Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Dantzaren sektorea eta administrazioaren arteko bilera

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren sektorea eta administrazioaren arteko bilera

2006/11/15 12:33
Oharra: Barkamena eskatu nahi diot EDBko Santi Rodriguez-i bileran parte hartu dutenen zerrenda osatzerakoan bere izena jartzea ahaztu (uste dut idatzi ondoren borratu zaidala, gogoan baitut idazten aritu izan, baina berdin dio horrek) zaidalako. Zuzendu dut zerrenda. oier.

Astelehen goizean, Kulturaren Euskal Plana (KEP) kudeatzen duen Kualitate lantaldea izeneko enpresak deituta joan gara Gasteizera, Eusko Jaurlaritzara. Iñaki Gomez-ek, Kultura Sortzeko zuzendariak eta Imanol Arana, Dantza eta Musika teknikari arduradunak egin digute harrera. Bileraren helburua aurkeztu digute lehenik eta behin. KEP definitu ondoren lantaldeak martxan jartzeko fasean omen gaude. Zertarako?
  • Plana (KEP) zein egoeratan dagoen errebisatzeko
  • Atzeratuta dauden ekintzak martxan jartzeko
  • Zenbait ekintza berdefinitzeko
  • Administrazioarekin batera elkarlanean jartzeko
  • Sektorea eta administrazioaren artean komunikazio bide bat ezartzeko
Hori guzti kontuan hartuta, gaurko bileran hiru puntu nagusi landuko dira:
  • Ekintzen egoera
  • Dantzari buruzko azterketa deskriptiboa (Xabidek egindakoa)
  • Lanerako talde operatbo batzuk sortu
Segidan, bileran gauden guztiok gure burua aurkeztu dugu. Honetxek izan gara:
  • Sabin Egiguren - Bizkai Folklor Elkartea
  • Bizkai Elkarteko beste kide bat (ez diot izena harrapatu)
  • Santi Rodriguez - Euskal Dantzarien Biltzarra
  • German eta Esti - Kualitate lantaldea
  • Ane Albisu - Ikerfolk
  • Marta Monfor - Gasteizko Udala
  • Lide Arana - Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Jon Maya - Kukai dantza taldea
  • Filgi Claverie - Dantzaz elkartea
  • Laura Etxebarria - La Fundición
  • Izaskun Santamaria - Asociación de danza contemporánea
  • Gabriel Ocina - Asociación de danza contemporánea
  • Oier Araolaza - dantzan.com
  • Faustino Aranzabal - Asoc. de prof. de danza de Gipuzkoa
  • Adolfo Yebra - Asoc. Bilbao Ballet Elkartea
  • Carmen Fernández - Asoc. Bilbao Ballet Elkartea
  • Susan Burnett - Artebi
  • Carmen Tercero - Conservatorio de Danza Jose Uruñuela
  • Iñaki Lopez - Bilboko Udala
  • Ricardo Bilbao - Bizkaiko Foru Aldundia
Sabin Egigurenek bere kezka agertu du taldearen osaketari buruz. Dantza tradizionala, klasikoa eta garaikideko eragileak batera jartzea bateragarria ote den galdetu du, eta ea ez ote den egokiagoa alor bakoitza banatuta elkartzea. Kualitate lantaldeko eta Jaurlaritzako ordezkariek erantzun dute, hori kontuan hartuta dagoela, eta aurrerago talde operatiboak erabaki dezakeela azpitaldeak deitzea, baina sektore osoa anitza dela, eta aldian behin sektore osoaren bilerak egitea interesgarri irizten dela. Gero, lan zehatzetarako gerta daiteke alor bakoitza bildu behar izatea.

KEPean jaso ziren akzioak zein puntutan dauden azaldu dute Kualitate lantaldekoek.
  1. Dantzaren egoeraren azterketa. Gaur aurkeztuko da lan horren lehen zatia. Xabide ari da horretan.
  2. Gazte konpainia. Dantzari gazteekin osatutako konpainia bat sortzeko aukera aztertzea zen helburua. Sektore pribatutik, Dantzaz elkarteak, martxan jarri du horrelako proiektu bat (Ballet Biarritz junior)
  3. Dantza-etxea. Herrialde bakoitzean Dantza-Etxea bat sortzea proposatzen zen. Dantzaren egoeraren azterketaren emaitzak ezagutu arte itxarotea erabaki da.
  4. Dantza zirkuitu finkoa. SAREAk martxan jarri du formatu txikiko produkzioen zirkuito bat, eta dantza garaikideko hainbat lan sartu dira hor.
  5. Hezkuntza. Hezkuntza sailarekin elkarlanean aritu ikasketa artistikoan maila desberdinetan zein egoeratan dauden aztertu eta bultzatzeko. EJko Kultura eta Hezkuntza sailen arteko lehen kontaktuak egi dira. Konpetentzia Hezkuntzari dagokio baina Kulturak interesgarri irizten dio hor egoteari.
Ondoren, Xabide enpresako bi langile sartu dira eta egiten ari diren azterketaren lehen zatia aurkeztu dute. Azterketak honako izenburua du: "Estudio del aprovechamiento, coordinación y creación de recursos para la danza en la CAV". Lan horren helburuak hauek dira:
  • Sormen eta produkzio alorrean dauden beharrak zehaztu
  • Ekoizpenen hedapenean dauden beharrak zehaztu
  • Baliabide berrien beharrak definitu
  • Agenteak identifikatu
  • Laguntza lerroak zehaztu
KEP-etik abiatuta, 30 lagunekin egin dituzte elkarrizketak, dantza tradizionaleko taldeak aztertu dituzte, dantza eskolak eta atzerriko ereduak jasotzen ari dira.

