gatazkak horren berri ematen digu–, emakumeei galtzak janztea debekatu zieten hainbat tokitan. «Erdi bideko zerbait izateko gona-praka horiek planteatu ziren, baina Bilbora iritsi zirenean izugarrizko istiluak eragin zituzten. Biolentziaz debekatu eta ukatu zieten emakumeei galtzak janztea, baita dantza erritualetan ere, eta ezinbestez, gona erabili behar izan zuten».

Oraingo dantza taldeetan generoari eta dantzari buruz gogoeta egiten denean arazo handienak jantziarekin sortzen direla aitortu du. «Hain naturalizatua eta barneratua dago gona dela emakumeek dantzarako erabili beharreko janzkia, praka janztea dantzaren testuinguruan maskulinotzat jotzen dela... Bitxia da, egunerokoan gonak ez bezala prakak ez daukalako genero markarik. Dantzaren testuinguruan neska gazteengan ere sumatzen da errefusa eragiten diela praka janzteak iruditzen zaielako hori gizon janztea dela eta ez dantzari janztea. Eraikuntzak dira; ez dago emakumeen edo gizonen janzkirik, dantzarako janzkiak dira», berretsi du tesiaren egileak.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.