Orain arteko azterketaren emaitza ohiko lau zutabeetan aurkeztu digute: Ikerketa eta dokumentazioa, formazioa, sormena eta ekoizpena, eta hedapena. Zutabe bakoitzean, bi multzo nagusi bereiztu dituzte: dantza tradizionala eta dantza Ez tradizionala.

Emaitza horien laburpen azkar bat egin dute, baina txosten osoa idatziz eman digutenez ez dut gauza handirik apuntatu. Ezagun zaizkigun hutsuneak azaleratzen joan dira: dokumentazio zentrorik eza, formazio hutsuneak, difusio arazoak, e.a. Zenbait unetan gauza bat edo beste falta dela iruditzen zaigula aipatu da, baina erakusten ari diguten laburpen txiki bat bakarrik dela argitu digute, eta aipatutako kontuak txostenean jasota daudela. Hilabeteko epea izango dugu txostena aztertu eta iritziak eta proposamenak aurkezteko.

Sabin Egigurenek egoera tamalgarria dela salatu du. "Egoera larria da. Ez du inork dantza egiten. Ikuskizunak jasanezinak dira. Erakundeek beste ardura bat izan behar dute. Ez da sustrairik geratzen, ez da iturririk geratzen".  Dantza garaikidea eta klasikoari inolako garrantzirik kendu gabe, herri honen sutraiak dantza tradizionalean daudela gogorarazi du, eta erakundeek ardura berezia izan beharko luketela alor horrekin.

Nik neuk bi komentario egin ditut. Batetik, ulertu dudanagatik helburu nagusia orain arteko baliabideak nola kudeatu hobeto dela, eta hori ez zaidala nahikoa iruditzen. KEP-ak berak jasotako datuak gogorarazi ditut, Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa (miloi eurotan) kultura alorrean nolako den. Zerrenda osoa irakurri dut.
  • EITB 98.60
  • Hizkuntza politika 32.90
  • Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
  • Musika 8,55
  • Zinema 4,21
  • Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
  • Liburutegiak 2,09
  • Antzerkia 1,81
  • Agiritegiak 1,03
  • Liburuaren sustapena 0,83
  • Arte plastikoak 0,52
  • Dantza 0,47
Dagoen apur hori hobeto kudeatzea garrantzitsua deritzodala, baina dantzak hori baino gehiago behar duela, alegia, baliabide berriak behar dituela. Imanol Aranak erantzun dit lehenengo eta behin beharrezkoa dela gastatzen dena ondo bideratzeko irizpideak zehaztea, eta horrek ez duela esan nahi baliabide berriak aurrera ateratzeko aurrekonturik ez denik egongo.

Bestalde, orain ere formazioa dela gure kezka nagusiena (Adolfo Yebrak aipatu berri du oinarria falta dela, formazioa, eta Xabideren txostenean argi agertu da hori) eta nik gogoratzen dudala 1996an bildu gintuela Eusko Jaurlaritzak KEPren antzeko helburuekin, eta dantza tradizionalaren alorretik eskaera argi eta zehatz bat egin genuela: dantza-maisuen formazioa bideratzea. Baina galdera Kultura sailak egin zigunez, eta konpetentzia Hezkuntza sailari dagokionez, 10 urteren buruan lehen toki berean jarraitzen dugula. Beraz, ezinbestekoa iruditzen zaidala Hezkuntza sailarekin kontatzea. Gabriel Ocinak ere kezka bera agertu du, eta esan du bere ustez formazioaren gaia aztertzeko bilera bat egin behar bada ez lukeela zentzurik izango Hezkuntza sailaren ordezkaririk gabe egitea. Jaurlaritzako ordezkariek erantzun dute kontaktuan daudela Hezkuntza sailarekin, eta KEPa ez dela Kultura sailaren kontua bakarrik, Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean hartzen duela bere gain plan hori.

Azkenik, talde operatiboaren inguruan jardun dugu. Administrazioko hiru lagun eta dantza sektoreko hiru lagunek osatuko luketen talde bat izango dela azaldu dute Kualitate lantaldeekoek. Zenbakiari buruz galdetuta, esan dute 6-7 lagunetik gora taldea handiegia izan daitekeela lanerako, eta horregatik mugatu nahi izan dutela. Talde honek proposamenak landu beharko ditu eta ondoren sektore osoaren bilerak adostasuna eman beharko dio. Dantzako sektoretik 4 ordezkari izan daitezkeela, eta bi dantza tradizionalekoak, eta beste bi ez tradizionalekoak adostu da. Ordezkarien perfila zehaztu dute Kualitate lantaldekoek.
  • Dantza orokorrean ordezkatuko dutenak izan daitezela, eta ez bere elkartea soilik.
  • Bileretarako eta materialak lantzeko denbora hartzeko disposizioan egon behar dira.
  • Talde lanerako eta akordioetara iristeko prest dagoen jendea izan behar da.
  • Dantzaren egoerari buruzko ezagutzak izan behar dira
Egutegiari buruz galdetu du Laura Etxebarriak, eta talde operatiboa zehazteko urratsak ematen joatea proposatu dute Jon Mayak eta Gabriel Ocinak.

Enkargu hauekin atera gara bileratik:
  • Abenduaren 20rako Xabidek egindako txostenari zuzenketak, proposamenak, ekarpenak eta iritziak idatziz bidal behar ditugu.
  • Horrekin batera talde operatiboa osatzeko proposamenak bidali behar ditugu.
Otsaila inguruan deituko dute beste bilera baterako, Xabideren txostenaren bigarren zatia ikusi eta talde operatiboa martxan jartzeko.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.